Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
II. Gaztetxeak Bertsotan ekimeneko finala jokatuko da Azkoitian larunbatean, gaztetxe zabaldu berrian. Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute eta finala bera, 20:30etan da. Sei bertsolari ariko dira kantuan, bikoteka: Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua; Iradi Barrenetxea eta Aitor Tatiegi; Haira Aizpurua eta Ander Sarriugarte. Iaz, Aroa Arrizubietak eta Unax Aizpuruak irabazi zuen txapela.
Gaztetxeak Bertsotanek sei saioko bidea egin du otsailetik eta Beñat Astiz antolakuntza kideak azaldu dizkio Bertsoari finalaren eta orain arteko bidearen xehetasunak.
Finala, elkargune eta belaunaldi artekoa
Gaztetxeak Bertsotan ekimeneko finaleko egunak elkargune izateko izpiritua du Astizen esanetan eta hor kokatzen dira bazkalaurreko parte hartzaileen brindisa eta bazkaria. Aurtengo edizioan 24 bertsolarik hartu dute parte bikoteka. Belaunaldiartekotasunean ere azpimarra jarri nahi dute eta hori indartzera dator Gazteak gazteagoekin bertso poteoa, 18:00etan hasita: «guretzat garrantzitsua da belaunaldi arteko harreman hori eta interesgarria ikusi dugu gazteak belaunaldi helduagoekin kantatzea». Hiru bikote ariko dira kantuan hiru puntutan: Enara Gallastegi eta Unai Iturriaga; June Aiestaran eta Maddi Sarasua; Gorka Pagonabarraga eta Jexux Mari Irazu. Bikote bakoitzeko gazteenek, Gallastegik, Aiestaranek eta Pagonabarragak, iaz partaide izan ziren Gaztetxeak Bertsotan ekimenean.
Belaunaldiartekotasun honekin, beste bertsozale mota batengana iristeko aukera ere eman dezakeela uste du antolakuntzak.
Publikoarekin jolas jarrera eta gazteen gaiak
Gaztetxeak Bertsotanen helburuetako bat da gaztetxe giroan bertsozaletasuna indartzea eta hain bertsozalea ez den publikoa erakartzea saioetara. Norabide horretan, jolas kutsu handiko saioak planteatzen dituzte, publikoarekin konektatzeko eta interakzio hori bilatzeko. Tematika aldetik, aldiz, gazteen kezkak eta gazteen errealitateko gaiak proposatzen dituzte bertsotarako. «Agian beste zirkuituetan asko entzuten ez diren gaiak dira. Oholtzan goian eta behean gazteak egoteak laguntzen du bertsolari eta publikoaren arteko komunikazioan».
Antolakuntzak bertsolarien ikuspuntua ere zaintzen du eta bertsolariak bertsotan eroso aritzeko egoerak proposatzen dituzte kanturako. 
Publikoa epaile
Publikoa parte aktiboa da Gaztetxeak Bertsotan ekimenean eta berak betetzen ditu epaile lanak. Aurtengo finalean, ariketa bereziren batean parte hartzeko aukera ere planteatu du Astizek.
Saioak bost gaztetxe berritan aurten
Iazko edizioarekin alderatuta, zazpi gaztetxeetatik bost berriak izan dira aurten eta zabaltasun ikuspegi horrekin dihardu ekimenak. Lehen faseko lau saioak gaztetxe berrietan egin dira: Berriz, Garazi, Beasain eta Txantreako Gaztetxeetan egin dira eta erantzun bertsoa jaso dute saioek.
Finalerdiak iaz bezala Gasteizko Gaztetxean eta Bilboko 7Katu Gaztetxean izan dira, ostegunetan. Horrez, unibertsitate giroko ikasle jendea biltzeko aukera eman du eta alderdi hori ere ekarpen interesgarritzat jo du Astizek.
Azkenik, finala bera gaztetxe berri batean egingo da, hain zuzen Azkoitiko gaztetxe zabaldu berrian. Astizek azaldu du ideia Azkoitiatik bertatik etorri zela. Gaztetxeak Bertsotan tokian tokiko Gazte Asanbladekin lankidetzan antolatzen da eta ekimen osagarriak ere izaten dira. Beñat Astizek adierazi du ekimenaren helburuetako bat badela gaztetxe mugimenduari bultzada ematea ere.
Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23
Jexux Mari Irazu
Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17
Jexux Mari Irazu