Leitzan, martxoaren 31ean, bazkalondoan. 2012-03-19

Etxarri, Oronoz-Malerreka eta Lesaka Bardoen finalera

Etxarri, Oronoz-Malerreka eta Lesaka Bardoen finalera
Lesakako 'Rimak Exkaxko', Oronoz-Malerrekako 'Erauntsi' eta Etxarri Aranazko 'Bilixkorrikok' dira Bardoak txapelketako finalean izango diren hiru taldean, sei final aurreak jokatu ondoren. Finala, Leitzan izango da, martxoaren 31ean, larunbat arratsaldez, bazkalondoan.
Nafarroako taldekako txapelketak bigarren fasea amaituta dagoeneko erabakita gelditu da zein hiru taldek jokatuko duten martxoaren 31n Leitzako pilotalekuan eginen den finala. Lesakako Rimak Exkaxkok, Oronoz-Malerrekako Erauntsik eta Etxarri Aranazko Bilixkorrikok lortu dute asteburuan sailkatzea, hortaz hiru talde horiek izanen dira finalean.

Asteburu honetan Bardoak 2012ko bigarren faseko azken hiru saioak egin dira Leitza, Igantzi eta Barañainen, eta beste behin ere bertsozaleen erantzun ezin hobea eta saio guztietan izan den giro aparta izan dira ezaugarri nagusiak. Orain artean 23 saio izan ditu Nafarroako taldekako txapelketak eta Leitzako finalak borobilduko du talde guztiek egin duten lan bikaina.  

Larunbatean bi saio izan ziren, Leitzan eta Igantzin. Leitzako Aurrera elkartean 60 bertsozaleren aurrean Leitzaundi eta Erauntsi taldeen arteko bueltako saioa izan zen. Aurreko asteburuan gertatu zen gisara, oso saio parekatua izan zen eta azkenean Leitzaundik bildu zuen puntu gehien. Baina lehen saioa Erauntsi taldeak irabazi zuenez, desenpatera jo behar izan zen eta horren ondorioz Erauntsi taldea pasako da finalera.

Igantziko Biltoki elkartean giro paregabea izan zen Lesakako Rimak Exkaxko eta Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoak taldeen saiorako. 80 entzule inguru izan zen saioan, lehenengo afaria egin zuten eta ondoren bi taldeek bertso saioari ekin zioten. Rimak Exkaxko taldeak eraman zuen saioa eta, bigarren puntua lortuta, Leitzako finalerako zuzeneko sailkapena lortu.

Bigarren faseko azken saioa Barañainen jokatu zen, igandean. Bertako Alaitz ikastetxean merendu gozoa dastatu eta horren ostean bertso saio jendetsua izan zen, 150 lagun elkartu zen Berañaingo Beteranoak eta Etxarriko Bilixkorriko taldeen artekoa entzutera. Giro bikaina lagun, saio ona egin zuten bi taldeek. Azkenean sakandarrek irabazi zuten saioa eta finalerako txartela eskuratu.

Salgai dira Leitzako finalerako sarrerak

Dagoeneko salgai dira martxoaren 31n Leitzan eginen den Bardoak 2012ko finalerako sarrerak. Egun horretan finalera ailegatu diren hiru taldeak –Erauntsi, Rimak Exkaxko eta Bilixkorriko- arituko dira taula gainean, bederatzi bertsolari osotara. Saioa herriko pilotalekuan eginen da, arratsaldeko 17etan. Horren ostean, triki poteo bat eginen da herrian barna. Eguna amaitzeko, herri afaria izanen da Leitzako eskoletan.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean daude salgai. Horrez gain, Iruñeko Karrikiri dendan, Etxarriko Xapatero ostatuan, Leitzako Maimur liburudendan, Elizondoko Fantxiken eta Lesakako okindegian ere erosten ahal dira.

Bi sarrera mota dago salgai: saiorako, 15 eurotan; eta saioa eta ondorengo afarirako, 30 eurotan. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio bereziak dituzte: saiorako, 12 eurotan; eta saioa eta afarirako, 27 eurotan.

Saiorako zein afarirako txartelen kopurua mugatua da, hortaz horiek gabe gelditu nahi ez duenak hobe du lehenbailehen hartzea. Finalaren eta ondorengo ekitaldien inguruko xehetasun guztiak www.bardoak.com web gunean aurkituko dituzte bertsozaleek.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri