Transmisioa bertsolaritzan 2011-11-09

20.270 ume ikastetxeetan bertsolaritza lantzen, Elkartearen eskutik

Aurtengo ikasturtean 20.000 umetik gora dira Bertsozale Elkarteren eskutik ikastetxean bertsolaritza lantzen ari direnak. Iaz baino 47 ikastetxe gehiago eta ia 3000 ume gehiago. Hogeita hamasei irakasle ari dira zeregin horretan. Aurtengo berritasun nagusia Ikastolen Elkartearekin lortutako hitzarmena da.
2011-2012 Ikasturte honetan guztira 374 ikastetxetako 20.270 ikaslek  landuko da bertsolaritza Bertsozale Elkartearen eskutik. Iazkoarekin alderatuta, 47 ikastetxe berri sartu dira proiektuan eta 2.828 ikasle gehiago dira. Hori guztia aurrera eramateko Bertsozale Elkarteko 36 bertsolaritza irakasle dira gelaz-gela proiektua garatzen dutenak. Zeregin horretan herrialdeetako zein Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisio saileko langileen ezinbesteko laguntza jasotzen dute.

Ikasturte berri honetan, Bizkaian emandako jauzia nabarmendu du Bertsozale Elkarteak, Ikastolen Elkartearekin sinatutako elkarlan hitzarmena eta irakasleen formazioarekin batean. Lehen aldiz Bizkaiako ikastola guztietan egin da Bertsozale Elkartearen proiektuan parte hartzeko eskaintza. Bizkaiako 15 ikastolatan eskaini da proiektua, eta ikasturte honetan 11 ikastolak hartuko dute parte (676 ikaslek).  Ikastetxe publiko berriak ere sartu dira proiektuan, 10  ikastetxe hain zuzen ere. Guztira, 52 talde berri eta 1078 ikasle berri sartuko diren ikasturte honetan. Jauzi honekin,  Durangaldeko eta Ezkerraldeko transmisio proiektua indartu dira bereziki.


Herrialdez herrialde, honakoa da ikasturte honetako argazkia:

ARABA
• Ikastetxeak: 41 (iaz 33 ziren)
• Ikasleak: 2060 (iaz 1623)
• Taldeak:134 (iaz 88)
• Irakasleak: 5 (iaz 4)
Araban hainbat ikastetxe eta ikastola sartu dira transmisio proiektuan: Toki Eder ikastola (Gasteiz), Gorbeia ikastola (Zigoitia), Arteko Gure Ama (Artziniega), Lamuza herri ikastetxea, Laudio Ikastola, La Milagrosa ikastetxea eta Fabian Legorburu ikastetxea (Laudio) eta Bastida Ikastola (Bastida)
Aiaraldean Laudion eta Artziniegan bertsogintza lantzen hasita, eskualdea asko indartu da. D eta B ereduko ikastetxe guztietan ematen da bertsolaritza. Gorbealdean eta Errioxan ere D ereduko ikastetxe guztietan.
Horrez gain, bi bertso eskola berri sortu dira Araban, Laudioko Bertso Eskola eta Murgiako Bertso Eskola. Tailerren bidez, bertso eskolarik ez dauden eskualde eta herrietara heltzeko asmoa dute: Barrundia, Artziniega edota Añana.

BIZKAIA

• Ikastetxeak:156
• Ikasleak: 7.023 (1.078 gehiago)
• Taldeak: 248 (52 gehiago)
• Irakasleak:15
Lehen aldiz, Bizkaiako ikastola guztietan egin da Bertsozale Elkartearen proiektuan parte hartzeko eskaintza. Bizkaiako 15 ikastolatan eskaini da proiektua, eta ikasturte honetan 11 ikastolak hartuko dute parte (osotara 676 ikaslek). Horiez gain, 10 ikastetxe publiko berri sartu dira transmisioa proiektuan.
Herrialdearen barruan ikasturte honetan bereziki Durangaldean eta ezkerraldean indartu da bertsolaritzaren transmisioa.

GIPUZKOA
• Ikastetxeak: 125
• Ikasleak: 9.394
• Taldeak: 454
• Irakasleak: 11
Ikasturte honetan hainbat ikastetxe berri sartu dira proiektuan: Legazpiko Haztegi Ikastola; Errenteriako Koldo Mitxelena eta Langaitz Ikastola; eta Donostiako Nuestra Señora de Aranzazu, Santa Teresa Ikastetxea eta Jakintza Ikastola.
Hainbat herritan ere, sendotzen ari da bertsolaritzaren transmisioa. Errenteria aurreko ikasturtean sartu zen proiektuan, Cristobal Gamon ikastetxeak apustu irmoa egin zuen eta berak ekin zion bideari. Aurten, bi ikastetxe gehiago daude, Koldo Mitxelena eta Langaitz. Horrez gain, sinatu berrian den hitzarmenari esker, Errenteriako Udalaren laguntza jasoko du proiektuak. Era berean, Legazpi ere sartu da proiektuan, oraingoz, Haztegi Ikastolaren eskutik.
Bertso eskolei dagokionez, oraindik zaila da herrialdeko mapa osoa eskaintzea, baina nabarmentzekoa da Tolosako Helduen Bertso Eskolaren martxa, aurreko ikasturte amaieran jarri zen martxan eta aurten bi talde ari dira lanean.

NAFARROA
• Ikastetxeak:33
• Ikasleak: 1.193
• Taldeak: 51
• Irakasleak:3
Hezkuntza Sailarekin datozen hiru urteetarako hitzarmena sinatu dute Nafarroan, urtetik urtera aurrekontua eta talde kopurua errebisatu eta zehaztuko direlarik. Bertsolaritza irakaskuntzan programa aurrera ateratzeko ezinbesteko diru ekarpena da, Udal eta Mankomunitateen laguntzarekin batera proiektuaren etorkizuna bermatzen duena.
Horrez gain, nabarmentzekoa da Bertso eskolak izaten ari diren hazkundea. Ikasturte berriarekin bost sortu dira: Lekunberriko gaztetxoak, Lekunberriko helduak, Uharte-Atarrabiako gazteak, Barañaingo helduak eta Lizarrako helduak.

XIBEROA, LAPURDI, BAXE NABARRA
• Ikastetxeak: 30. Horietatik, 19 dira asterokoan bertsolaritza lantzen dutenak. Besteak, ikastaldi laburren bitartez.
• Ikasleak: 990
• Irakasleak: 2
Seaskarekin iazko ikasturtean ekin zitzaion berriz ere elkarlanari eta gaur egun Seaskako ikastola guztietan, 19an, eskaintzen da proiektua. Horrez gain, Hegoaldeko Elkargoarekin aurten ere akordio bat sinatu da, horri esker 9 eskola elebidunetan 8 orduz bertsolaritza irakatsiko da.
Lan horren ondorioz, ikasturte honetan jada haurren 22 bertso-eskola talde berri sortu dira (pasa den ikasturtean 9 ziren), guztira 110 bat haur ari dira.
Ikasturte berrian bertso-eskoletako haurrek opari berezia jasoko dute: euren bertso jarri musikatuekin osatutako KD-a banatuko zaio haur bakoitzari.

 Bertsolaritza irakasleen formazioan pauso berri bat: ikasturtean zeharreko formazioa
Bertsolaritza irakasleen formazioan aurrerapauso berri bat eman du Bertsozale Elkarteak ikasturte berri honetan: irakasleek hautatutako gai bat jorratzeko, ikasturte osoko formazioa bideratu da. Gaia "irakaslearen estrategiak" da; Mapi Urresti psikopedagogoaren laguntza jasoko dute. Urtean EH mailako bi mintegitan gaiaren inguruko formazio teorikoa jasoko dute irakasleek, eta ikasturtean zehar herrialdetako irakasle mintegietan formazioari bere orduak eskainiko zaizkio (irakasleek klasean izandako esperientzien gaineko hausnarketak, irakurketak egin ditzaten). Ikasturtean zehar egindako lan hori guztia jasoko da, "irakaslearen estrategiak" fitxatan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri