Bardoak - Taldekako txapelketa Nafarroan 2012-03-12

Rimak Exkaxko, Erauntsi eta Bilixkorriko nagusi joaneko saioetan

Bardoak taldekako txapelketa final aurretan da, eta asteburuan Rimak Exkaxko, Erauntsi eta Bilixkorriko nagusitu dira. Final aurreak joan-etorriko bi saiora jokatuko dira, eta datorren asteburuan erabakiko dira finalistak.
Nafarroako taldekako txapelketak bigarren faseari ekin dio asteburuan, Iruñean, Ituren eta Etxarrin jokatu diren hiru saiorekin. Horietan berriro ere entzule mordoa -300dik gora- eta giro ona izan dira ezaugarri nagusiak. Saioen emaitzari dagokionez, Lesakako Rimak Exkaxkok, Oronoz-Malerrekako Erauntsik eta Etxarriko Bilixkorrikok beren saioak irabaztea lortu zuten.

Ostiralean, Iruñeko Iruñazarra ostatuan 100 bertsozale elkartu ziren etxeko Bertze Maldikoak eta Rimak Exkaxko taldeen arteko saioa entzutera. Aretoa goraino beteta, giro beroa sortu zen eta horrek sei bertsolarien jardunean lagundu zuen. Azkenean, Bardoak 2012ko beste taldeetako lau ordezkarien eta entzuleen botoek hala erabakita, jokoan zegoen puntua Lesakara joan zen. Baina saioarekin ez zen dena amaitu, horren ostean afari gozoarekin disfrutatzeko aukera izan baitzen.

Iturenen, berriz, alderantziz egin zuten, lehendabizi afaria eta ondoren saioa. 70 lagun hurbildu zen herriko etxeko ganbarara, Erauntsi eta Leitzaundi taldeen arteko saioa entzutera. Oso pareko ibili ziren bi taldeak eta berdintasuna azken momentura arte izan zen. Baina norbaitek eraman behar zuen jokoan zegoen puntua, eta azkenean etxekoen aldekoa izan zen erabakia.

Asteburuko saiorik jendetsuena Etxarrin izan da. Larunbatean Etxarriko gaztetxean 140 lagun inguru elkartu ziren Bilixkorriko eta Barañaingo Beteranoen arteko saioa entzutera. Giro bikaina lagun, bi taldeek saio polita eskaini zuten eta hemen ere saioa etxekoek eraman zuten.

Bardoak 2012ko bigarren fasea martxoaren 17 eta 18an amaituko da, egun horietan jokatuko baitira bueltako saioak. 17an Leitzaundi eta Erauntsi taldeak Leitzako Aurrera elkartean arituko dira 18etatik aurrera; bertso saioa izanen da eta sarrera 3 eurotan da. Egun berean bertso afaria eginen dute Igantziko Biltoki Elkartean, 21etan hasita. Horren ostean, Rimak Exkaxko eta Bertze Maldikoak taldeen bertso saioa. Afaria eta saioa, 15 eurotan.

Azkenik, bigarren faseko azken saioa martxoaren 18an jokatuko da, Barañaingo Alaitz ikastetxean, 20etatik aurrera. Bertso merendua izanen da eta saio horretan Beteranoak eta Bilixkorriko taldeak arituko dira. Merendua eta saioa, 5 eurotan.

Hurrengo asteburuko saio horietatik martxoaren 31n Leitzako pilotalekuan eginen den finalean arituko diren hiru taldeak aterako dira.

Saioen eta sarreren inguruko argibide guztiak www.bardoak.com web gunean aurkituko dituzue. Sarrera kopurua mugatua da eta aldez aurretik erreserbatzea komeni da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri