Bizkaiko Txapelketa martxan da 2008-04-29

Bizkaian asteburuan hasiko dira Eskualdetako finalak, Arteaga-Gautegiz-en

Bizkaiko finala BEC-en izango da, azken urteetan Euskalduna txiki gelditu delako. Bertsoa.com-ek eskualdekako final gehienak zuzenean emango ditu

Aurtongo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Barakaldoko BEC erakustazokan izango da. Horren barri eman dute gaur bertan BBK fundazioak eta Bizkaiko Bertsozale Elkartek. Euskalduna txiki geratu da eta Bertsozale Elkarteak ez dau inongo bertsozalerik kanpoan itzi gura. Ez goaz BEC bete gurean, bertsozale guztiei legua egitera bakarrik. Hori udagoienean izango da, baina orain maiatzean Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak jokatuko dira eta gaur bertan izan da aipatu txapelketen aurkezpena. Zihara Enbeita Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkari eta komunikazino arduradunagaz batera, BBK fundaziotik Gorka Martinez izan da eta Bizkaiko Foru Aldunditik Miren Dobaran, Euskara Sustatzeko Zuzendari Nagusia.

Zihara Enbeitaren esanetan, Bertsolaritza beraren moduan Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketak be tradizinoari eutsita etenbarik aldatzen doaz. “Aurreko urteetako egitura bera izango dau aurtengo Bizkaiko Txapelketak be. Helburuak be berberak dira eta baita ezaugarriak be. Baina halan da be txapelketa barri dogu. Horren adibide da bertsolarien belaunaldi aldaketa. Hamazortzi urte bete barri daben bertsolari batek baino gehiagok parte hartuko baitau. Euretako batzuek, ganera, Bizkaiko zein Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketetan maila ona erakutsi dabe”.

Horren errudunak hein handi batean bertso-eskolak dira Enbeitaren esanetan. “Hainbat urtetako lanak fruituak ematen darrai. Algortako ALBE bertso-eskola dogu horren testigu. Ipar-Uribeko txapelketan hogei lagunek parte hartuko dabe aurtengoan. Gehienak aipatu bertso-eskolan sortutakoak dira. Mungiako Taket edota Larrabetzuko bertso-eskolek egindako lana be hor dago. Eta barriagoa izan arren, bere neurrian fruituak emon dabezan Erromoko Itzubaltzeta bertso-eskola. Busturialdean be helduen bertso-eskola barriak sortu dira azken urteotan. Natxituko bertso-eskola eta Gernika-Lumoko Lilibertso aitatu behar dira. Lea-Artibain ez da bertso-eskola barririk sortu, baina lehengoak martxan jarraitzen dabe.
Enkarterrietan aurton lehenengoz sei bertsolarik abestuko dabe. Hor be bertso-eskolak (Hasi edo Zalla) eta irakaskuntza arautuan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egiten dauan lana dira errudun.
Arratian Zeanuritik Igorrera egin dabe saltoa aurton. Bilboaldean lagunarteko giroari emon gura izan deutse garantiza. Durangaldean txapeldun barria aukeratu beharko dabe. Azken urteetan txapeldun izan danak ez baitau parte hartuko”.

Miren Dobaranen esanetan euskara bera zein bizkaieraren transmisinorako garrantzitsua izan da “bertsolaritzak azken urteotan hartu dauen indar eta oihartzuna”. Bere esanetan erakundeen burukominik handiena euskara gazteen artean zabaltzea eta bultzatzea da. “Gure gazterik gehienek euskara jakin arren, eskolan baino ez dabe erabiltzen eta euskara aisialdian erabil dagien gai izan beharko dogu aisialdirako produktu erakargarriak eskaintzen. Erraza da gazteei esatea euskara freskoa eta modernoa dala eta erabil dagiela baina behar beharrezkoa da era guztietako eskaintzak izatea euskaraz mundu globalizatu honetan gazteek euren gustokoa dana aukeratzen dabelako zein hizkuntzatan dan kontuan izan barik”.

Komunikazino arloan be ahalegin berezia egin gura dau Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Lehenengoz komunikazino taldea sortu dabe txapelketarako eta beste behin be interneta eta teknologia barriak lagun izango dabez. www.eskualdeka.biz webgunean Eskualdeko txapelketen ganeko informazino eguneratu eta osatua eskaini gura dute Argazki eta audioa bakarrik ez, aurton bideoan be jaso gura dute txapelketaren barri eta horretarako Bertsozale Elkarteak urte hasieran sortutako www.bertsoplaza.tv erabiliko dabe.

 Dobaranen esanetan, “euskararen normalizazio eta sustapenerako ezinbestekoa da sarean izatea. Interneten era masiboan sartzen ez dan hizkuntzak aukera gitxi daukaz bizirauteko eta Aldundiak teknologia barrien aldeko apostua egin dau eta egitasmo honen laguntzaile izango da zalantza barik”.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri