Bertso Udalekuak 2011-03-14

Dagoeneko eman daiteke izena aurtengo bertso-udalekuetan

Aurten Bidarrain, Zuhatzan, Zerainen, Arrazolan eta Irañetan izango dira txandak. Maiatzaren 5a arte egongo da izena emateko aukera.
 Aurten ere Bertso Udalekuak antolatu ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Gazte eta gaztetxo bertsozaleei zuzendutako eskaintza da. Talde txikiak egoten dira bertan, eta bertsolariak ezagutu eta zuzenean entzuteko aukera ematen dute. Gainera, Euskal Herri mailan, beste herrialdeetako lagunak egiteko aukera ere izango da.

 Bertso Udalekuak izan arren bertara joateko ez dago bertsotan jakin beharrik, bertsolaritza gustuko dutenei begira antolatzen dira. Beraz, ez da bertsolaritza klaserik emango, eta bertsoari lotutako ekintzetan bakoitzak bere neurrian hartzen du parte. Hala, bertso-afariak, kantaldiak, piropoposta, txangoak, showak, jolasak, kirolak, udalekuetako diska eta beste hainbat ekintza izango dira.

 Aurten ere bost txanda antolatu dituzte:

 Bidarrain (Behe Nafarroa) uztailaren 3 eta 9 bitartean egingo da txanda, 12 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Raftinga, trinketea, mendi irteerak eta beste mila abentura egingo dituzte. 160 euro ordaindu beharko du bakoitzak. 43 lagun elkartuko dira bertan.

 Prezio bera izango du Zerainen (Gipuzkoa) uztailaren 10 eta 16 artean egingo den txandak ere. 15 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak ibiliko dira bertan, eta inguruak ezagutzeko aukera izango da. Guztiara 35 lagun izango dira bertan.

 Uztailaren 17 eta 23 bitartean Irañetan (Nafarroan) egingo da txanda. 9 eta 11 urte bitarteko 35 gaztetxo elkartuko dira bertan. Aralar eta Andia mendizerren magalean dago Irañeta, eta frontoi estalia eta igerilekuak hurbil daude. Hemen ere 160 eurokoa izango da prezioa.

 Arrazolan (Bizkaia) egingo da laugarren txanda, uztailaren 24 eta 30 bitartean. 12 eta 14 urte bitarteko 45 gaztetxo ibiliko dira bertan, Anbotoren magalean. Guztira 160 eurokoa izango da prezioa.

 Azkeneko txanda Zuhatzan (Araba) egingo da irailaren 1etik 4ra. 9 eta 11 urte bitarteko 45 gaztetxo ibiliko dira bertan, ur kirolak, jolasak eta gaubelak eginez. 90 eurokoa izango da prezioa.

 Izena emateko epea martxoaren 15ean ireki eta maiatzaren 5ean itxiko da. Bi aukera daude matrikula egiteko. Telefonoz egin daiteke, www.bertsozale.com helbidean. Telefonoz egin nahi izanez gero honako hau da zenbakia: 943 69 41 29. Txandak osatzerako orduan ez da zozketarik egingo, izena eman ahala osatuko dira.

 Aurten Bertsozale Elkartearen eskaintzaz gain Arabako Foru Aldundiak ere bertso-udalekuak egingo ditu Barrian, uztailaren 1etik 7ra. EAEko haurrei zuzenduko zaie eskaintza eta martxoaren 29tik apirilaren 3ra egongo da izena emateko aukera. Internetez egin daiteke, www.alava.net helbidean. Telefono-zenbakia, berriz, honako hau da: 945 18 19 95. Kasu honetan txandak zozketa bidez osatuko dira apirilaren 13an.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri