Durangaldea eta Lea Artibai lehiatuko dira 2012-03-23

BBK Sariketako finala gaur

Bilboko Kafe Antzokian izango da saioa, iluntzeko 19etan. Aurtengoa sariketaren 20. edizioa izango da. Denera 45 bertsolarik hartu dute parte, zazpi taldetan banatuta.
 BBK Sariketaren aurtengo edizioa gaur iritsiko da azkeneko saiora. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta BBKk antolatutako sariketa 20. ediziora iritsi da. Aurtengoan 45 bertsolari gaztek hartu dute parte, horietatik 8k lehenengo aldiz. Sailkapen-saioetan Arratia, Bilboaldea eta Enkarterrietako taldeak kanporatuta gelditu ostean Ipar Uribek eta Lea Artibaik eta Durangaldeak eta Busturialdeak jokatu zituzten finalaurrekoak. Azkenean Lea Artibai eta Durangaldea iritsi dira finalera. Gaur erabakiko da txapela nork jantziko duen, Bilboko Kafe Antzokian iluntzeko 19etan jokatuko den saioan. Sarrera doan izango da.

 Lea Artibaiko taldeak sariketaren 20 edizioetan hartu du parte; sei aldiz izan da irabazle eta hirutan bigarren. Finalean Nerea Ibarzabal, Josune Aramendi eta Elene Lejarzegi ariko dira 18 urte artekoen mailan eta Jokin Arbe, Eneko Arrate eta Xabier Iturraspe 19 eta 24 urte artekoetan.

 Durangaldeko harrobiak ere betidanik sortu izan ditu bertsolari onak. 20 edizioetan hartu dute parte; bitan eraman dute txapela etxera eta hiru aldiz gelditu dira bigarren. Aurtengoan Txaber Altube, Igor Uruburu eta Ane Alegria ariko dira 18 urte artekoetan eta Aitor Bizkarra, Julen Sololuze eta Eñaut Uruburu 19 eta 24 urte artekoetan.

 Finala Bernardo Mandalunizek aurkeztuko du eta Arkaitz Estiballes, Juanjo Respaldiza eta Gorka Intxaurbe ariko dira epaile lanetan. Lehenengo eta bigarren postuei dagozkien sariez gain, bizkaierarik egokiena darabilen finalistarentzat eta finalistarik gazteenarentzat ere sariak izango dira.

Albiste gehiago

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu