Oiartzungo Bertso Astearen barruan egin zen 2010-05-04

Ederra atera zen "Bertso Zirkoa"

Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Xabier Silveira eta Alaia Martin aritu ziren kantuan, Egoitz Aizpururen esanetara. Udaletxeko Pleno Aretoa bete egin zen saioa entzuteko.
 Igandean bukatu zen Oiartzungo Bertso Astea. Bertso-jaialdia egin zuten Udaletxeko Pleno aretoan. Honako bertsolari hauek aritu ziren kantari:

 Aitor Sarriegi
 Amets Arzallus
 Xabier Silveira
 Alaia Martin

 Egoitz Aizpuru aritu zen gai-jartzaile lanetan. Saioa motel xamar hasi zen agian, baina gora egin zuen eta bukaera aldera publikoak ederki gozatu zuen.

 Lau bertsolariak hasi ziren lanean hasieran. Honako galdera hau egin zien Egoitzek: "inoiz gelditu zaizue zirko batean aritu izanaren sentsazioa?". Egoki erantzun zuten laurek.

 Binaka aritu ziren ondoren. Alaia eta Xabier altxa ziren aurrena. Alaia mentalista zen, eta hasterako bazekien beste bertsolariak zer kantatu behar zuen, horregatik inork ez omen zuen berarekin kantatu nahi izaten. Xabierri hala egokitu zitzaion, ordea. Gai horrekin aritu ziren, eta umorez osatu zuten bertsoaldia.

 Amets eta Aitor bikote ohi baten moduan aritu ziren, bata labana-jaurtitzailea eta bestea aurrean ipintzen dena. Harremana eten ondorengo lehen emanaldia omen zuten igandekoa. Umorez aritu ziren hauek ere.

 Binakako ariketen ondotik laurak altxa ziren berriro, errealitatetik hurbilagoko gai batekin aritzeko. Wilson payadorea zen berez igandean Oiartzunen aritzekoa, baina arazo batzuk tarteko ez zuen agertzerik izan. Bertso-eskolako kideen larruan sartu zituen Egoitzek bertsolariak, eta zer egin erabakitzen jarri zituen. Kopletako saio polita osatu zuten. Saioa pixkanaka gorantz zihoan, eta hemendik aurrerako bertsoaldiak nabarmen hobeak izan ziren aurrekoak baino.

 Aitorren txanda iritsi zen orduan. Bizitzan betirako ematen diren pausuez galdetu zion Egoitzek, eta hiru bertso dotorerekin erantzun zion Aitorrek.

 Berriz ere binaka aritu ziren bertsolariak gero. Amets erraldoia eta Alaia ipotxa hasi ziren. Elkarrekin maiteminduta zeuden biak, baina tamainak buruhausteak sortzen zizkien. Ironiaz aritu ziren hamarreko txikian.

 Aitor lehoia eta Xabier domadorea aritu ziren parez pare ondoren. Lehoiak atzaparkada bat emanda bi hilabete pasa zituen Xabierrek geldi, eta igandekoa zuten lehenengo emanaldia. Umorez aritu ziren biak, eta saio polita osatu zuten.

 Lehenengo ariketa berezia iritsi zen orduan. Egoitzek Ametsi puntuak jarri zizkion, baina puntu bakoitzean neurria luzatzen zion bertsoari. Ametsek dotore erantzun zituen puntu guztiak.

 Normalean saioaren bukaeran aritu ohi dira bertsolariak puntuka, egindakoaren balorazio bat osatzeko. Egoitzek saioaren erdian puntuka jarri zituen lau bertsolariak, ordura artekoaz jarduteko. Bizi-bizi jardun ziren.

 Nabarmentzeko moduko saio bat iritsi zen ondoren. Xabier eta Alaia altxarazi zituen Egoitzek, 8 oinak jarrita aritzeko. Bertsolariak kantuan ari ziren bitartean erakusten zizkien Egoitzek oinak. Bertso guztiak ederrak atera ziren. Alaiak hiruretan asmatu zuen, eta baita Xabierrek ere, azkenekoan, bereziki.

 Eskapismoa eta harremanak lotu zituen Egoitzek ondoren Aitorri eta Ametsi jarritako gaian. Biek harreman bat zuten elkarrekin, baina ez zuten berdin bizi. Aitor ziur zegoen harremanaz, eta tira egiten zion Ametsi. Ametsek ordea ez zeuzkan gauzak hain argi, eta ihes egiten zuen. Oso saio ona osatu zuten.

 Xabierri deitu zion Egoitzek gero. Bala gizona, lauretan inor izatekotan, Xabier Silveira zela esan zuen Egoitzek, alde guztietara tiro egiten duelako. Hausnarketa horretatik abiatuta bi bertso bota zituen Xabierrek, oso barrutik eta dotore. Entzuleek gogoz txalotu zuten lesakarraren lana.

 Ametsek eta Alaiak binaka osatu zuten hurrengo bertsoaldia. Alaia Magoak 20 euroko biletea eskatu zion Ametsi, kapelan sartu eta truko bat egiteko. Kapelatik denetik atera arren ez zion bileterik itzuli nahi, ordea. Oso ondo aritu ziren biak.

 Saioa puntuka bukatu zuten laurek. Azkeneko ariketa honetan ere denek asmatu zuten, eta Xabierrek erantzun gogoangarri bat edo beste utzi zuen.

 Azkenean gustura gelditu ziren entzuleak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri