None 2026-10-31

Frankenstein doktorea eta munstroa, gorputz bakarrean bertsotan

Frankenstein doktorea eta munstroa, gorputz bakarrean bertsotan
Nerea Ibarzabal Eibarren, kantuan. MAITANE CAMPOS | XDZ
Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du bigarren finalaurrekoa, 740 punturekin. Kantxa luze-zabal beteta, Frankensteinen munstroa jo zuen tximista bezala aritu dira sei bartsolariak Eibarko Ipurua kiroldegian. Igotz Alkorta Irastortzak egin ditu gai-emaile lanak.

Ane Zuazubiskar Iñarra

 

Hasierako agurrean Victor Frankenstein eta bertsoa parekatu ditu Ibarzabalek, eta saio bukaerarako, barruko munstro guztiak lanean jarrita irabazi du Eibarko saioa Nerea Ibarzabalek: “Bertsoa balitz Victor Frankestein/ gure puska onak batzen/ osatzen dugun izakiari/ izarak kentzera goazen:/ Hitzez Artetxe, senez Iguaran/ Martinen grina/ du begiradan,/ Igotz oinak bideratzen./ Bi birikatan Nerea bana/ bat kea dabil botatzen,/ eta Azpiren bihotz xamurra/ lehen arkume batena zen./ Lagunduiguzu gaur Ipurua/ izan nahiaren argi purua/ gorputz osora drenatzen/ eta munstroa esnatzen”. Atzetik, lehen finalaurrekoko hirugarren bertsolariak baino puntu gehiago eskuratu dituzte Eibarko irabazlearen osteko lau bertsolariek: 722 puntu Alaia Martin Etxebestek, 713,5 Miren Artetxe Sarasolak, 701,5 Oihana Iguarana Barandiaranek eta 696 Nerea Elustondo Plazaolak. Puntutan koska bat beherago gelditu da Asier Azpiroz Iztueta, 642,5 punturekin. 

Saioa hasita, umerik ez izatea erabaki zuten bi lagunen ahotik aritu dira Martin eta Iguaran zortziko handian. “Gu emakume osoak gara, haurrak eduki ala ez” ekin dio Martinek bertsoaldiari, eta lehen bertsoa biribil bukatu du Iguaranek: “Arroza pasa behar zaidala / datozkit haur bat sustatzen,/ ta ja ez dakit nola azaldu,/ ez zait arroza gustatzen”. Armagintza enpresa batean erretiratu ziren bi langile izan dira Ibarzabal eta Artetxe, eta erreferentziaz jositako bertsoaldia osatu dute elkarrekin. Haiek egindako kanoien zarata ez dela isildu azpimarratuz hasi da Ibarzabal, eta Artetxek horri lotu dio erantzuna: “Baina Europan egin armek ez/ dute europarrik hiltzen”. Bigarren bertsoa hala errematatu du Ibarzabalek: “Gure umeak hazi ditugu/ besteen umeak hilez”. Finalaurrekoaren ordu berean Ipuruan jokatzen ari zen futbol partidari aipamena egin dio ostean Ibarzabalek: “Baina armagin gehiago dauden/ futbol taldeak badira”. Artetxek itxi du bertsoaldia, bakea gerra bezain errentagarri egin beharra aldarrikatzen. 

Zortziko txikian azkartu da saioaren erritmoa. Jardunaldi zientifiko baten hasierako politikarien hitzaldiak entzuten ari diren bi ikertzaile izan dira Azpiroz eta Elustondo. Ale zorrotzik utzi du Elustondok: “Lore botatzen jardun zaizkigu/ belarriak puzteraino,/ gaurko luntxean gehio gastatuz/ gure ikerketan baino”. Eta hala erantzun Azpirozek: “Politikoei ez zaie axola/ horrelako kontu zaharrik,/ ze hauei zifrak axola die,/hauteskundeetan bakarrik”. Azpiroz aitak tronpeta klaseetan ikasitako erakusteko deitzen dio Iguaran alabari, eta telefonoz ari zela hala galdetu dio alabak: “Ez al dizu balio/ telefonoz jota?/ Hemen muteatzeko/ aukera dago ta”. Bizilagunak kexaka dituela kantatu dio Iguaranek, eta horrela erantzun du Azpirozek: “San Inazion martxa hasi ta bukatu, zuk dena entzunzazu,/ gero baloratu”. Medikuaren azalean jarri du gaiak Artetxe, eta parez pare izan du Elustondo, sintomak Interneten begiratzen dituen pazientea: “Internetek zuk baino/ gehio daki pentsa:/ uste baino okerrago/ dago Osakidetza”. Barrez lehertu du kiroldegia Artetxek bere azken bertsoan: “Larrutan bazabiltza/ beti amarruka,/ ta BDSMa/ latigo hartuta, /ta baldin badauzkazu/pezoiak lehertuta…/ Nerea ez da ba izango/ ba grebaren kulpa”. Baina Miren zer da nik/ egin behar dudana?/ Behingoz bidal nazazun/ psikiatragana”.

 

Lurrera jaitsitako bertsoaldiak

Tanatopraxilari baten ahotik egin du bakarkako ariketa Martinek. Eguneko hirugarren gorpua makillatzen ari zela, hala osatu ditu bertsoak, Eibarko saioan bertan plazaratu duen doinu berrian. Azken-aurreko puntuan hirutan errepikatzen du bertso-lerroa doinuak, eta azken bertsorako, kantxa lagun kantatu du Martinek: “Hainbeste gorpu laztanduz/ estimatzen dut bizitza”.

Herriko plazan “Etorkin gehiegi euskararentzat” pintada irakurri duen euskaltzalearen ahotik hiru bertso zorrotz kantatu ditu Iguaranek. Buelta biko errepikapenak lagunduta, zorrotz aritu da Iguaran: “Zein izan leike herri bat/ definitzeko kabida?/ Euskara hiztunok gara/ ta euskara hain handi da./ Gerturatzeko prest dauden/ guztiak kabitzen dira/ guztiak kabitzen dira/ ta euskara hain handi da”. Lanerako egunero egiten duen ordu erditik gorako bidean istripu larria ikusi du gaur ere Ibarzabalek. Ordezkapenak egiten dituen irakaslearen azalean jarri du bere burua: “Ta goizero esaten dut/ gaur zortea lagun bekit,/ urrutiko herri baten/ lan eginez irailetik./ Autopistak maiz hartzen nau/ ni egoera zailetik/ istripuai izkin egin/ rotonda borobiletik…/ Heriotzak gidatzen du/ nire ondoko karrilletik”. Deskribapen xehea egin du, ohi duen gisan irudiak ekarriz: “Anbulantzia hor dago/ ta trafikoa geldoa,/ mediku pare bat dabil/ lanean erdi eroa./ Eta izara azpian/ pertsona baten beroa/ agian albisteetan/ bihurtzear numeroa./ Irakasleen sistema/ sailarentzat hain sendoa./ Baina gazte prekario bat/ berriz kaminoan doa,/ eta ez banaiz iristen/ gaur klaustrora lehenengoa/ azkar bidaliko dute/ zerrendako hurrengoa”. Hala itxi du bertsoaldia: “Han egongo da nire zain/ hogei ikasleko gela,/ beraien Chromebook, liburu,/ apuntea ta arbela,/ ta ni oraindik dardaran/ eta ahoa umela…/ Esango dut historia,/ aspaldian hasi zela./ Gero kafea ta gero/ patioko errezela,/ heren triste bat jornadan/ ta halere zorte itzela./ Amari idatzi diot/ goiz guztietan bezela,/ euria ari duen arren,/ ondo iritsi naizela”.

Munduko Txapelketa batean lehen aldiz Euskal Selekzioarekin jokatu duen pilotariaren ahotik kantuan jarri du gaiak Artetxe. Irunen jaio eta Hendaian jokatu duen pilotariaren azalean jarri, eta hala kantatu du bigarren bertsoa: “Denok batera aritzea zen/ hastapeneko erronka,/ baina iritsi zen federazio/ ta estatuen boikota,/ ta EAEren garaipena ta/ beste guztien porrota./ Argentinako final handia/ ez zait askorik inporta/ nahiz irabazi dudan gaurkoan/ ni berez nago lur jota,/ nere herriaren alde arituz/ nire herriaren kontra”. Entzuleen txalo artean amaitu du bakarkako ariketa: “Beraz ditzagun gure banderak/ ta kamisetak erantzi,/ finalak eta partida honek/ ez du hainbeste garrantzi,/ nahiz eta nire lagunak dauden/ bibaka ujuka kasi,/ez dugu ezer ospatzeko ta/ ez dugu deus irabazi”

Denda itxiko duen saltzailearen paperetik aritu da Azpiroz azkenaurreko ariketan: “Soldatarikan ezin det lortu/ autonomo izatean./ Itxurakeri pixka pixka bat/ ez al dago gizartean?/ Bai Durangoko atean/ mila eskaparatean/ baina faltsutik ez ote dauka/ ta haize pixkat tartean?/ Nigana ez da inor etortzen/ astelehen txoro batean”. Herrikideei begira kantatu du azken alea: “Kalera irten ezkero/ asko hortxe datoz bero/ disgusto latza hartu dutela/ ta ez zutela espero/ jende mordoxka gerturatu zait/ baina itxi eta gero”. Elustondo berriz, mugimendu politiko baten kidearen larruan sartu da; parte hartzen duen mugimenduan polizia infiltratu bat dagoenaren susmoa du. Bigarren bertsoa horrela amaitu du: “Ekintza hondatu zaigu/ jada zazpi aldiz ia,/ askatasuna denean herri baten gutizia,/ dena izorratzeko gertu/ beti hor dago polizia”. Gaiari buelta emanda, horrela amaitu du: “Barruraino sartu bada/ bihurtu nahiean sator,/ bale ikusiko dugu/ nork harrapatzen duen nor” 

Hamarreko txikian ere bizi aritu dira bertsolariak, bakarkakoetatik ofizioetara itzulita. Bikote erretiratua izan dira Ibarzabal eta Azpiroz; lehenak eguraldi epeleko lekuren batean pasa nahi ditu hilabete batzuk, bilobekin gelditu nahi du bigarrena. Martinen bakarkakoarekin lotu du bigarren bertsoa Ibarzabalek: “Zuk ahaztu umeak,/ actimel, bokata,/ morena egon nahi dut/ etapaz etapa/ ahal dela hil orduko, egon nahi dut guapa”. Paperean bete-betean sartu da Azpiroz, eta eskertu diote entzuleek: “Ta etxean bezala/ ez da egoten inon,/ Nerea egin nahi diet/ bilobei jaramon/ (…) nere seme-alabekin/ ez bainintzen egon”. Bereari eutsi dio Ibarzabalek: “Goazen ume ta guzti,/ denak hainbestean,/ zuek hotel batean/ eta ni bestean”. Bokadilloa janez Eibarren itxarongo diola kantatuz itxi du Azpirozek bertsoaldia.

Saio betea osatu dute bertsolariak, eta koskak koska, entzuleak bapo bezain gehiagoren gosez etxeratu dira Eibartik. Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren atarian. Eibarko bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak astelehenean izango dituzue eskura.