Kuadrilla arteko txapelketa 2010-04-19

Kakiturri-Ehari taldearentzat finalerdietako bigarren puntua

Arabako Kuadrilla arteko bigarren finalerdia jokatu da eta Kakiturri taldearentzat izan da garaipena, Amurrioko Altubepekoak taldearekin lehiatuta. Bertso Sorta Kolektiboan, Martin Ttipia taldeak lortu zuen finalerako txartela. Azken finalerdia Aramaiok eta Aiaraldeak jokatuko dute datorren igandean.

Arabako Kuadrilla arteko lehenengo Bertsolari Txapelketak pasa du ekuadorraren muga. Gaur, hilak 18, finalerdien ligillako bigarren saioa jokatu da Araiako Andra Mari aretoan. Jende ugari bildu da gogotsu taularatu diren bi taldeek zer egin duten ikustera. Alde batean finalerdietako beteranoak, Kakiturri-Ehari taldea. Bertsotan Felipe Zelaieta, Asier Otamendi eta Gaizka Urtaran. Beste aldean Amurrioko Altubepekoak, eta bertsotan sei promesa: Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Izar Mendiguren, Serapio Lopez, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre. Nor baino nor aritu diren bi taldeentzat lehenengoa zen puntu hori, eta azkenan Kakiturri-Ehari taldearentzat izan da.
 Saioan zehar Beñat Goitia gai jartzailearen eskutik egin beharreko lanak honakoak izan dira: Taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso, bina punturi erantzun zortziko txikian, gaia emanda bi bertso nahi den doinu eta neurrian, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka hamarreko txikian hiruna bertso, taldeka, gaia emanda, taldeko hiru lagunen artean, hiruna kopla.
 Baina bapateko saioari hasiera eman aurretik, txapelketa honekin paraleloan leihatu den bertso jarrien aurkezpena ere egin zen. Giro ederra jarri zuten Aguraingo Txor eta Tan eta Gasteizko Bertso Guraso eta Martin Ttipia taldeek. Trikitixa, bonbo, platillo, txirula eta panderoekin festa giro ederra jarri zuten Araiako Andra Mari aretoan. Lan gogorra eta ederra egiten ari dira bertso jarrietako taldeak. Antzerkia eta aldarrikapena uztartuz berso sorta bikainak plazaratu dituzte gaur ere. Hauentzat ere bigarren finalerdia izan da, beraien eskualdea gaitzat hartuta finalera pasako den bigarren taldea nor izango zen erabaki behar izan da. Hiru horietatik bat aukeratu behar eta Martin Ttipia pasako da maiatzaren 8ko finalera.
 Ederki berotu dute giroa danbor, trikitilari, peluka eta abar luze batez lagundurik. Hasierako agurraren ostean nor baino nor hasi dira bi taldeak. Faborito bezela Gasteizko Kakiturri-Ehari taldea atera da, eta ez dute hutsik egin. Hala eta guztiz ere Aiaraldekoek maila polita erakutsi dute, kontuan izanda Ainhoa Comasek, Unai Mendibilek eta Gaizka Urtaranek lehenengo aldia zutela taula gainean abesten.
 Ofizioko saioak txukun joan dira. Maila polita erakutsi dute bi taldeetako bertsolariek eta gaiei behar bezala erantzuten jakin dute denek. Zortziko nagusiko saioak ohi bezela serioagoak izan dira, baina txikian Felipe Zelaieta eta Ainhoa Comasek egindako lana aipatzekoa izan da. Parakaidasean elkarrekin bota beharreko monitore eta ikaslearen azalean jarri ditu gai emaileak. Ainhoak ederki erantzun dio bere paperari eta beteranoek mailan egoten jakin du umore ederra erakutsiz. Baina bertsorik politenak bakarkako lanetan entzun dira. Bai Serapiok eta bai Asier Otamendik ederki defendatu dute beraien burua puntuari erantzuten. Saio guztian zehar bezala Asier Otamendi nagusi izan da bakarkoan. Herentzia bat zela medio anaiarekin hitz egiteari utzita zegoenaren azalean sartu behar izan da, eta txukun bete du bere lana. Koplatako lanetan atera dira arratsaldeko ateraldirik onenak eta maila onarekin amaitu dute bertsolariek arratsaldeko lana. Benetan aipatzekoa Aiaraldekoek erakutsitako maila, kontuan izanda hau zutela taula gainean abesten zuten lehenengo aldia maila ederra eman dute.
 Saioa bukatu eta berehala jakin da nork eskuratu duen arratsalde honetako puntua; Kakiturri-Ehari taldea izan da. Gauzak horrela, momentuz sailkapena horrela dago: Aramaioko taldeak puntu bat, Kakiturri-Ehari taldeak beste puntu bat eta Amurrioko Altubepekoak punturik ez. Datorren igandean jokatuko da hirugarren eta azken kanporaketa Amurrioko aretoan etxeko talde eta Aramaioko taldearen artean. Bertan erabakiko da zein bi talde joango diren maiatzaren zortzian Gasteizen jokatuko den finalera. Sarrerak jada salgai daude

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri