Bertso jarriak 2026-09-10

"Zuri" Lazkao Txiki bertso-paper lehiaketako sorta irabazlea, Ekaitz Goikoetxea egileak kantatuta

xdz4_gra_20260906ordizia_au_ekaitzgoikoetxea_bertsopaperlehiaketa.mp3.mp4
35. Lazkao Txiki bertso-paper lehiaketan helduen lehen saria eskuratu du Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak. Bertso sortan, zaintzaile migrante baten paperetik ari da Goikoetxea. Bertsoarako audioz ere grabatu digu sorta irabazlea.

            ZURI


Doinua: Gaur udaberri bat dabil  (Papá cuéntame otra vez)

1.- Zuri, hetero, aberats,
ezkertiar, euskalduna,
hiru alabaren aita,
otsailetik alarguna;
premiak oraineratu
dizunez etorkizuna,
aurrerantzean zurekin 
igaroko det eguna. 
Gaur Emerlina naiz, bihar
agian zure laguna
etxea ta ipurdia
garbituko dizkizuna.

2.- Jainko-jainkosa guztiei
eginagatik erregu,
gure urteek dituzte
urtaro adina negu.
Sinetsarazi ziguten
Goierri ez dela Peru,
baina laguntzak laguntza
ta maileguak mailegu,
zuen bazter-lanetara
kondenatuak gaude gu,
dirurik ez izatea
garesti ordaintzen degu.


3.- Nahiz ezagutzen ez nauten 
aho-begiek epaitu   
eta egin alper, lapur
ta gisako hainbat aipu, 
borrokarako grina ta
indarra ez zaizkit ahitu, 
ongizateak ardura 
handia eskatzen baitu. 
Nik bizitzen segi nahi det 
ta zuk bizirik jarraitu,
behar ezberdinak baina
beharrak elkartzen gaitu.

                   
4.- “Saiakerak saiakera
 ta ahaleginak ahalegin,
beltzaran ipurtarinak
ez dizkinagu atsegin”,
“Gazte lepattentte horrek
karrerarik ba ote din?”
Gorrotoa asaldura
inpotentzia barne-min;
gizon belaxka guztiok
egin ohi dezue berdin
singularrean pentsatu
ta pluralean hitz egin.


5.- “Osasunari luzetxo
egingo zaio urtea”,
“Konpondu dute biloben
eskolako itutea”,
“Azkeneko urteotan
zein da Palmako dukea?”
Axalekoa da gure
informazio trukea;
kontua da batek esan
ta besteak entzutea,
ezertaz ez aritzeko
edozertaz jardutea.

 

6.- Makulua ta gurpildun
aulkia aldamenean,
neurologoarenera
Zumarragara trenean;
ostiralean dentista,
fisio astelehenean,
agenda ibiltariak
ez al gara azkenean?
Eguzkitik eguzkira
jardun behar da lanean,
hainbestean bizitzeko
hainbeste behar denean.


7- Lehenengoz zuen etxean
jo nuenetik aldaba,
bidean aurkitu ditut
geltoki hainbat parada:
umeen eskolatzea,
errolda, bekak, euskara…
Nere pausoen zalantza,
zure eskuen dardara.
Izan, nor bere burua
baino gehiago bagara,
egokitzea elkarren
arnasera ohitzea da.

 

8.- Zabaltzen dugun leihoa
ixten diguten atea,
gero ta garestiago
dagoen borondatea;
bi logela, telebista,
hozkailu erdi-betea,
seme-alabak lokartu
ondoreneko bakea…
egunean bi otordu
egin ahal izatea,
uki daitekeen ametsa
da errealitatea.


9.- Feminismoa oinarri,
borroka aldarrikapen,
ea asmatzen dedan fin
eta egoki esaten.
Nola errukiak grisa
bakarrik zuri dezakeen,
beltzek ere gorritzeko
aukera izan dezaten,
eskuzabaltasun keinu
hoberik ez da izaten,
saiatu ez daukanari
ez daukazuna ematen.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-11

Nerea Elustondo, hortzak zorroztuta Eibarrera bidean

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta