Zizurkil eta Alegiako saioak ere izango dira ikusgai 2010-04-21

Soto eta Silveiraren desafioa emango du Hitzetik Hortzerak

San Frantziskoko Euskal Etxean Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak egindako saioa ere izango da ikusgai. Horrez gain, Miel Anjel Elustondok Gorka Aulestiari egindako elkarrizketa emango dute. Ohi bezala zappinga eta zuri-beltzekoa ere izango dira aste honetan.
 Aste honetako Hitzetik Hortzera programa edukiz karga-karga eginda dator.

 Alde batetik, Bertso Desafio bat emango dute. Julio Soto eta Xabier Silveira aritu ziren kantuan Txantrean, Akelarre Kultur Elkarteak eta Iruñerriko bertso eskolak antolatuta. Saioak morbo berezia eduki zuen, Julio Soto baita aurtengo Nafarroako bertsolari txapelduna eta Xabierrek erronka bota baitzion orain dela aste batzuk.

 Ostiralean "Otaño, atzerriko oroi-mina" ikuskizuna izan zen Zizurkilen. Xabier Amuriza eta Anjel Mari Peñagarikano aritu ziren Pedro Mari Otañoren sorta aukeratuak kantatzen. Han izan ziren Hitzetik Hortzerako kamarak. Gainera, Pedro Mari Otañoren jaiotetxearen bila ere aritu ziren.

 Hirugarren saioa bertso-afari bat izango da, Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok Alegiako Intxurre elkartean egindakoa. Felix Irazustabarrena aritu zitzaien gaiak jartzen. Aste honetan aurrerapena eskainiko dute.

 Andoni Egaña protagonista izandako beste saio bat izango da azkenekoa. Maialen Lujanbiorekin batera, San Frantziskon izan zen orain dela aste batzuk. Han, San Frantziskoko Euskal Etxean, bertso saioa egin zuten, honako bertsolari hauekin batera: Johnny Curutchet, Gratien Alfaro, Jexux Goñi eta Martin Goikoetxea.

 Bidaia honekin lotutako elkarrizketa bat eskainiko dute, gainera. Miel Anjel Elustondok Gorka Aulestia elkarrizketatuko du. 1988an Nevadan antolatu zuten gaur arte han egin den txapelketa bakarra, eta Gorka Aulestia antolatzaile lanetan aritu zen.

 Ohiko atalak ere izango ditu programak. Zappingean Amerika izango da protagonista: 1998an, Tolosako bertso-jaialdian, Wyomingekin lotu ziren webcamez, eta hango eta hemengo bertsolariak elkarrekin aritu ziren kantuan. Zuri-beltzekoan, berriz, 1973an Manuel Lasartek Añorgan kantatutako ale gozagarriak emango dituzte. Gaia berezia zuen: komuna.

 Gero eta gutxiago falta da maiatzaren 1ean Belfasten Bertso Dinnerra ospatzeko. Aste honetan ere puntu erantzunak emango dituzte.

 Aste honetan bitan eskeiniko dute programa: ostegunean, gaueko 22etan, ETB3n eta ostiralean, arratsaldeko 18:15ak aldera, ETB1en.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri