2000. urtean sortu zen, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren ondoren. Gaur egun bailaran duen pisua nabarmentzen dute Laxaro Azkunek eta Haritz Etxeberria "Ministrok".
Aurten 10 urte betetzen ditu Azpeitiko Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. 2000. urtean sortu zen Erniarraitz. Horrela gogoratzen du Laxaro Azkunek: "Urola bailaran bertsolaritzak ia oraintsu arte berez iraun izan du eta bertsolariak ere era berean berez sortu izan dira. Ohartuta geunden hori amaitzera zihoala, gizartearen ohiturak ere azkar ari baitziren aldatzen. Beste lekuetako ereduak jarraituz guk ere ahalegin bat egin beharra geneukan, izan ere, bertsolaritzak berez irauteko guneak galdu baditu, landu ahal izateko mintegiak antolatu beharra zegoen. Horretarako aitzakia eman zigun 1999ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak. Lau talde antolatu genituen. Esperientzia ederra izan zen eta han ibilitako asko bildu ginen bukaerako afarian, eta baita bertan horri jarraipena ematea erabaki ere.Nahiz eta Herriartekoan Azpeitiarrak bakarrik aritu, ikusi genuen bailara mailan aritzea genuela egokiena, izan ere, gure ustetan, helduen bertso-eskolak arrakasta eta etorkizuna izateko, eskoletan aurrez bertsolaritza lantzea eskatzen baitzuen. Hori egituratzeko biderik egokiena bailara mailan ikusi genuen eta hala aholkatu ziguten beste herri batzuetakoek ere.
Bailara mailan hasi ginenez izena ere halaxe jarri genion, gure bailarako bi mendi enblematikoen fusioa eginez, Ernio eta Izarraitz = Erniarraitz. Hasieran Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoa ziren gure proiektuan, baina Zestoakoekin ez genuen elkarlanik aurrera eramaterik lortu, saiatu ginen arren. Beraz, Azkoitian, Errezilen eta Azpeitian bertsozaletasuna genuen 20 lagun inguru abiatu ginen, gazte eta ez hain gazte. Bidean izan ditugu une hobeak eta okerragoak. Kosta zaigu belaunaldi ezberdinen lotura egitea, antolaketan denok bustitzea... baina bagoaz aurrera. Hasi ginenean bertsolari gazte talde polit bat genuen bat-batean zebilena. Haiei babesa eman eta hurrengo belaunaldietara zaletasuna zabaltzea zen gure asmoa. Orain ere badugu beste talde bat bat-batean aritzen dena eta horien ondoan antolaketan sartzen den beste talde bat ere. Zenbait ekintzatan 40 lagun inguru ere elkartzen gara, oso koadrila nahastua gara, bertsolaritzak bere plazetan maiz erakusten duenaren antzera. 16 bat urtetik hasi eta 80 urtera artekoak ere badira gure taldean parte hartzen dutenak, bakoitzak ahal duen eran, batzuek kantuan, besteak antolatzen eta denok bertso zale."
Haritz Etxeberria "Ministro" ere Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidea da. Berak azaldu du nola ospatuko dute urteurrena: "Bertso Asterako bideo bat egin dugu ikusita 10. urteurrena dela. Bideoan agertuko da Erniarraitzen aurretik zer zegoen Azpeitin, Erniarraitzek ze aldaketa ekarri dituen eta ondorena nolakoa izango den. Bertso-afari bat ere egingo dugu larunbatean. Urtean zehar beste ekitaldi batzuk ere egingo ditugu urteurrenaren aitzakian."
Bideo horretan bertso-eskolako garai ezberdinak azalduko dituzte: " Lazkanoren garaian bertso-eskolak zer ziren azaltzen da hasieran. Gero Gorrotxategi, Jokin Uranga eta Loidisaletxek azaltzen dute Erniarraitzen aurretik nolakoak ziren bertso-eskolak: Gerriko etortzen zela idiazabaldik klaseak ematera, Gorrotxategi ere klaseak ematen aritu zela baina udaletxekoek agintzen ziotela noiz hasi eta noiz bukatu... Azkenean Laxarok esplikatzen du Erniarraitzen beharra nola ikusi genuen Gipuzkoako Herriarteko hartan eta ondorenari buruz ere ariko dira."
Gaur izango da bideoaren emanaldia, arratsaldeko 19:30etan, Azpeitin bertan, Enparan dorretxean. Horrez gain, mahai-ingurua egingo dute Imanol Lazkano, Joxin Iturriotz eta Jokin Urangak: "Joxin Iturriotz da Urola-bailarako bertsolaritzaren azterketa egin zuena. Liburu bat kaleratu zuen hasierako bertsolari haietatik gaur egunekoetara. Lazkanok bere garaiari buruz eta gaur egunekoaz hitz egingo du. Jokin Uranga ariko da gaur egungoaz eta hemendik aurrera ze intentzio dauden."
Bertso-eskolari begira, baikorrak dira biak. Laxaroren iritziz "bertso-eskolaren inguruan jende mordoxka dabil eta belaunaldi ezberdinak dabiltza gainera antolaketa lanetan sartuta. Bertsolaritzan etorkizuna ez da izaten iragartzen oso erraza beti. Une batean talde polit bat sor daiteke eta beste garai batzuetan lehorte aldiak izan. Dena den bat-bateko bertsolariak sortu zein ez, guk zaletasunari eutsi nahi genioke, bertso-eskolari eutsi, ekintzak antolatu eta bertsotarako zaletasuna duen gazteari inguru atsegina eskaini, gauza berriak antolatuz, Bertso Egunetara, Txapelketako saio nagusietara, etab., elkarrekin mugituz. "
Ministrok ere ondo ikusten du gaur egungo egoera: "Helduentzako bi bertso-eskola ematen dira, bat-batekoak biak, eta ikastoletan eskolaz kanpoko jarduera bezala lantzen da Errezilen, Azpeitin... Bertso-eskolak irakasleak jartzen ditu horietarako. Eta, horrez gain, hezkuntza arautuan Jokin Uranga ari da irakasle lanetan. Bertso-eskola indartsu dago, giro onean, jendea lanerako gogoz ikusten dut... Gustura gaude."
Laxaro Azkunek ere 10 urte hauen balorazio positiboa egiten du: "Gure ahaleginak esparru ezberdinetan egin izan ditugu. Esko mailakoak: eskoletan bertsolaritza landuz, gazte horiekin irteerak eta ekintzak antolatuz. Gazteentzat, bertsolaritza landu nahi dutenekin bertso-eskolak. Helduentzat bertsolaritza landu nahi dutenentzat bertso-eskolak. Urteroko Bertso-astea eta bi urtez behin Erniarraitz Sariketa, Bertso-astearen barruan, bailarako eta Gipuzkoako zenbait bertsolari gazterekin. Bertso-parranda, bertsolari nahiz sasi-bertsolariz osatutako taldekako txapelketa, tabernetan, bi urtez behin. Egundoko arrakasta du Gabon eguneko bertso-eskea. Bertso-eskolako leihoan hamabostero bertso berria jartzen dugu eta bertso hori Uztarriaren barruan Erniarraitzen blogean ere bai. Horren inguruan zenbait aldiz bertso truke politak sortu izan dira baina hor ere hotzaldiak izaten dira, neguan gaudelako-edo. Txapelen omenezko saioa Santo Tomas inguruan Azpeitian eta Udaberriko saioa maiatzean Azkoitian."