Amets Arzallusek irabazi du zintzarria Julio Sotorekin buruz burukoa jokatuta
Beraiekin batera aritu ziren Miren Amuriza, Jokin Uranga, Miren Artetxe, Sebastian Lizaso, Rosi Lazkano, Hodei Iruretagoiena, Ander Solozabal eta Jone Uria. Giro ederrean joan zen saioa.
Ostiralean jokatu zen Zarauzko Kopla Txapelketa, Putzuzulo gaztetxean. Urtero bezala giro beroa izan zen, eta jende ugari gelditu zen kanpoan, lekurik ez zela eta. Honako bertsolari hauek aritu ziren oholtza gainean:
Miren Amuriza Jokin Uranga Miren Artetxe Sebastian Lizaso Rosi Lazkano Amets Arzallus Hodei Iruretagoiena Julio Soto Ander Solozabal Jone Uria
Hiru lan egin behar izan zituzten lehenengo atal honetan: binaka librean, binaka gai baten inguruan eta binaka gai baten inguruan baina musikarien laguntzaz. Saio umoretsuak izan ziren denak, eta, oro har, maila onekoak. Hemendik sei bertsolari sailkatu ziren bigarren fasera, publikoak hala aukeratuta. Honako hau izan zen seikotea:
Jone Uria Sebastian Lizaso Miren Amuriza Amets Arzallus Miren Artetxe Julio Soto
Hemen ere librean aritu ziren lehenengo eta gai baten inguruan ondoren. Eta, berriz, ere galbahea. Honako honetan bi izen atera zituen publikoak buruz burukoa jokatzeko: Amets Arzallus eta Julio Soto. Biek saio polita osatu zuten buruz burukoan. Lehenengo librean aritu ziren hiru minutuz. Ondoren, bakarka, objektu bati kantatu behar izan zioten bi minutuz. Julio Sotori aldaba egokitu zitzaion eta mirila Amets Arzallusi. Bukatzeko, lau minutuan ofizioka aritu ziren. Saio umoretsua osatu zuten, eta oso goitik bukatu zen finala. Azkenean Amets Arzallusek jantzi zuen zintzarria, festa ederraren erdian.
Bertsoaldi onenak laster izango dira ikusgai Bertsoa.com-en.