Bardoak - Taldekako txapelketa Nafarroan 2012-02-07

Bardoek gogotik ekin diote

Bardoek gogotik ekin diote
Nafarroako Bardoak txapelketaren barruan, asteburuan lau saio jokatu dira. Malerrekako 'Jituk', Lesakako 'Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak', Baztanago bi talde 'Bar-ideak' eta 'Lepanatatuek' izan dira nagusitu direnak. Hotzari aurre eginez, 250 lagun elkartu ziren saiotan. Heldu den asteburuan zazpi saio jokatuko dira.
Nafarroako Bardoak txapelketaren barruan, asteburuan lau saio jokatu dira. Malerrekako 'Jituk', Lesakako 'Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak', Baztanago bi talde 'Bar-ideak' eta 'Lepanatatuek' izan dira nagusitu direnak. Hotzari aurre eginez, 250 lagun elkartu ziren saiotan. Heldu den asteburuan zazpi saio jokatuko dira.

Elurra, izotza eta tenperatura baxuak oztopo izan ziren, baina ez zuten lortu Bardoak 2012ko saioetako berotasunarekin amaitzea. Osotara, Nafarroako taldekako txapelketako lau saio egin dira asteburu honetan eta horietan guztietan nabarmentzekoa da egon den giro bikaina –hiru saio afariarekin izan ziren-, entzule kopurua -250 entzule osotara- eta saioek eman duten maila ona.

Hiru izan ziren ostiralean egin ziren taldekako txapelketako saioak. Donezteben Casino elkartean afaria egin ondoren bertso saioa jokatu zuten Malerrekako Jituk eta Barañaingo Beteranoak taldeek. 80 bat entzule elkartu ziren herriko Casino elkartean, bertsolarien lanarekin gozamen handia hartu eta azkenean Jituk taldeak eraman zuen jokoan zegoen puntua. Barañaingo taldean nabarmentzekoa da Ander Baianoren debuta eta txapelketako bertsolari gaztearen lana, 15 urteko Mikel Lasarterena.

Ordu berean bertso afaria izan zuten Lesakan, herriko Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak eta Iruñeko Xirristi-Mirristi taldeek. 40 entzule inguruk segitu zuten saioa eta azkenean etxekoentzat izan zen saria. Saio honetan beste bertsolari batek izan zuen jendaurrean lehen aldiz kantatzeko aukera, Iruñeko Xabier Zarralukik.

Eta ostiraleko hirugarren saioa Iruritan izan zen, herriko Gizarte etxean. Bertan Baztango Bar-ideak eta Berako beratarrak aritu ziren, 50 entzuleren aurrean. Azkenean, etxekoek eraman zuten saioa eta haien lehen puntua.

Larunbatean jokatu zen Nafarroako taldekako txapelketako asteburu honetako azken saioa, Elizondon. Herriko Kultur Etxean egin zen saiora 80 bat lagun hurbildu ziren. Bertsotan, Baztango Lepanatatuek taldea eta Larraungo Hautsi ta barratu. Lepatanatuek taldeak azken orduko aldaketa bat egin behar izan zuen, Jon Barberenak ezin izan zuen aritu, haren ordez Julen Zelaieta beratarra aritu zen. Epaileek zein entzuleek hala erabakita, baztandarrek irabazi zuten saioa.

Nafarroako taldekako txapelketak bizi-bizirik segituko du asteburu honetan, zazpi saio jokatuko dira Bera, Barañain, Txantrea, Intza, Aniz, Leitza eta Iruñean. Horien gaineko informazio osoa www.bardoak.com aurkituko duzue.
 
 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri