Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Lau hamarkadako sarea
1987ko ekainaren 18an sortu zuten bertsolariek eta bertsozaleek Euskal Herriko Bertsolari Elkartea eta 1995ean hartu zuen Bertsozale Elkartea izena.

Plaza da bertsolaritzaren aurpegi ezagunena, baina oholtza gainetik haratago doa Bertsozale Elkartearen jarduna. Ikastetxeetan, bertso eskoletan, komunikabideetan, dokumentazio lanetan eta ikerketan egiten den lana kate bereko begiak dira. Guztiek helburu bera dute: bertsolaritza bizi-bizi egotea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea.Herrigintzatik sortutako mugimendua izanik, tokian tokiko errealitatetik eraiki du bere egitura. Gaur egun sei lurraldeetako elkarteek osatzen dute Bertsozale Elkartea, eta bakoitzak bere lurraldeko jarduna garatzen badu ere, denak proiektu beraren parte dira. Ez da egitura administratibo bat; elkarlan sare bat da. Horrek ahalbidetzen du bertsolaritzaren beharrei herriz herri erantzutea, ikuspegi nazionalari uko egin gabe.

40 urtera bidean
2027an 40 urte beteko ditu Bertsozale Elkarteak. «Urtebetetze guztiek adierazten duten berbera, bizirik dagoela eta bidea egiten jarraitzen duela», dio Oier Iurramendi Etxeberria Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. Haren esanetan, lau hamarkada hauetan Elkartea eta gizartea asko aldatu diren arren, hasierako egitekoak bere horretan dirautela aitortu du Iurramendik: «eraldatzen joan arren, oinarri beraren gainean ari gara lanean: bertso mugimenduak autoantolatzen duen egitura bat da Bertsozale Elkartea».
Sare horrek askotariko lanak hartzen ditu bere baitan. Sustapenak plaza elikatzen du; hezkuntzak belaunaldi berriak bertsolaritzara hurbiltzen eta bertsozaletzen ditu; komunikazioak eta hedapenak bertsoa jendartera eta etxeetara eramaten dute; ikerkuntzak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak ondarea bildu, gorde eta zabalpenerako esku-eskura uzten dute; koordinazioak eta administrazioak, berriz, eguneroko jardunari eusten eta oinarri zein oreka ekonomikoa ematen diote. Lan eremu bakoitzetik norabide berean ari dira sail guztiak: bertsolaritzaren etorkizuna orainetik eraikitzen.
Horregatik ulertzen du Bertsozale Elkarteak bertsolaritza kultur adierazpide bat baino gehiago dela. Kulturgintzatik egiten du lan, euskalgintzan ere eraginez, eta lurraldetasuna, belaunaldiartekotasuna nahiz feminismoa zehar-lerro ditu bere proiektu osoan. Ez dira egitasmo jakin batzuetara mugatzen diren irizpideak; Elkartearen jardun osoa zeharkatzen duten oinarriak dira.

Txapelketa
Lau urtean behin, lan horrek guztiak une berezi bat izaten du: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Bertsolaritzaren hitzordurik entzutetsuena da eta milaka lagun biltzen ditu plazetan nahiz pantailen aurrean. Ikuslearentzat hiru hilabete inguruko egitaraua da; Bertsozale Elkartearentzat, ordea, urteetan eraikitako lan kolektiboaren erakusgarri.
Txapelketa prestatzea ez dagokio sail bakar bati. Sustapen taldeak gidatzen du prozesua, baina harekin batera aritzen dira komunikazioa, dokumentazioa, koordinazioa, administrazioa eta herrialdeetako Bertsozale Elkarteak ere. Horiei gehitzen zaizkie boluntarioak, gai-jartzaileak, epaileak, aurkezleak eta bertsolarien inguruan lanean ari diren dozenaka lagun. «Dinamika hori guztia sostengatzen duen komunitatea da ikusten ez dena», azaldu du Iurramendik. Gogorarazi du Txapelketek urtean egiten diren bertso saioen %5 eta %7 artean baino ez dutela hartzen, eta gainerakoak plazako saioak direla. «Antolatzaile bakoitzak, batez beste, urtean saio eta erdi» antolatzen dituela nabarmendu du komunitate horren tamaina eta indarra azpimarratzeko.
Berrogei urte beteko dituen honetan, atzera begiratzeak egindako bidea neurtzeko balio du. Aurrera begiratzeak, berriz, erronka bera gogorarazten du. «Erronka nagusia bertso mugimenduaren kohesioan asmatzea izango da», dio Iurramendik. Haren ustez, bertsolaritzaren aniztasuna mugimenduaren aberastasun handienetako bat da, baina proiektu bateratu batean biltzeak etengabeko lanketa eskatzen du. «Ez da erraza halako ibilbidea eta itzala duen Elkarte handi batean», aitortu du. Horixe da, azken batean, Bertsozale Elkarteak lau hamarkadatan eraiki duen proiektu kolektiboaren funtsa.

txapelketa 89

1989ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio bat

Bertso Eguna, Kursaalera bueltan
Zortzi urteren ondoren, Bertso Eguna Kursaalera itzuliko da datorren urtarrilaren 30ean. 2018an egitasmoaren izaera berritu zen: Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz, egitasmo ibiltaria bihurtu zen, eta ordutik hainbat herritan ospatu da.
Bertso Egunak ibilbide luzea du atzean. 1968an sortu zen, Donostiako Udalaren ekimenez, Bertsolari Eguna izenarekin. Hasierako urteetan garaiko bertsolariei omenaldia egiteko eguna izaten zen. 1987an, Elkartearen sorrerarekin batera, Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolakuntzaren ardura, betiere Donostiako Udalarekin elkarlanean. 1995ean, berriz, egunak izaera berria hartu zuen: omenaldi kutsua alde batera utzi, Bertso Eguna izena jarri eta bertso komunitate osoaren topagune bihurtu zen. 2018ra arte, urtero Kursaalen ospatu zen.
2027an, salbuespenez, sustraietara itzuliko da eguna. Bertsozale Elkartearen 40. urteurrena ospatzeko, bertso ekosistema osoa Kursaalerako elkartzeko gonbita egin du Elkarteak. Bertsoa izango da egunaren ardatza, eta, horretarako, egun osoko egitaraua prestatzen ari da propio osatutako antolakuntza batzordea.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-04

Julio soto, ofizioetan eutsi eta bakarlanean erakutsi

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-10-03

Saioa Alkaiza, hitzekin irudiak eraikiz

Igotz Alkorta Irastortza