Egoitz Zelaia eta Wilson Saliwonzyck elkartuko dira 2010-10-05

Bertsoa eta Payadak uztartuko dituzte Argentina, Uruguay eta Brasilen

"Entre mate y patxaran" izenburua jarri diote birari eta urtarrilera arte ibiliko dira Hegoamerikako Euskal Etxeetan.

 Nazioartean geroz eta gehiago dira bertsoa eta bestelako ahozko inprobisazio kantatuak uztartzeko egiten diren saioak. Orain payadak eta bertsoa lotzeko elkartu dira Egoitz Zelaia bertsolaria eta Wilson Saliwonczyk payadorea. Egoitz Zelaia aurpegi ezaguna da bertsolaritzan eta, urrutira joan gabe, Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritu zen orain dela bi urte. Hilabeteotan Argentinan dabil lan kontuak direla eta. Wilson Saliwonczykek ere ondo ezagutzen du bertsoa. Iaz Euskal Herrian ibili zen Europan zehar egin zuen biran. Gainera, Xabi eta Fredi Paya eta Maialen Lujanbiorekin hainbat saio egin zituen hauek Argentinara egin zuten bidaian.

 Urtarrilera arteko bira egiteko asmoa daukate Egoitzek eta Wilsonek. Horretarako, Euskal Etxeekin harremanetan jarri dira. Oraingoz hainbat saio dauzkate lotuta Uruguayn, Argentinan eta Brasilen.

 Saioetan, esan bezala, payadak eta bertsoak uztartuko dituzte, gazteleraz eta euskaraz. Izenburutik argi gelditzen da bi tradizio uztartzeko daukaten gogoa: "Entre mate y patxaran". Euskararik jakin ez arren bertsolaritzara gerturatzeko aukera polita izango da.

 Interesatutako Euskal Etxeek honako helbide honetara idatz dezakete: "contrapuntoar@yahoo.com.ar".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri