Iñigo Bilbao-Berria 2010-04-30

Bat-bateko 'topada' eusko-mexikarra

Xabier Paya bertsolariak eta Guillermo Velazquez koblakariak ahozko tradizioaren eredu bi erakutsi dituzte Mexiko Hirian egindako saioan.
Iñigo Bilbao - Berria
Topada deitzen diote Mexikon, landa eta mendi aldean, koblakariek edozein festa girotzeko egin ohi duten norgehiagokari. Emanaldiak hamar ordu, edo gehiago, iraun dezake, festa giroak horrenbesterako beta emanez gero. Mexiko Hirian topada moduko bat egin zuten asteartean, Antropologia eta Historia Eskola Nazionalean. Topada modukoa, Guillermo Velazquez huapango koblakariak eta Xabier Paya bertsolariak ia hiru orduko hitzaldi-emanaldia eskaini zietelako antropologia ikasleei.

Mamiari heldu aurretik, Fernando Navak, Mexikoko Hizkuntza Indigenen Institutuko zuzendariak, gaia aurkeztu zuen ahozkotasunak herrialdean izan duen, eta duen, garrantzia azpimarratuz. Guztira 68 hizkuntza eta 364 dialekto dituen herrialdean ahozko tradizioak bizirik dirauela azaldu zuen Navak. Xehetasunak xehetasun, bizirik da jatorrizko hizkuntzetan bezala, gaztelaniarekin landutako mestizajean ere. Bertsolarien lana etxekoena bezain ondo ezagutzen duela erakutsi zuen, eta bien arteko antzekotasunak eta berezitasunak argituz, egitekoak erraztu zizkien Velazquezi eta Payari.

Izan ere, mexikarrarenak, huapango arribeño izeneko kantak, aurretik idatzita eta soinuarekin batera kantatzen diren koplak izaten dira. Ez beti, Velazquezek berak ongi erakutsi bezala. Herri xehearen musika izanik, haren minak, gogoak eta premiak kantatzen dituzte koblakariek.

«Asteburuan El Membrillo izeneko rantxoan izan ginen, etxeko semearen ezkontzan. Maitasunaren gaineko koplak genituen prestatuta, baina nik ezin nuen handik alde egin aurreko astean militarrek bertan egindako triskantzak aipatu gabe. Kantu horiek piztu zuten nekazarien benetako arreta».

Hitzaldia baino gehiago, saioa eskaini zien Velazquezek antropologogaiei. Saio bizi-bizia. Aurrez landutako bertsoekin hasi, eta AEBetako Virginia aldean etorkinen kontra onartu berri duten lege arrazistaren kontrako aipua osatu zuen bat-batean amaitzeko. Ez da ohikoa hiriburuan halakoak entzutea, bere koplek ez baitute lekurik izaten ez telebistan ez irratian. «Ezta nahi ere. Nik argi daukat ahozko tradizioaren indarra ez dagoela kanpoan. Gure barruan da».

Euskal Herria ezagutzen du. Baita bertsolariak ere. Payak oparia ekarri zion lagun mexikarrari: duela hamar bat urte Hondarribian Jon Sarasuarekin batera egindako saioaren bideoa. Sarasuak gaztelaniaz kantaturiko huapango haiek ezustean hartu zuten Velazquez bera.

«Euskal Herriko bertsolariek txundituta naukate. Miresgarria da ikustea nola uztartzen duten puntako teknologia hitzarekin, hitz xumearekin. Iragana, oraina eta etorkizuna lotzeko izan duten iaiotasuna txalogarria da. Han ikusi nuen guztia ametsa da guretzat, beharbada hurrengo mendean mamitzea lortuko duguna, lortzen badugu».

Familia hitza erabili zuen Payak ondoren, munduan ahozko tradizioari eutsi diotenen errealitatea aipatzeko, eta lehengusutzat hartu zituen barruan daramatena adierazteko huapango arribeñoa erabiltzen duten koblakari mexikarrak. Hitzak, ahozkoak, kantak... horiek guztiak gai izan zituen bertsolariak bere hitzaldian. Payak umorea baliatu zuen entzuleen arreta pizteko. Asmatu zuen. Mexikarrek horrenbeste maite duten esangura bikoitz eta likitsez betetako hitz jokoekin agerian utzi zuen bertsoaren mamia, entzuleekin batera bertso oso bat osatu arte.

«Historia liburuetan inoiz agertuko banaiz txapelketa baten amaieran bertsoa gaztelaniaz kantatzeagatik izango da. Lotsagabekeria izan omen zen hura. Ba... lotsagabe arituko naiz zuokin». Eta bertso jolasean amaitu zuen emanaldia.

Asteartekoa Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen, Euskara munduan programaren barruan. Munduan bezala, Mexikon ere euskara eta euskal kultura irakasten dute hainbat unibertsitatetan. Horietan guztietan izango da Paya egunotan euskara ikasten ari den jendeari Euskal Herriko kultura zer den, Euskal Herria zer den eta bertsolarien lana zertan datzan argitzen. Bertso afari bat ere izan zuten bart gauean Mexiko Hiriko Euskal Etxean.
learen eskutik, eta afaria.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri