Igande gauean 22:30etan 2011-11-11

Gipuzkoako txapelketa, Sarako bertsoak eta Ainara Lasa platoan Hitzetik Hortzeran

Ainara Lasa Gipuzkoako txapelketako antolatzaile taldeko kidea platoan dela dator denboraldiko bigarren Hitzetik Hortzera programa. Txapelketa horretan Azpeitiko saioak eman zuena eta Sarako jaialdiko bertsoak izango dira igandean. Zuri-beltzeko Auspoa atala estrenatuko du HHk, hamabosteroko maiztasunarekin. Zapping-ean Angel Mari Peñagarikanok Gipuzkoako txapela jantzi zuenekoa ekarriko du gogora.
Ainara Lasa oiartzuarra izango da asteon platoko gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Lasa G PUNTUko antolatzaile taldean dabil eta Hariketak, lotzea askatzea denean erakusketa jarrita dauka Hondarribiko Modotti tailerrean. Azpeitiko kanporaketan bizitakoaz, bertsolari-bertsozale hartu-emanaz eta arte-sorkuntzaz, orohar, arituko da Ainara Lasa.

Euri-jasa eta uso-pasa
Joan den aste-hondarreko uholdeek lanak eman zizkien zaleei Azpeitiraino iristeko; hala ere bete egin zen Izarraizpe frontoia. Jokin Urangak bildu zuen puntu gehien G PUNTUko azken kanporaketan. Urangarekin batera Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiratzabal Xamoa, Unai Muñoa eta Ane Labaka aritu ziren oholtzan; guztietatik zerbait erakutsiko dute programan. Gainera Sarako bertso-afariko ale hautatuak ere ekarriko dituzte. Mattin Oronozek agindutako jolasetan fin aritu ziren Maialen Lujanbio, Eneritz Zabaleta, Alaia Martin eta Amets Arzallus.  Olhoin ikastolako gurasoek eta gaztetxeko kideek elkarlanean antolatutako Saioa izan zen. Afaltzeko prestatutako uso-jana eta afalosteko bertso-saioa, biak atera ziren primerakoak.

Zuri-beltzeko AUSPOA eta 91ko Gipuzkoako finala
Zuri-beltzeko AUSPOA atala ere estreinatuko dute. Hamabostero emango duten atal horretan kolaboratzaile batek AUSPOA bildumako liburu baten komentarioa egin eta pasarte bat irakurriko du. Lehendabizikoa Estitxu Fernandez kazetari lesakarra, eta berak aukeratutako liburua: Paulo Yanci eta bere lagunen bertsoak. Zapping-ean Anjel Mari Peñagarikanok Gipuzkoako txapela irabazi zuen finala errepasatuko dute. Besteak beste Peñaren garaipenagatik eta Jon Sarasuak kartzelakoan egindakoagatik oroitzen dute bertsozale askok final hura.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri