San Anton jaiak 2012-01-16
Ez dakigu pasa den ostiraleko saioan bertsolariek Gpuntua aurkitu zuten ala ez, baina barrea eragin, eragin zuten. Umoretik asko izan zuen saioak, gehiena. Hasieran Josu Goikoetxea gai-jartzaileak aitortu zuenez, asmo horrekin prestatu zituen gaiak eta badirudi bertsolariek ere bere egin zutela asmoa; umoretsu aritu ziren Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Alaia Martin eta Agin Rezola.
Hasierako agurren ondoren, betaurreko baikorrak jantziarazi zizkien Josu Goikoetxeak bertsolariei krisiari begiratzeko; eta krisi honek ekarri duen alde edo gauza onen bat kantatzeko eskatu zien bertsolariei. Baita asmatu ere.
Jarraian, eta umorearen motorra geratu gabe, Sarriegi eta Gaztelumendik osatu zuten ofizioa. Urte batzuk aurrera eginda, Lizaso eta Egaña auto-istripu batean hil direnez, Aitor eta Beñat izango dira haien oinordeko Getariako Txakolin Egunean. Lizaso eta Egaña ohiko bertso-bikotea izaten da aurten hilaren 17an ospatuko den Txakolin Egunean; ondo ordezkatuko ote dituzte?
Dena ez zen umorea izan, pisudun gaiak ere proposatu zizkien Goikoetxeak, eta horietako bati abestu zioten Irazu eta Alaia Martinek. Euskal Herriak bizi duen garai berri hauetan, memoriak lekurik izan behar ote duen galdetu zien Jexux Mari eta Alaiari.
Erretzaile-ohiaren eta bere medikuaren lekuan jarri ziren geroxeago Sarriegi eta Irazu. Jexux Mari medikuak agindu-bezala, erretzeari utzi dio Aitorrek baina orduz geroztik, erabat ernegatuta dabil eta bizitza hankaz gora: lanik gabe, dibortziatuta, gizenduta... Ez ote da erremedioa gaixotasuna baino okerragoa izango?
Aipatzekoa koplaka egin zuten saioa ere. Bertsolari bakoitza bekatu kapital banarekin lotu zuen Josu Goikoetxeak: Aitor harrokeriarekin, Irazu lizunkeriarekin, Alaia sabelkeriarekin, Iñaki ondasun-gosearekin, Beñat muturreko haserrearekin eta Agin alferkeriarekin. Saio ederra egin zuten; eta denak ondo aritu baziren ere, Agin Rezolak ederki ulertu zuen zer den alfer izatea.
Saioaren amaiera aldera, Irazu eta Agin aritu ziren elkarri puntuak jartzen, eta ondo baino hobeto erakutsi zuten puntuei erantzuteko duten azkartasuna eta abilezia.
Saio ederra izan zen eta bertsozaleak bero. Saioaren hasiera-hasieratik nabaritzen zen entzulearen bertso-gosea eta ondo asetuta joango ziren etxera. Getariako San Anton jaietan urtero egin ohi dute bertso-saioa eta aurtengoa pasa den ostiralean izan zen.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-09-10
Nerea Bruño - Nafarroako bertsozale Elkateko lehendakaria 2025-09-08
Larunbat gauean 21:00etan Mirari Martiarenak aurketuta 2025-09-02
Basarri Saria irabazi duen sorta da 2025-07-11
Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16