Gipuzkoan Oñatin kanporaketa izango da ostiralean. Araban, Elosun 14 eta 18 urte artekoen kanporaketa izango da ostiralean Elosun.
Bi aste dira Bizkaian Eskolarteko Bertsolari Txapelketa hasi zenetik. Ordutik, probintzia gehienetan martxan jarri dira jada.
Gipuzkoan ostiral honetan 3. kanporaketa jokatuko da Oñatin. Txantxiku ikastolan idatzizko kanporaketa egingo dute arratsaldeko 15etan. Bat-bateko saioak 16etan hasiko dira, Santana Aretoan.
Azkeneko kanporaketa datorren ostiralean izango da, Lazkaoko San Benito ikastolan eta Areria zineman.
Finala ekainaren 3an izango da, Azpeitiko Izarraitz Pilotalekuan, arratsaldeko 16etan hasita.
Araban ere kanporaketa izango da ostiral honetan. 14 eta 18 urte arteko bertsolariak ariko dira Elosun, iluntzeko 20:30etan. Behin ostiraleko saioa jokatuta, erabakita egongo da ze bertsolari ariko diren finalean. Hilaren 28an izango da finala, Legution, Arabako Bertso Eskolen egunaren baitan. Eguerdian gaztetxoen finala egingo dute eta arratsaldeko 16etan 14 eta 18 urte artekoena.
Bizkaian bukatu dira idatzizko saioak jada eta bat-batekoak datorren astean hasiko dira. Honako hau da egutegia:
MAIATZAREN 24a, ASTEARTEA
Bermeoko Eleizalde ikastolan, 15etan
14 urtera artekoen kanporaketa
MAIATZAREN 25a, ASTEAZKENA
Markinako Kultura aretoan, 15etan
15 eta 16 urtekoen kanporaketa
MAIATZAREN 26a, OSTEGUNA
Ondarroako Zubi Zahar ikastolan, 15etan
17 eta 18 urtekoen kanporaketa
Bat-bateko finala ekainaren 3an izango da, Bilboko Indautxuko "El Carmen" aretoan, 11etan.
Ipar Euskal Herrian oraindik ez da hasi txapelketa. Maiatzaren 27an izango da lehenengo saioa, ostiralez, Bertsulari Ttiki Egunaren barruan. Izpuran izango da ospakizuna, Faustin Bentaberri gelan.Ikastola guztietako haurrak bilduko dira bertan (530 inguru), eta han gaztetxoen finala egingo dute, taldeka. Hor erabakiko da Iparraldeko hiru probintzietatik ze ordezkaritza joango den Euskal Herriko Eskolarteko finalera. Bertsopaperen sari-banaketa ere han egingo dute.
14 eta 18 urte artekoen finala hurrengo egunean egingo dute, larunbatez, Baionako Kalostrapen. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da saioa.
Nafarroa izango da Eskolarteko Txapelketei ekiten azkena. 14 urte artekoen saioa ekainaren 4an jokatuko dute, Larraintzarren, Bertso Eskolen Egunaren barruan.
14 eta 18 urte artekoek maiatzaren 27an egingo dute saioa, ostiralez.