Jone Miren Hernandezek lau argazki eta lau begirada bota zizkion bertsolaritzari. Xabier Odriozolak, berriz, genero-sistemari buruz hitz egin zuen. Jendea gustura gelditu zen.
Joan zen ostegunean hasi ziren "Umorez: Generoa Bertsolaritzan" izeneko jardunaldiak. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Genero Batzordeak antolatu ditu jardunaldi hauek. Azken urteotan hitzaldi eta hausnarketa bat baino gehiago izan dira generoari eta bertsolaritzari buruz, eta horietan sakontzeko antolatu dira jardunaldiak. Ostegunean izan ziren lehenengo bi hitzaldiak:
Jone Miren Hernandez: "Emozioen labirintuan: emakumeen hitza, ahotsa eta bertsolaritza: norabide ezberdin baten bila?"
Jon Artanok aurkeztu zuen Jone Miren Hernandez antropologoa. Une honetan bertsolaritza eta geneneroaren inguruko ikerketa batean murgilduta dabil. Oraindik bide luzea dauka egiteko, eta abiapuntuan dagoela zehaztu zuen hitzaldiaren hasieran. Dena den, ikerketa aplikatua egitea gustatuko litzaiokeela zehaztu zuen, hau da, gero Bertsozale Elkarteak hori erabiltzeko aukera eman nahiko luke. Hitzaldian lau argazkitan aztertu zuen bertsolaritzarekin daukan harremana.
Lehendabiziko argazkia antropologo-ikerlari baten begietatik egindakoa izango litzateke. Bertan Jon Sarasua, Joxerra Garzia eta Andoni Egaña agertzen dira. Jone Mirenek zehaztu zuenez bertsolaritzan oso gutxi da landuta dagoena, eta alde teknikoa izan da gehien aztertu dena, eta bertsozale eta bertsolarien ikuspegitik gehienbat. Gainera, gizonezkoek egindako lanak izan dira, eta gizonezkoei buruz egindakoak. Emakumeek egindako lanak egon diren harren ez omen dira ezagutzaren corpusean sartu. Karmen Larrañagaren izena azpimarratu zuen Jone Miren Hernandezek bereziki, nahiz eta emakumeen esperientziak soilik ez jaso, teorizatu egin zuelako.
Bertsolaritzaren alderdi sinboliko eta soziala interesatzen zaio Jone Miren Hernandezi. Bere iritziz, bertsolaritza oso lotua dago euskal kultura eta gizarteari, eta "lehio bat" da honen aldaketak aztertzeko. Egiteko "asko" dagoela nabarmentzen du, "bertigoa" ere ematen diola, baina "emozioa" ere bai.
Bigarren argazkia bertsozale batek egindakoa izango litzateke. Argazki horretan On Manuel Lekuona ageri da, Sebastian Lizasori txapela janzten 1986an. Bertsolaritzarekin izan duen harremana azaldu zuen Jone Miren Hernandezek osteguneko hitzaldian, eta harreman horretan presentzia nabarmena du Lekuonak. Gaztetatik ezagutzen bazuen ere, bertsolaritzan murgiltzen hasi zenean berriz aurkitu zuen On Manuel Lekuonaren figura. Hasieran bertsozale ez bazen ere, orain bertsolaritzan dena iruditzen zaio harrigarria. Horretarako elementu objektiboak ikusten ditu alde batetik: nola zabaldu da bertsolaritza horrenbeste azken 30 urteotan?
Bertsolaritzak izandako aldaketa ere harrigarria iruditzen zaio, eta txapelketa horren erakusgarri izango litzateke. "Belaunaldien arteko harremanak gauzatzen dira hor, transmisioak funtzionatu egiten du". Gaur egun, bertsolaritza zabaltzeaz gain antolatu ere profesionalizatu egin delakoan dago, eta pisu nabarmena dauka euskal kulturan, gainera. Bertsolaritza "aldatu gabe aldatu delakoan" dago. "Alde batetik, bertsolaritza bereziki praktika bat da: espazio eta une batean gauzatzen da". Horregatik, aukera bat iruditzen zaio une horretako gizartea ulertzeko. "Komunitatea praktikan jartzen da, eta eragin ere egiten du aldi berean. Oso oinarrizko gauzak mugitzen dira: ahotsa, emozioak... Horiek beti iraun dute, ez dira aldatu".
Hirugarren argazkia ikerlari, bertsozale eta emakume batek egina da. Bertan, Estitxu Arozena eta Erika Lagoma ageri dira. Jone Miren Hernandezek dioenez emakume asko daude bertsolaritzan, gutxiago dira bertsolariak. Hala ere, beti egon izan dira. Genealogia hori landu egin behar delakoan dago. Izan ere, bertsolaritza gizonezkoena da, beren neurrira egina dago. Baina hori ez da bertsolaritzan bakarrik gertatzen, euskal kultura eta gizartearen parte ere bada. Bertsolaritzatik hausnarketa batzuk ateratzen ari direlakoan dago. Ikerketarako egin dituen elkarrizketetan ikusi duenez hainbat emakume "arraro" sentitzen dira kantuan; desberdin, arroz. Emakume guztien ordezkari ere sentitu dira. Dena den, bidearen puska bat egin delakoan dago.
Publiko oso ezberdinak daude bertsolaritzan, baina emakumeek sortu edo irabazitako espazioetan, agian, giro tradizionaletan baino erosoago sentituko direla uste du. Gainera, berrikuntza asko iritsi dira emakumeen eskutik, aldaketaren protagonista izaten ari dira. Horrez gain, eten ez den kate bat, genealogia bat ere badagoelakoan dago: Kristina Mardaras, Arantzazu Loidi, Estitxu Arozena, Maialen Lujanbio... Sareak, inertziak eta harremanak osatu dira.
Laugarren argazkia pertsonalagoa da, eta Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi ageri dira hor. Maialen Lujanbiorekin bertsolaritzaren kontzeptualizazioan aldaketa bat gertatu dela iruditzen zaio Jone Miren Hernandezi. Emozioen gaia jarri du mahai gainean, eta pista bat utzi du bertsolaritzaren beste definizio bat posible dela ikusteko. Lehenago aipatutako oratoria eta arrazoiarekin kontrajarriz gero eredu ezberdinak sortzen dira, eta hor dago genero-sistema. Arrazoia, autoritatea... maskulinoarekin lotuta doaz. Eta emozioa, berriz, legitimitate-faltari lotzen zaio, femeninoari. Hori nahiko dikotomia artifiziala dela uste du Jone Miren Hernandezek, kulturalki ere sortzen direlako emozioak. Sentimendu batzuk adieraztea, gainera, aldarrikapen politiko ere bihur daiteke: amatasuna onartzen zaie emakumeei, baina gorputz edo sexualitatearekin lotutako emozioak ez. Horiek emakume emozionalengan biltzen dira eta arriskutsutzat hartzen dira. Hala, emozio hauek indibidial bihurtzen dira, ez konpartitu; eta publikoan ez dira adierazi behar. Korronte feminista batzuk emozio hauek aldarrikatzen dituzte, taldean konpartituak baitira: emozio politikoak dira.
Historikoki emakume transmisoreak eta emakume traidoreak bereizi izan direla azaldu zuen Jone Miren Hernandezek. Horrek, seguru asko, bertsolaritzan ere izango zuen eraginik. Bertsolariek leku komun batzuetara jotzen dute ideien bila, eta interesgarria izango litzateke horiek aztertzea. Garai batean bertsolaria gorputz bat, egoteko modu bat zen. Baina hau luzatu zuen: ze gorputz espero da emakumeengandik? Emakume transmisorea edo traidorea?