Aurtengoa 14. edizioa izango da 2011-11-16

Martxan dago San Antontxu bertsopaper lehiaketa

Bi kategoria bereizi dira: 18 urtera artekoek gutxienez 6 bertso eta gehienez 9 osatu beharko dituzte. Hortik gorakoek, berriz, gutxienez 8 eta gehienez 12. Lanak abenduaren 31rako bidali beharko dira.
 Urtero bezala, aurten ere Mungiako Taket Bertsolaritza Alkarteak San Antontxu bertsopaper lehiaketa antolatu du. Aurtengoa 14. edizioa izango da, eta abenduaren 31ra arteko epea zabaldu dute lanak bidaltzeko. Antolatzaileek bi kategoria bereizi dituzte. Gazteen kategorian ariko dira 18 urtera arteko partehartzaileak eta hortik gorakoak helduenean. Gazteek gutxienez 6 eta gehienez 8 bertsoko sortak bidali beharko dituzte, gai eta neurri librean. Multzo honetako irabazleak 200 euro eta taketa jasoko ditu, bigarren sailkatuak 150 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 100 euro eta oroigarria. Horrez gain, sari berezia egongo da Mungiako bertso-sortarik onenarentzat.

 Helduen ataleko partehartzaileek, berriz, gutxienez 8 eta gehienez 12 bertsoko sortak osatu beharko dituzte, gai eta neurri librean. Irabazleak 400 euro eta taketa jasoko ditu, bigarrenak 300 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 200 euro eta oroigarria.

 Lanek berriak izan beharko dute, hau da, inon argitaratu eta aurkeztu gabekoak. Gainera, partehartzaile bakoitzak bi bertso-sorta bidali ahal izango ditu gehienez. Lanak bidaltzeko bi aukera egongo dira. Posta arruntez egin nahi izanez gero, gutunazal batean bidali beharko da sorta, ezizenez sinatuta. Beste gutunazal batean egilearen izen-abizenak sartuko dira, kanpotik ezizena bakarrik jarrita. Gainera, bi gutunazaletan adierazi beharko da gazteen edo helduen atalean parte hartzen duten. Lanaren hiru kopia bidali beharko dira, gainera. Honako hau da helbidea:

  Agirre Jauregia
  Astiunerako Udal Erakundea
  San Antontxu Bertso-Paper lehiaketa
  Taket Bertsolaritza Alkartea
  Aita Elorriaga, 2
  48100 Mungia
  Bizkaia
 
 E-postaz bidaltzeko aukera ere badago. Kasu honetan, bi dokumentu bidali beharko dira. Lehenengoan bertso-sorta eta ezizena agertuko dira. Bigarrenean, berriz, egilearen datuak. Honako hau da helbidea:

 taketba@gmail.com

 Sari banaketa urtarrilaren 15ean izango da, goizeko 12etan Mungiako Matxin Enparantzan egingo den bertso-saioaren barruan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri