Bertsoa.eus-ek 20 urte 2026-10-01

“Bertsoa.eus-en bertsolaritzaren aniztasuna zaintzeko ardura oso zorrotz hartu izan dut beti”

“Bertsoa.eus-en bertsolaritzaren aniztasuna zaintzeko ardura oso zorrotz hartu izan dut beti”
Bertsoaren plaza digitalak hogei urte bete ditu aurten. Urteurrenaren aitzakian, proiektuaren sorreraz, egindako bideaz eta bertsolaritzaren komunikazioaren erronkez hitz egin dugu Jexux Mari Irazurekin. Utzi berri ditu Bertsoako arduradun lanak.

Irati Egibar Izeta

Duela 20 urte sortu zenuen Bertsoa.eus. Plazaz plazako jardunaren isla den interneteko proiektua; bertsoaren plaza. Zein helbururekin sortu zen?
Modu esperimentalean sortu nuen, sarean bertso-plaza digitala antolatzeko aukerak egon zitezkeela iritzita. Beti ere, benetako plazaren osagarri. Bertsolaritzari buruzko komunikazio proiektu tematikoa izateko bokazioa zuen: bertsoak, informazioa eta zuzeneneko emisioak, eta hiru ardatz horiei mantendu zaie 20 urtean. Orain adimen artifiziala etorri da, eta hor kokatzeko lanketa bat ere egin da.

Nolakoak izan ziren hastapenak? Zer nolako harrera eta oihartzuna izan zuen, eta zein baliabiderekin aritzen zinen?
Egia esan, hasieratik sumatu nuen harrera ona. Proiektu autonomo gisa sortu arren, fase esperimental horretan garbi gelditu zen Bertsoa.eus-ek Bertsozale Elkartean txertatua eta ardaztua egon behar zuela, bai irizpide aldetik, bai bideragarritasun aldetik. Hastapenei lotuta, Beñat Gaztelumendi aipatu nahi nuke, bidearen parte handi bat elkarrekin egin dugulako. Agin Laburuk eta Naiara Arreseigorrek ere lagundu zuten hasierako etapan. Gero, Bertsozale Elkartean txertatuta, Elkarteak Bertsoa.eus proiektu estrategikotzat jo izana eta hedapen sail oso bat egituratu izana gakoa izan da egin duen bidea egiteko. Bertsoak estrategia eta apustu horri zor dio azken 12 urteko bidea.

Ordutik hona aldatu da testuingurua eta, ondorioz, bertsolaritza… Bertsoaren helburua, baina, aldatu da?
Testuingurua, baliabideak, alde teknikoa eta eduki diseinua beti doaz aldatzen. Baina sakoneko helburua, irizpideak eta ikuspegia uste dut hasierako berak izaten jarraitzen dutela: bertsolaritza eta bertsogintza bere aniztasun osoan zabaltzeko komunikazio proiektua izatea, bertsolaritza bere baitan ardatz duena.

Plaza guztietara iristea ez da erraza izango. Nola erabakitzen duzue zer jaso eta zer ez? Praktikan nola antolatzen zarete horretarako?
Urtean, alde-aldera: 130 bertso ekitaldietako bertsoak bildu eta zabaltzen dira Bertsoa.eus-en. 1.400 bertsoaldi inguru. Bertsozale Elkartearen hedapen irizpideen arabera jaso eta zabaltzen dira: aniztasun ikuspegi hori dago oinarri-oinarrian, Bertsozale Elkartearen zehar-lerroekin gurutzatuta. Zabalkunde datuak ere adierazgarriak dira: urtero 100.000 erabiltzailetik gora izan ditu azken 15 urteotan, eta 350.000-500.000 bisita. Sare sozialetan, 2025ean, adibidez, 4.000.000 ikustalditik gora izan zituen.

Jasotzea aipatu dugu. Bertsoa.eus-ek dokumentazio eta memoria lan handia ere egiten du. Hasieran kontziente zineten urte batzuk geroago artxibo horrek izango zuen balioaz?
Bai noski, hori ere Bertsoaren muinean egon da 20 urteotan. Hogei urteko bidea eginda, 20.000 bertsoalditik gora daude, ehundaka bertsolariren bertsoak, plazan erabili diren 400 doinu, Euskal Herriko eta herrialdeetako txapelketak… Plazako bertsolaritzaren korpus oso bat, bertsozaleen eta gizartearen eskura.

Ikus-entzunezkoa ere aldatu da 20 urte hauetan. Horrekin batera, digitalizazioak eta sare sozialek bertsolaritzaren kontsumoa ere aldatu dute. Gaur egun jendeak beste modu batera kontsumitzen ditu bertsoak?
Axaleko joerak beti aldatzen doaz, garaian garaiko moda teknologiko eta kontsumo ohitura bideratuen arabera Bertsoa.eus-i dagokionez, azkar egokitzea eta ondo kokatzea izan da Bertsozale Elkartearen apustua. Baina, axalekoez gain, sakoneko joerak pozgarriak ere badaude: bertsolaritzak bertsoa bizi eta modu intentsoan kontsumitzen duen komunitate trinkoa ere badu. Altxor handia da hori. Dena ez da likidoa eta zapping-aren kultura.

Eta kontrara: zer izan da zailena? Zein erronka handiri egin behar izan diozue aurre urte hauetan?
Esango nuke zailena dela bertsolaritzaren aniztasunean ondo kokatzeko ariketa etengabe hori. Hori oso zorrotz hartu eta bizi dut beti. Ardura horrek etengabe eskatzen dizu bertsolaritzaren ezagutza zabala eta sakona barneratzea, berritzea, momentuaren irakurketa eta irakurketa historikoa gurutzatzea, ekosistema barruko elementuen pisu informatiboa ponderatzea, sentsibilitate bakoitzak bere ekarpena bere ahotsetik egiteko bideak bilatzea, integratzea, etengabe presente izatea bertsozalegoa askotarikoa dela.... Nire ustez, hor jokatzen da Bertsoa.eus-en benetako partida, bertsolaritzan izan behar duen erreferentzialtasunari eta sinesgarritasunari dagokionez.

20 urte hauen ostean, proiektua utzi berri duzu. Atzera begiratuta, zer sentipen geratzen zaizu? Zerekin geratzen zara?
Hogei urteko bidean asmatu izanaren eta lan on bat egin izanaren sentipenarekin noa. Bertsozale Elkartearen proiektu osoaren baitan, uste dut Bertsoa.eus-ek asmatu duela bertsolaritzaren zabalkundean eta belaunaldi berrien transmisioan dagokion funtzioa betetzen. Horrekin gelditzen naiz. Bukatzeko, eskerrak proiektuaren hasieran bidelagun izandako guztiei, lankideei, Bertsozale Elkarteari eta baita beren laguntza eman dute erakunde publiko zein pribatuei ere.

 

Albiste gehiago

EHBT26 2026-09-27

Ane Labaka sendo Gernika-Lumora

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-09-26

Oier Etxeberria, erregulartasunaren trenean Miarritzera

Igotz Alkorta Irastortza

Zutabea 2026-09-25

Zazpigarren alaba, ezberdina

Ainhoa Markinez Arruza