Iaz bigarren postua lortu ondoren, askorentzat faborito nagusia da gorritiarra aurten. Hala ere, eztarriko arazoek saio batzuei uko egitera eraman dute, eta horrek motibazioa kendu diola dio. Aurtengo txapelketa polita dagoela uste du, Xabier Silveira, Erika Lagoma eta beste hainbaten falta ondo ordezkatuko baitute aurten sartu diren Arkaitz Goikoetxeak eta Estitxu Arozenak.
Gaur ekingo dio Nafarroako Bertsolari Txapelketari Julio Sotok. iaz bigarren egin ondoren, aurten zalantza batzuekin ekingo dio lehiari: "Entrenatu ez du askorik egin eztarritik gaizki nabilelako. Astean bertso-eskola bat egiten aritu naiz; batzuetan hori ere ez... Kezka pixka bat badut nola egongo naizen."
Hiru hilabete pasa dira beretzat Euskal Herriko Txapelketa Nagusia bukatu zela. Finalaurrekoetara iritsi zen orduan. Hain denbora tarte txikian motibatzea lortu ote duen galdetuta, halaxe erantzun du: "hasieran motibatu nintzen, baina eztarriko kontu honekin ez dut motibazio handirik, saioak uzten ari bainaiz. Oholtzara igota uste dut motibazioa sartuko zaidala, baina momentuz ez daukat hainbesteko gogorik."
Aurten faborito nagusia da askorentzat, baina ez omen du presio berezirik sentitzen. "Nabaritzen da duela urte batzuk gaizki eginda ere jendea erraz konformatzen zela. Orain gehiago eskatzen zaigu eta horrek presio pixka bat sartzen du. Dena den, orain arte ondo eraman izan dut, oholtzan eroso sentitzen bainaiz. Orain arte ez naiz kokildu izan. Txapelketa honetan beldurra daukat eztarriarengatik eta entrenamendu falta honengatik; jendeak espero duena emango ote dudan kezka pixka bat badut."
Txapelketa honetan izen handiak faltako dira, baina maila ona dagoela uste du: "Silveira eta Erikafen falta nabarituko da, baina Arkaitz eta Estitxu sartuta bi baja horiek aski betetzen direla uste dut. Badakigu Arkaitzek zenbat egiten duen bertsotan eta Estitxuk ere asko egiten du. Nik uste txapelketa polita gelditu dela eta asko aportatuko diotela."
"Gaur nahiko saio polita gelditu dela uste dut: Itturri iaz finalean egon zen, Terreros ere orain dela bi urte aritu zen; Estitxu bertsotan oso ondo ari da... Saio polita atera daitekeela uste dut."