300 bat lagun elkartu ziren frontoian 2012-04-03

Erlezain Eguna Zegaman

Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizasok ordubete pasatxoko saioa osatu zuten arratsaldean, Unai Elizasuk gidatuta. Umore handiko saioa osatu zuten lau bertsolariek tradizio handiko plazan. Florentino Goiburu ere gogoan izan zuten.
 Urteroko saioa egin zuten igandean Zegaman, Erlezain Egunaren barruan. Arratsaldeko 18:30ak pasa berriak zirela igo ziren pilotalekuko oholtzara Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso, Unai Elizasu gai-jartzailearekin batera. 300 bat lagun gerturatu ziren saioa jarraitzera.

 Saioa nagusiki umorezkoa izan bazen ere, gai serioagoak ere gogoan izan zituzten emanaldian zehar. Hala, hasierako eta amaierako agurretan gogoan izan zuten hil berria den Florentino Goiburu bertsolari idiazabaldarra.

 Lau bertsolariak batera jarri zituen lanean Unai Elizasuk saioa hasteko. Apirilaren bata bakoitzarentzat zergatik den garrantzitsua jakin nahi izan zuen. Ondo erantzun zuten bertsolariek.

 Binakako lanak etorri ziren ondoren. Dena den, saioaren lehendabiziko gorakada Aitor Sarriegiren bakarkako ariketan iritsiko zen beharbada. Bikote harreman batetik atera eta buelta eman ezinik dabil Aitor, baina beste pertsona bat ezagutu du, eta badirudi beste pertsona hori ilusio handiarekin hasi dela harremanean. Hiru bertso sakon kantatu zituen beasaindarrak, eta lan borobila osatu zuen.

 Hortik aurrera gora egin zuen saioak. Andonik eta Aitorrek joan zen osteguneko greba egunari kantatu zioten. Irakasleak dira biak, eta ikasleek greba jai-egun arrunta balitz bezala hartu dutela ikusi dutenean kezkatu egin dira. Errealismo eta autokritika handiz kantatu zuten.

 Dena den, ofizio honen ondoren jo zuen goia saioak. Lau bertsolariak elkarri lepotik helduta jarri zituen Unai Elizasuk, prozesio batean, santua gainean dutela. Kopletan bizi-bizi kantatu zuten laurek bizkarraren mugimenduarekin erritmoari eutsiz. Lotsati antzean hasi baziren ere, ariketan aurrera egin ahala berotzen joan ziren bertsolariak, eta baita entzuleak ere.

 Saioa bukatze aldera binakako ariketak iritsi ziren berriz. Aitor eta Sebastian parrandan kokatu zituen Unai Elizasuk. Ligatze aldera desodorantea emanda atera dira biak, baina ez daukate arrakasta handirik, eta zergatiaren bila hasi dira. Umore handiz kantatu zuten biek, eta asmatu zuten entzuleak gozarazten.

 Puntukako ariketarekin bukatu zuten ordubete pasatxoko saioa. Entzuleak gustura geratu ziren entzundakoarekin.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri