Aurten Bidarrain (uztailaren 5etik 11ra), Orion (uztailaren 12tik 18ra), Irañetan (uztailaren 19tik 25era), Zuhatzan (irailaren 1etik 4ra) eta Gorozika Auzoan (uztailaren 25etik 31ra) izango dira txandak.
Aurten ere Bertso Udalekuak egingo dira udan, Bertsozale Elkarteak antolatuta. Udalekuak bertsozaleentzat ondo pasatzeko lekuak dira, eta bertsolariak ezagutu eta zuzenean entzuteko aukera ematen dute. Talde txikiak izaten dira, eta Euskal Herri mailan, beste herrialdeetako lagunak egiteko parada ematen dute.
Bertso Udalekuetan parte hartzeko ez dago bertsotan jakin beharrik, nahikoa da gustuko izatea. Izan ere, udalekuetan ez baita bertsolaritza klaserik ematen. Bertsoarekin lotura daukaten ekintzetan, gazte bakoitza bere neurriko lanean jartzen da.
Aurtengoan 5 txanda antolatu dituzte, beste hainbeste lekutan.
Bidarrain (Behe Nafarroa) izango da lehenengoa, uztailaren 5 eta 11 bitartean, Menditerrania aterpetxean. 12 eta 14 urte arteko gazteei egongo da zuzendua eta raftinga, trinketea eta mendi irteerak egingo dituzte, besteak beste. Guztira 43 lagunentzat egongo da tokia. Prezioa, berriz, 155 eurotakoa da.
Orion (Gipuzkoa) 9 eta 11 urte bitarteko gaztetxoak elkartuko dira, Itxaspe baserrian. Uztailaren 12tik 18ra bitartean luzatuko da txanda eta hondartzara, zelaira eta parkeetara joango dira. 35 gaztetxorentzat dago lekua, eta bakoitzak 155 euro ordaindu beharko ditu.
Hirugarren txanda
Irañetan izango da, Nafarroan, Juantzirena aterpetxean, Andia eta Aralar mendizerren magalean. Bertan 15 eta 18 urte arteko gazteak izango dira uztailaren 19tik 25era bitartean. Frontoi estalia eta igerilekuak aterpetxetik hurbil daude. Guztira 35 lagun elkartuko dira bertan, eta bakoitzak 155 euro ordaindu beharko ditu.
Gaztetxoenak
Zuhatzan elkartuko dira, Araban. 9 eta 11 urte arteko gaztetxoei zuzendua dago txanda hau eta ur kirolak, jolasak eta gaubelak egingo dituzte irailaren 1etik 4ra bitartean. 85 euroko prezioa dauka egonaldiak eta 45 lagunentzat dago lekua.
Azkenik,
Gorozika Auzoan ere txanda bat izango da uztailaren 25etik 31ra bitartean, 12 eta 14 urte arteko gazteei zuzenduta. Gorozika auzoa Muxikan dago, Bizkaian. Bertaratzen direnek frontoia eta mendia ondoan izango dituzte, eta Urdaibaira irteeraren bat ere egingo dute. Hemen 45 lagunentzat dago lekua, eta 155 eurotakoa da prezioa.
Izena eman nahi duenak MAIATZAREN 5era arteko tartea izango du. Bi aukera daude izena emateko. Internetez egin daiteke, www.bertsozale.com web orrian. Nahi izanez gero telefonoz egiteko aukera ere ematen dute, 943 69 41 29 zenbakira hots eginda. Txanda osatzeko ez da zozketarik egingo, izenak eman ahala osatuko dira.
Bertsozale Elkarteak egindako eskaintzaz gain, Arabako Foru Aldundiak ere egin du berea.
Barrian izango da txanda, uztailaren 1etik 7ra. Euskal Autonomia Erkidegoko haurrei soilik dago zuzenduta azkeneko aukera hau.