Zutabea 2026-10-29

"Bertso Udalekuak berezi egiten dituena datorren gazte taldea da"

"Bertso Udalekuak berezi egiten dituena datorren gazte taldea da"

Izaro Bilbao Arostegi

Bertso Udalekuen magia deskriba dezadan eskatu didate. Ez nago ziur zerbaiten magia deskribatzen denean ez al den hitzetatik labaintzen magia bera. Ez al zaigun eskuetatik joaten. Ez al den politena hori, eskuetatik joan dadin.

Bertso Udalekuengatik hasi nintzen ni bertsotan, ezan daiteke. Bertako ume naiz bertsolari gisa, bertan jaio zen Izaro bertsolaria. Mungiatik nentorren, nire adineko kiderik gabe ia, euskaraz lasai hitz egiteko espaziorik aurkitu ezinean. Bertso Udalekuetara heldu eta sinestezina iruditu zitzaidan giroa.

Magia ez dakit, baina politena horixe dela esango nuke: Euskal Herriako zenbait txokotatik batzen den gazte taldea, denak jator-jatorrak, denak begi disdiratsuz. Ikasturtean zehar gurasoen Whatsapp-etik edo gutun bitartez hitz egiten genuenok, oasi bat aurkitzen genuen udako aterpetxeen gerizpean. Piratak eta merkanteak, musika kutxa zein lumak eta harriak jolasetan ibili, gailetak gurinarekin gosaldu eta bertsotan egin. Gauez, begiraleen ezkutuan literetan asanbladak antolatu eta bertan mundua konponduko bagenu bezala.

Ikus dezakezuenez, magia deskribatzeko bidean, zerrenda amaigabe bat besterik ezin dut egin. Hitzen atzean esan nahi dudanaren arrastoak bilatu.

Beste askorik ez zen, gauzak horrela. Gaur egun ere ez da. Oraindik ere piratak eta merkanteak, musika kutxa eta lumak eta harriak jolasetan gabiltza. Formatua aurrerantza dabil, noski, eta begirale talde ederrak dabiltza lanean. Hala ere, Bertso Udalekuak berezi egiten dituena datorren gazte taldea da. Hori argi izan dut beti.

Gaur egun begirale naiz, eta autobusean haiekin igotzen naizenero deskribatu ezin dudan hori arnasten dut. Nerabezaroarekiko inbidia sentitzen dudan une bakarra dela esan dezaket. Haiek dira magia, haiek dira Bertso Udalekuak. Guk lanean jarraituko dugu magia horrek bertsotan, jolasean eta kotilleoan jarraitu dezan. Magia belaunaldi berriak etor daitezen.

Nire besopean oherantza maiz bidalitako bati pasatuko diot puntua. Kattin Madariaga, bertsolari apartaz gain, bertso udalekutako umea da ere. Berarekin bizi izan ditut zenbait uda sargori gitarrari itsatsita.

Horra nire puntua, Kattin:

Zu ere herrian adin bueltako kide bertsozale askorik izan ez duen gaztea zara. Askotan aipatu izan duzu gizone adindunez inguratuta egin duzula bertso eskola. Beraz, galdera sinplea da; nola egiten da bidea?