Seigarren edizioa 2010-04-22

Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna igandean, Eibarren

Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da igandean, Eibarren, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatuta. Helburua Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea da.

Datorren igandean, apirilaren 25ean, Eibarren ospatuko da Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna. 6. edizioa ospatzeko Debabarrenera egin dugu salto aurtengoan. Aurrez gure trenak geldialdia egina du Villabonan (Tolosaldea), Oiartzunen (Oarsoaldea), Oñatin (Debagoiena), Usurbilen (Buruntzaldea) eta Azkoitin (Urola-Kosta).

Guzti hori aurkezteko gaur prentsaurrekoa izan da Eibarko Portaloeko Areto Nagusian:
Bertan Gipuzkoako Foru Aldundiko Estibalitz Alkorta, Eibarko KUTXAko zuzendaria Eguzkiñe Larrañaja, Eibarko Udaleko Euskara eta Kultura Batzordeburua M. Jose Telleria, Eibarko Hanka Motx Bertso Eskolako Mikel Arrillaga eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik Iñaki Gurrutxaga (Hezkuntza Arautuko Proiektuko irakaslea) eta Iñaki Olalde Transmisio Eragilea.

Helburua Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea da.

Bertsolaritzaren transmisioaren barruan hezkuntza arautuak, bertso eskolak eta jarduera osagarriak osatutako hiruki bat marrazten da, erpin bakoitzak bere osotasunean du garrantzia:

HEZKUNTZA ARAUTUA: Gipuzkoako 8000 neska-mutiko (joan zen ikasturtean baino mila gehiago) inguruk jasotzen dituzte bertsolaritza eskolak Gipuzkoako bederatzi bailaratan banatuta dauden 113 ikastetxetan. Bertsolaritzari buruz zerbait gehiago jakin edo ikasi eta bertso eskoletara salto egiteko tranpolin garrantzitsua da berau.

BERTSO ESKOLAK:  Neska-mutiko asko eta asko bere kabuz etortzen badira ere bertso eskoletara, hezkuntza arautuan daukagun presentziak gero eta gehiago erakartzen ditu. Bertso eskola bati dagokionez herri mailako bertso eskola garatua izatea da helburu nagusia, hau da, egun batez bertako ikasle izan zirenak irakasle izatera iritsi eta taldearekin aurrera egiteko kanpoko eragileen beharrik ez izatea. Era berean horrek herriko bertso ekitaldietako parte hartzaile-antolatzaile-bultzatzaile izatera eramango ditu eta kasu gehientsuenetan Udalekin batera elkar lanean antolatuko dituzte ekitaldi guztiak.
Datu batzuk aipatzearren:
925 kide dabiltza Gipuzkoako Bertso Eskolatan, hauetatik 500  pasatxo haur edo gaztetxoak dira eta 400 inguru helduak, eta guzti horien % 40 ia emakumezkoa.
 
JARDUERA OSAGARRIAK: igandean ospatuko den eguna jarduera osagarrien  barruan kokatzen dugu, kasu honetan bertso eskolei zuzendutako jarduera osagarri bezala. Eguna beraz jolas handi bat bihurtuko dugu baina bertsolaritzarekin  harremanetan beti ere.

Egun honetan parte hartzera gonbidatzen ditu Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Gipuzkoan dauden 140 bertso talde inguru, 400 neska-mutiko, batzuk gazteak, besteak helduagoak, batzuek idatzian ari direnak, besteak bapatean....den-denak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri