Kameleoia izango da aurtengo irudia 2011-01-11

Urtarrilaren 29an Bertso Eguna ospatuko da Donostian

Eguerdiko 12etan kalez kale ibiliko dira bertsolariak Alde Zaharrean, 18etan ekitaldi nagusia egingo da Kursaaleko areto nagusian eta 21etan Afaria eta festa izango dira Kursaalean bertan, NiNeu jatetxean. Sarrerak salgai daude jada.
 Aurten ere Bertso Eguna ospatuko da Donostian. Urtarrilaren 29an izango da, eta honako hau izango da egitaraua:

 -12etan bertsolariak kalez kale ibiliko dira kantuan Donostiako Alde Zaharrean
 -18etan ekitaldi nagusia egingo da Kursaaleko Areto Nagusian
 -21etan afaria eta festa ospatuko dira Kursaalean bertan, NiNeu jatetxean

 Urtero bezala, aurten ere irudi baten gainean eraiki dute saioa. Kameleoia izango da aurtengo sinboloa, eta horren bidez bertsolariek baliabide gutxi erabilita edozein ingurutara moldatzeko daukaten gaitasuna erakutsi nahi da. Elementu asko dira saioa baldintzatzen dutenak, eta espazioa eta publikoa izango dira, beharbada, nagusiak.

 Antolatzaileek oraindik bertsolarien izenik zabaldu ez badute ere 16 bertsolari ariko dira ekitaldi nagusian kantuan.

 Bertsozale Elkarteko Sustapen sailak hartzen du Bertso Eguna antolatzeko ardura, eta aurten talde gaztea deitu du ideia lantzeko. Julio Soto, Unai Gaztelumendi, Jone Uria, Jokin Castaños, Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpuru aritu dira lan horretan.

 Bertso Eguna iristeko aste batzuk falta badira ere, sarrerak salgai daude jada hemen. Afaritarako sarrerak bazkideek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte hilaren 16ra arte. Bakoitzak bere sarreraz gain beste bat hartu ahal izango du gehienez. Hortik aurrera bazkide ez direnek ere izango dute erosteko aukera. Dena den, aurten afaritarako sarrerak ahalik eta azkarren hartzea komeni da, 650 lagunentzako egongo baita tokia (iaz baino 100 gutxiago), iazko estuasunik izan ez dadin.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri