Bertso jaialdia egin zuten 2010-02-22

150 lagun elkartu ziren Usurbilen

Ainhoa Agirreazaldegi, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Miren Amurizak kantatu zuten, Inaxio Usarralde gai-jartzaile zutela. Atez ateko zabor bilketaz behin baino gehiagotan aritu ziren.
 Atzo bertso jaialdia izan zen Usurbilen, Sutegi aretoan. Kultur etxea goraino bete zen saioa jarraitzeko, 150 lagunekin. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:

 Ainhoa Agirreazaldegi
 Amets Arzallus
 Andoni Egaña
 Miren Amuriza
 
 Berez Uxue Alberdi zen agertzekoa, baina, gaixorik zegoela eta, Ainhoa Agirreazaldegik kantatu zuen bere ordez. Inaxio Usarralde aritu zen gai-jartzaile lanetan.

 Usurbilen atez ateko zabor bilketaren inguruko galdeketa egingo dute datorren astean. Atzo atez ateko bilketaren aldekoek jaia ospatu zuten egun osoan zehar, eta saioan zehar ere izan zen horren oihartzunik. Hala, hasieran atez ateko bilketaren inguruan galdetu zien Inaxio Usarraldeko lau bertsolariei.

 Ofiziokako lanak iritsi ziren ondoren. Beharbada, zati honetan Andoni Egañak eta Ainhoa Agirreazaldegik egingo zuten saiorik osoena. Euskal Herriko egoera politikoaren inguruan aritu ziren, aldaketarik ba ote datorren edo ez. Saio sakona eskeini zuten biek.

 Amets Arzallusek bakarka kantatu zuen gero. Gaiak zera zihoen: gaur egun alzheimerraren inguruko ikerketetan baino gehiago gastatzen da zakila luzatzeko metodoa aurkitzen. Saio ona egin zuen Ametsek, eta bigarren bertsoa bereziki txalotua izan zen.

 Andonik atzekoei kantari jardun zuen. Zirkuko zuzendari lanetan jarri zuen Inaxio Usarraldek, eta atzeko bakoitza ofizio batean jarri behar izan zuen.

 Andonik eta Mirenek ofizioka umorez kantatu zuten ondoren. Mendian txango bat egitera atera eta galdu egin ziren biak.

 Ametsek eta Ainhoak ere saio ona egin zuten bikotearen paperean. Orain egunero telebistan futbol partiduak emango dituztela eta, Amets gustura zegoen, baina Ainhoa ez. Saio polita egin zuten. Jaialdia aurrera zihoan, eta giroa berotzen ari zen pixkanaka.

 Azkenik, puntukako bertsoaldi batekin amaitu zuten emanaldia. Hasieran bi neska eta bi mutil kantuan ari zirela eta, berdintasunari buruz hasi baziren ere, bestelako gaiak ere landu zituzten. Atez ateko zabor bilketatik Andoni Egañak txapeldun postua galdu izanera egin zuten jauzi. Bukaera umoretsua eman zioten saioari era honetan.

 Bukaeran jendea gustura atera zen aretotik, ordu eta laurdeneko jaialdiaren ondoren.

 Saioko unerik onenak astebururako egongo dira Bertsoa.com-en ikusgai.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri