Bardoak 2012 Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketak, pasa den larunbatean Leitzan jokatu zen finalarekin borobildu zuen bi hilabetetako ekimena. 500 bertsozale elkartu ziren Leitzako pilotalekuan hiru talde finalisten lanaz gozatzeko eta hasiera hasieratik giro ezin hobea nagusitu zen. Bihartik aurrera Bertsoa.com-en ikusgai izango dira finaleko bertsoaldi onenak.
Bardoak 2012 Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketak, pasa den larunbatean Leitzan jokatu zen finalarekin borobildu zuen bi hilabetetako ekimena. 500 bertsozale elkartu ziren Leitzako pilotalekuan hiru talde finalisten lanaz gozatzeko eta hasiera hasieratik giro ezin hobea nagusitu zen. Bihartik aurrera Bertsoa.com-en ikusgai izango dira finaleko bertsoaldi onenak.
Arratsaldeko 17:00etan hasita, taula gainean ziren hiru taldeek, Lesakako Rimak Exkaxkok, Etxarri Aranazko Bilixkorrikok eta Oronoz/Malerrekako Erauntsik lan bikaina osatu zuten. Rimak Exkaxko taldeak irabazi zuen arren, parte hartzaile eta bertsozale guztien festa handia izan zen larunbateko saioa. Taula gainean bertsotan, bederatzi bertsolari; Rimak Exkaxko taldetik, Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Eneko Fernandez. Bilixkorriko taldetik, Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriarte eta Erauntsi taldetik, Iker Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoien. Bertsolari beteranoak batzuk, hasi berriak edo aspaldian bertsotan jardun ez direnak beste batzuk.
Taldeka egindako hasierako agurrek umorea izan zuten ardatz, dantza, antzerki, mozorro eta kantu ezagunen bertsioekin. Bertsolariek ez ezik, taldekide guztiek parte hartu zuten agurrean eta publikoak gogotik gozatu zuren. Ondoren egindako lanak ere txukun eta maila onean osatu zituzten bederatzi bertsolariek, ofizioka nola bakarka ale ederrak utziz.
Saioa bukatzeko berriz, duela gutxi zendutako Manuel Lasarte bertsolari leitzarrari omenaldia egin zitzaion. Leitzako bertso eskolako gaztetxoek eta Migel Mari Elosegi bertsolariak bertso bana kantatu zituzten eta ondotik, Jaione Olazabal abeslariak Lasartek idatzitako pare bat bertso sorta kantatu zituen, bertsozaleen gozamenerako.
Jai giro ederrean eman zitzaion bukaera finalari, talde finalisten parte hartzaile guztiak taula gainera igo zirenean eta bederatzi bertsolariek bukaerako agurrak kantatu zituztenean.
Ekimena ordea ez zen pilotalekuan amaitu. Saioaren ondotik, bertan bildutako bertsozaleekin triki poteoa egin zen Leitzatik barrena eta eskoletako jantokian antolatu zen herri afariak eman zion amaiera Bardoak 2012 ekimenari.