Zuzeneko elkarrizketak: Zuberoako bertso-eskola 2010-11-20
"Gure funtzioa da indar berri bat ematea bertsolaritzari Zuberoan"
Joanes Etxebarria finalera sartu izana sinbolo bai baina gailur ezin dela izan uste dute, eta beraien indarra asterik aste egindako lanean omen dago.
"Bertsoaren haria ez da nehoiz eten"
Aste honetan ere zuzeneko elkarrizketa bat egin du Bertsoa.com-ek. Aste honetan Zuberoako bertso-eskolako kideekin izan da, Maulen. Konexio arazoengatik ezin izan dugu elkarrizketa zuzenean eman. Badira urte batzuk elkartzen hasi zirenetik.
Joanes Etxebarria barkoxtarra hasi zen azkena bertso-eskolan. Orain dela bost-sei urte hasi zen.
Mixel Etxekoparren hitzetan lehen ere baziren bertsozaleak. Urdiñarbeko musika-eskolak bertsopaper lehiaketa bat antolatzen omen zuen lehen, eta horrekin hasi omen zen zaletzen. Bertsularien Lagunak elkartekoek pixka bat bultzatuta erabaki omen zuten biltzen hastea.
Johaiñe Sarraillet Lakarrin bizi da, eta bera da taldeko gazteena. Haurren bertso-eskolan hasi zen eta aurten eman du helduen bertso-eskolarako jauzia.
Ramuntxo Christy Aiherran jaio zen eta lan kontuengatik joan zen Maulera bizitzera. Berehala sartu omen zen bertso-eskolan. Garai hartan Karlos Aizpuruak eramaten omen zuen bertso-eskola eta urte batzuen buruan eraman zuten Maulera.
Xan Alkhat ere lanak eraman zuen Zuberoara, eta Erik Etxarten bidez hurbildu omen zen bertso-eskolara orain dela lau bat urte.
Dena den, bertso-eskolara hasteko bidea bezala desberdina da bertsoarekin orain arte izan duten harremana. Mixel Etxekopar xirularekin hasi zen eta hala ezagutu zuen Etxahun Iruri. Orduan ez zuen bertso-saiorik ikusi, baina Etxahun ere koplen eta kantuen munduan oso sartua omen zegoen. 1978 inguruan Alkhat eta Mendiburu entzun omen zituen inprobisatzen eta amets batean bezala ari zirela iruditu omen zitzaion. Pastoraletarako kantuak egiterako orduan ere ba omen dago bertsoarekin zubirik. Beraz, bertsoaren haria ez omen da inoiz eten Zuberoan, baina bat-batekoarena bai. Ostatuetan beti gorde izan omen da zaletasuna.
Johaiñe Sarraillet ikastolan hasi zen bertsozaletzen.
Ramuntxo Christy aspalditik sentitzen da bertsozale. Aiherran bizi zela maite omen zuten bertso batzuk kantatzea, eta hala zaletu omen zen. Geroago lotu zitzaion bertsoari egiaz, Maulen.
Xan Alkhatek aita bertsolaria du eta horren bidez ba omen zuen bertsoarekin harremana. Hasieran ez omen zen bertsozalea, baina finalak jarraituz emeki-emeki bertsozaletu omen da.
Joanes Etxebarria Kanbora joaten zen kolegiora, eta han elkartzen zen orain bertsolari diren gazte andana batekin. Tartean ziren Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua. Asteburuetan saio bat edo beste ikustera joaten ziren, baina ez zion bestelako gogorik sortzen. Hala ere, irakasleen artean Aitor Sarasua zeukaten, eta hark motibatu zituen bertso-eskola bat sortzeko. Bi saio egin eta horretan utzi omen zuten, eta urteetan bertsozale izan bada ere aski urrunetik jarraitu izan du. Baina Maulen bertso-eskola bazela jakin zuenean izena eman zuen.
Joanesek lotura egingo luke bertsoaren eta Zuberoako kultura munduaren artean. Nahiz eta Etxahun izan zen Zuberoako azkeneko erreferentzia bertsolari gisa kantoriak, maskaradak eta pastoralak beharrezkoa da bertsotik hurbil den hori: mintzatzeko manera hori... Bien arteko zubia posible zela ikusi zuenean hasi zen bertsotan. Hasieran batuan hasi bazen ere berehala sentitu omen zuen zubereraz aritzeko beharra, bertako kulturarekin bat bertsotan egiteko.
Orain dela bi urte eman zuten xapelketan parte hartzeko pausua; Xan Alkhat izan zen lehenengo ausartu zena. Ramuntxo Christyren iritziz zorte handia izan dute, xapelketara baino lehenago plazara jauzi egiteko aukera izan baitzuten. Zuberoan galdua omen zen bertsolariak entzuteko ohitura hori, baina hasi eta berehala egin omen ziren plazan aritzeko deiak. Gonbidapen horiek jasotzeak indar handia eman omen die. Bertsolari batzuen beharra sentitzen zenean kanpoko inori baino lehenago deitzen diete beraiei.
Mixel Etxekoparri sekulako poza ematen dio bertsolariak ikusteak. Musikaren Egun batean kantatu omen zuen lehenengo aldiz jendearen aurrean bertso bat. Hori gertakari bat izan zela dio, eta urrats handia izan zela.
"Gure funtzioa da indar berri bat ematea bertsolaritzari Zuberoan"
Aurten lehenengo aldiz Zuberoako ordezkari bat izan da Zuberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako finalean: Joanes Etxebarria. Beretzat, ordea, finala ez da gailurra, sinbolo azkar pertsonal bat baizik. Garrantzitsuena asterik asteko lana delakoan dago, eta beraien indarra ostegunero biltzea dela uste du. Askotan txapelketa akuilu bezala hartzen omen da, jendea horretarako prestatzen da. Joanesek bertso-eskolan hasi zenetik ia ez omen du hutsik egin, eta gainerakoek ere ez. "Atxikitzen den ibilbide horrek daukan indarra da garrantzitsu". Finalari garrantzia ematen dio, baina bertso-eskolari zutik indar horrek eusten diolakoan dago.
Johaiñe Sarraillet bertso-eskolan hasi zenean Karlos Aizpurua omen zuen irakasle, eta honek galdetu omen zion Eskolarteko Txapelketara joan nahi zuen. Johaiñek, 12 urte zituen orduan, baietz erantzun zion, ezer egingo ez zuelakoan. Eta azkenean hurrengo fasera sailkatzea ere lortu zuen.
Ostegunero giro onean biltzen dira bertso-eskolan. Mixel Etxekoparren hitzetan "Xiberoko Botza honetan sentitzen dut argi bat dela pizturik". Gaztetan ez omen zen saio handietan ibiltzen, baina gero eta bertsozaleago sentitzen da.
Bertsoak berak badu bere hizkuntza propioa. Zuberotarrak izaki ea bertsotarako hizkera berri bat sortzea egokitu zaien galdetuta ezezkotan dago Joanes. "Beharbada partez bai, ez ditugu bertsolariak erreferentzia gisa. Niretzat Etxahun bada erreferentzia bat historikoa, baina ez dit balio egungo". Hala ere kantorietan aurkitzen omen ditu jarraitzeko moduko erreferentziak. Bere zuberotarra pobrea delakoan dago Joanes, eta hobetu beharra sentitzen du. Bere iritziz lehendik kulturan dutena berreskuratzea da lehenengo lana, eta ondoren etorriko dira hiztegi errimatuak eta gainerakoak. Mixel Etxekoparrek zuberotarra lantzea eta atxikitzea du helburu, hala biziarazteko. Baina, bertso munduan sartuz gero erreferentzia gehienak hegoaldekoak edo lapurdikoak dira, eta nahitaez erakartzen ditu horrek. "Bizi osoa badugu euskararen ikasteko" dio.
Joanesen ustez, nahiz eta garrantzitsua den zuberera bultzatzea, beti kontuan hartu behar da euskaldunak garela, eta ez du zalantzarik egingo euskara batutik hitzak hartzeko, plaza guztietan ulertzeko. "Batzen bagira zuberotar hutsean ez du balio kanpora joateko kantatzera". Bien arteko oreka hori bilatu beharra aldarrikatzen du.
Xan Alkhatentzat errimategiak badu bere garrantzia; zuberotarrak behar luke bere errimategia. Baina bertsotan aritzean euskararekiko maitasuna areagotu egiten da, eta errimak lantzeko joera beti sortzen da. Bertso-eskolan aritu daitezke errimak lantzen, baina errimategia aberastekotan zaletasunetik egin behar delakoan dago; norbere gogoaren arabera.
Ramuntxo Christyk zehazten du bertso-eskolan ez dutela metodologia bat finkatzen. Elkartu eta kantatu eta kantatu aritzen omen dira. Librean buelta batzuk egin eta ondoren hasten omen dira elkarri gaiak jartzen. Aurretik ez omen dute zehazten zer egin behar duten. Xan Alkhatentzat, gainera, oso zita garrantzitsua da bertso-eskolarena.
Inguruan dauzkaten saioei buruz galdetuta Mixel Etxekoparrek Bapatean argitalpenean datozen datuei egiten die erreferentzia. Bistakoa omen da Zuberoan ez direla saio asko egiten; "zifretan bermatzen bazira zure buruaz beste egiten duzu, dinamiketan bermatzen bazira baduzu borrokatzeko gogoa". Beren espazioak sortu omen dituzte: Musikaren Eguneko bertsopaper lehiaketa bertso-saio bihurtu dute; Maule Lextarreko bestetan plazatxo batean saioa egiten dute urtero eta hortik aurrera bestelako emanaldiak ere izan dituzte: Gu ta Gutarrak, Bertso-Jazza... Dena den, saio formalak gutxi omen dira. Xan Alkhatek zehazten duenez Xiberuko Botzarekin batera ari dira saio bat egiten urtero. Eta Bertsularien Lagunak elkartearekin batera ere zenbait saio antolatzen dituzte, bai Hernandorena sarian eta bai Xapelketan. Ramuntxo Christyk eman du hainbeste lan egitearen arrazoia: "guretzat bertso-eskolaren funtzioa ez da guk plazer hartzea lagun artean bilduz, baina aldiz indar berri bat ematea bertsolaritzari Zuberoan. Hemengo jendeari bertsolaritzaren harra deskubriarazi nahi diogu".
"Ez deno ezagutzen euskara hizkuntza ofizial bezala, urratsak beti tipi izanen dira"
Baina, ze dinamika bultzatu beharko lirateke Zuberoan bertsolaritzak aurrera egin dezan? Mixel Etxekoparren iritziz Bertsularien Lagunak elkartea lan handia egiten ari da. Baina giltza bere taldean dagoela uste du. Zuberoako kantu-eskolek lehen funtzionatu zuten moduak balio dezakeela uste du: "guk plazer hartzen badugu eta plazan plazerra hartzen badugu segur izanen dugu jarraitzea". Dena den, ez du zalantzan jartzen Euskal Herrian osotasun bezala hartu behar dela bertsoaren mundua.
Joanes Etxebarriaren iritziz orain arte zabaldu izan diren bideek beren fruituak ekartzen dituzte, nahiz eta bidea oso luzea izan eta emaitzak emeki-emeki ikusi. Urte gutxi dira saioak antolatzen hasi zirenetik, baina, bere ustez, bada bertsozale talde trinko bat. Beraz, oraingo bidea ona delakoan dago, jende asko baita plazer hartzen duena.
Herriko Etxetik jasotako erantzunarekin pozik dago Mixel Etxekopar. Aurten, esaterako, bertatik atera da Bertso-Jazza Maulera eramateko dirua. Geroz eta jende gehiago ari da ohartzen bertsoa zer den, euskaldun izan arren askok ez baitzekiten zer zen ere. "Mauleko auzapeza euskalduna da, euskaltzalea, eta badakit esker handia diola bertsoari eta bertsoaren emaileari. Bertsoa botatzen dugunean, izan dadin Barkoxen edo Larrainen, nonbait pizten da Ligets eta Etxahunen izpiritua. Nik hori dut atsegin".
Ramuntxo Christyk Zuberoako Herri Elkargotik jasotako laguntza ere eskertzen du, horri esker jarraitzen baitute aurrera. Besteak beste, gazteen bertso-eskolara irakasle bat etortzen da, eta horretarako beharrezkoa da diru-laguntza. Joanes, dena den, ez dago hain gustura: "Nik uste dut urratsak eman direla, adibidez Bertso-Jazza Herriko Etxearen laguntzaz ekarri zen hona. Baina badakit Bertso-Jazza ekarri aitzin kultur-teknikariak galdatu zidala frantsesez: "hire ustez bertsoa maitatuko die jendek, ez da kakingarri izanen? Nik galdetu diat Herriko Etxean euskalduner eta horientzat kakingarri duk". Holako jendea hor deno ez dira animaleko urratsak ematen ahal". Gainera, euskararen egoerari lotua ikusten du bertsolaritzaren etorkizuna ere: "Ez deno ezagutzen euskara hemengo hizkuntza bezala, hizkuntza ofizial bezala, urratsak beti tipi izanen dira. Eta egia da orain sos laguntzak badirela eta beste, baina domaia dena da herri mugimenduak duela beti tiratzen instituzioarengana eta sos amiñi bat hartzen hola. Sosa baita, ez da inplikazioa izan politikoa orain artean. Ea noiz heltzen zaigun momentua ikusteko gure kargudunak egiten egiazko pario ausartak euskararen alde. Hemen instituzionalki bada lan erraldoia egiteko eta, oraingoz, beti herritarrek ditugu tiratzen gure kargudunak eta hori kanbiatuko delarik, beharbada, ni positibo izanez naiz baina horra arte ez". "Positibo eta zahar izanen haiz" erantzuten dio Mixel Etxekoparrek, irriz.
Johaiñe Sarrailletek dio hasieran bi lagun zirela bertso-eskolan, ondoren beste bi hasi zirela baina utzi egin dutela. Dena den, bere inguruko gazteek bertsoa maite dutela ikusten omen du.
Xan Alkhaten ustez bertsoak Zuberoan irautea nahi badute bertso-eskolako dinamikarekin jarraitu behar da eta saioak antolatu. Gainera, bere iritziz Joanes finalera iritsi izana garrantzitsua izan daiteke, zenbait zuberotar gazte proiekta baitaitezke Joanesengan. Mixelek ere bat egiten du uste horrekin, orain arte bertsolaritzatik urrun egon den jendea hurbildu baita.
Dena den, Joanesek hilabete batzuetan ez du saiorik egingo, kanpora baitoa. Hasieran bidaia luze bat egiteko asmoa bazeukan ere txapelketa honek beste ikusmolde bat eman baitio; ate bat zabaldu dio. Gustatuko litzaioke saio batzuk egitea, bere lagunekin, ahal bada.