Bertso potajia Donostian 2026-05-26

Donostiako bertsozaleen egun betea

Donostiako bertsozaleen egun betea

Donostiako Bertso Potajia egin zuen larunbatean Bilintxi Balantxa Bertso Elkarteak, hiriko bertsozaleen egun gisa planteatu zuena. Bertso-gosaritik afariraino dozena bat bertso ekitaldi egin zituzten, 20 bertsolari inguruk parte hartuta. Guardetxea izan zuten oinarrizko kanpaleku, otordu eta bertso bilgune. Bertsoa Donostiako auzoetara zabaltzea zen ekimenaren helburuetako bat eta Donostian bertsoaren bueltan dabilen jendea biltzea. 

Bertso-gosariaren ondoren, lau auzotan libreko saio bana egin zen ordu berean: Loiolan, Intxaurrondon, Antiguna eta Aieten, hain zuzen ere. Loiolako Hontza elkartean aurten hasiberrien bertso eskolan egon diren helduak aritu ziren kantuan euren irakasleak kantu kide zituztela. Intxaurrondon, berriz, Aiert Ordoñez eta Iosu Ordoñez aritu ziren Zulo Zahar elkarte kanpoan. Antiguan, Tolaretxipi, Alustiza eta Aranburu aritu ziren Matia kaleko eliza atarian eta Aieteko Munto plazan Urdapilleta eta Mujika.

Auzoetako saioen ondoren, Easo plazan jaialdia: Nerea Elustondo, Asier Ibarguren, Andoni Otamendi eta Iker Ormazabal Tturko, Gorka Segurola gaiak jarrita. Jarraian, bazkaria eta sortak Guardetxean. Besteak beste, Estitxu Fernandezek eta Iñigo Olaetxeak ondua, eta Zurriola Ikastolako haurrek eginak, Bagera elkarteko bertso eskolakoenak, bertso zahar ezagunak, tartean, Bilintxenak eta Rosario Artolarenak...

Arratsaldean, Bilintx kalean, balkoitik balkoirako saioa, aurten 150 urte betetzen baitira Indalezio Bizkarrondo Bilintx hil zenetik. Beñat Gaztelumendi eta Manex Mujika ziren izatekoa, baina bertsolari añorgatarren ezin etorria medio Andoitz Urdapilletak kantatu zuen haren ordez. Bertso afaritan, Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Peru Aiartza eta Manex Mujika aritu ziren kantuan, Ander Aranburuk gaiak jarrita, Guardetxea beteta zela. 

Helburuak beteta, datorren urtean berriz
Antolatzaileak pozik gelditu dira Donostiako Bertso Potajiak izan zuen harrerarekin. Jarritako helburuak bete izanaren sentsazioarekin bukatu zuten eguna Guardetxeko bertso afarian. Honela agurtu zuen eguna Peru Aiartza bertsolariak: «Bilintx zaharra lurpean dago ta zaila da ateratzen/ nahiz eta berak emandakoak bizirik diren geratzen/ Gaztelumendi anaiak ere pixkana badoaz zahartzen/ Donostiako elite hortan horren zaila dago sartzen/ azkenaldian bertso giroan badabil zerbait eratzen/ zer kantatua daukan hirian, nor kantatua behar zen».

(Argazkiak: Andoitz Urdanpilleta)

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu