Maddi Oihenart: "Kantuan amak edo amatxik irakaste ziren, baina ostatuetara gizonak agertzen ziren"
"Kantugintzatik esperientzia bat" izeneko hitzaldian bere ibilbidea aztertu zuen Ixiar Eizagirrek gidatuta. Hasi zenean ez omen zen "ohikoa" emakumeek jendaurrean kantatzea, eta askotan izan duela bere balioa frogatu beharra. "Emakumeek egindako kantu gutxi jasotzen dira, oholtzan kantatzen ez direlako".
"Kantugintzatik esperientzia bat" izeneko hitzaldia eskaini zuen Maddi Oihenartek Villabonan joan zen ostegunean. Ixiar Eizagirrek gidatuta kantugintzan izan duen ibilbidearen errepaso bat egin zuen. Ostatuetan kantari hasi omen zen, nahiz eta orokorrean emakumerik ez zen jendaurrean kantatzen aritzen garai haietan. Hasieran ez omen zen egoera horretaz kontziente, baina geroago askotan entzun behar izan omen ditu komentario deserosoak, emakumea dela eta. "Gizonen gauza" izanik, bere balioa frogatu beharrean jartzen omen zuten askotan. "Gehienei kantuan amak edo amatxik irakatsi zien, baina ostatuetara gizonak agertzen ziren". Emakumeek sukaldean edo elizan kantatzen zuten.
Gaur oraindik ere oholtzara ateratzea kosta egiten omen zaio, lotsatia izaki. Gizonezko musikariekin aritu izan da gerora kantuan, "onartzen zuten emakume batekin kantuz aritzea, baina ez zen ohikoa". Kantu-biltze lanetan ere aritzen da egun. Dena den, emakumeek egindako kantu gutxi jaso izan omen dira historian zehar, oholtzan kantatzen ez direlako.
Transmisioaz ere aritu zen bere hitzaldian. Gaur egun hutsune bat somatzen du Zuberoan transmisioari dagokionez, herri bizitza galtzen ari baita. Hala ere, kantugintza oso tresna eraginkorra iruditzen zaio gazteak euskarara erakartzeko.
Maddi Oihenarten hitzaldiaren inguruko artikulua kaleratu du Jon Eskisabelek Berrian.
Honenbestez, aurtengoz bukatu dira aurtengo Umorez jardunaldiak. Bigarrenez antolatu ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Genero taldeak. Hitzaldi guztiak ikusgai daude Bertsoa.com-eko "Umorez" atalean.