Arabako txapelketa 2008-03-17
Bi orduko saio ederra osatu zuten aramaioko kultur etxean lehiatu ziren bertsolariek. Atzo jokatu zen azken finalerdia eta 150 lagun inguru bildu ziren aramaioko kultur etxean. Bertako Iker Agirre eta Andere Arriolabengoak lan bikaina egin zuten baita Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita eta Ruben Sanchezek ere. Urduritasuna alde batera utzita, bertso saio erregular eta borobila burutu zuten guztiek.
Lierni Altuna gai jartzailearen esanetara, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso osatu zituzten ofiziokako lanetan. Horietan aipagarriena lehenengo ariketan Iker Agirre eta Zigor Enbeitak egindako lana da: biek zuten bikote harremana hautsi berri dute. Zigor arnasberrituta dago baina Iker Agirre bakarrik sentitzen da.
Zigor
baina nola egon zintezke zu
laguna gaur horren itsu
zure buruan kriston kristoa
bene benetan daukazu
horren triste ta horren bakarrik
bizi baldin bazara zu
etorri nirekin juergan eta
laster pasatuko zaizu
Andere eta Ruben drogomenpekotasunaren bi aurpegi ezberdin izan dira aurrez aurre. Juan Mari Juaristi eta Rikardo gaztetxoen inguruan jarri ditu Liernik. 16 urteko gaztetxoak kondoia eskatu die eta eman ala ez, horren kinkan aritu dira kantuan.
Zortziko txikiko ofizioan aramaioarrak sartu dira emandako roletan hoberen. Aiton amonak lehendabizikoz hegazkinera igotzeko puntuan jarri ditu Altunak. Andere hegazkinera igotzeko prest agertu da ausarki; Ikerrek ordea, ez zuen hain garbi:
Andere
Uste nuen nuela
gizon bat nik maisu
baina etxetik irten
kexu eta kexu
bagoaz eta kitto
kasu egidazu
mareorako pastillak
hartu al dituzu?
Iker
zer zaigu guri orain
buruetan sartu
goitik behera jauzita
behar gara akatu
gure edadean hobeto
ez al da, barkatu,
ortu bat egin eta
letxugak landatu?
Seietarako gutxi falta zela, hamarreko txikiari heldu dio finalaurreak.Rikardo eta Iker dietista baten itxarongelan egin dute topo. Rikardok kiloak sobera eta Ikerrek faltan. Zigor eta Ruben medikuak, aldiz, ospitaleko tabernan elkartu dira. Zigorrek eguna ahaztu nahi du eta Rubenek ospatu.
Zigor
beraz zure argia
da nire iluna
ta nire tristezia
zure alaitasuna
bizitza honek al du
benetan zentzuna?
agur ta bihar arte
banoa laguna
ea mejoratzen den
biharko eguna.
Ruben
tristurakin ez segi
zure jo takean
mejoratuko zaizu
halako batean
ta bihararte ez esan
hori dut kaltean
ume berriaz hemen
nago poz betean
ta enaiz itzuliko
hiru hilabetean!
Puntu erantzunak aisa joan dira eta bakarkako lanak, bide beretsuetatik. "Takillatik gauza guztiak kutxa batean sartzen ari zara. Zure azken lan eguna duzu" entzun da gaijartzailearen ahotik. Eta denen artean, Juan Mari Juaristi izan da jubilazioaren gaia baztertu eta etorkinen egoerari so eginez, bakarkakoan nabarmendu dena.
Aramaio txapeldun.
Iker Agirrek dotore jardun duen arren, epaileek ez dute finalean sartu. Hala ere, aipatzekoa da bere etorria. Dotore eta zuzen aritu da ordea, Andere Arriolabengoa ere. Eta berak bete du lehenbiziko postua. Aretoan eskegitako hiru pankartek ere izango zuten zerikusia aramaioarren saioan. " Ahuntzak baño gorau igo biok, Pako!" eta " Andere eman egurra aker kuadrilla honi!" lemak aldean, goia jo dute. Andereren sorta hurrengoa:
40 urte pasatu ditut
neronek lanean jada
sentitu ditut poza, negarra
eta askotan zirrara
nahiz ta bidean aurkitu diren
espero ez beste traba
kutxa betetzen ateratzen zait
gaur aurpegian algara
60ak bete ditut ta
jubilatzeko ordua da
Dirua behar dugula eta
lana da horren baldintza
bizirauteko horixe baita
langileontzako giltza
jadanik esan diet kideei
penetan nik azken hitza
nahiz askorentzat jubilatzea
izaten den hain bortitza
oraintxe hasten baita benetan
zorioneko bizitza
Txalo zaparradak ugari eta gazteak, gehienak. "Aupa Ruben!"en bat entzun da publikotik. Lehenengo sailkatu da,beraz, 310,5 punturekin andere arriolabengoa;308 punturekin Zigor Enbeita; 307 punturekin Juan Mari Juaristi; 304 punturekin Ruben Sanchez; 299,5 punturekin Iker Agirre eta 293,5 punturekin, azkenik, Rikardo Gonzalez de Durana.
Puntuak puntu eta epaiak epai, erabakia dago zeinek kantatuko duen apirilaren 5ean Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den finalean. Bertan lehiatuko dira txapela jantzi nahian, Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Oihane Perea. Arratsaldeko 17:00etan egingo da, eta sarrerak aldez aurretik lortzeko, Arabako Bertsozaleen Elkartean izango da aukera.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24