"Zuri-beltzeko Auspoa" atalean Bakarne Urreagak Uztapide bertsolariaren "Lengo egunak gogoan" liburuko pasarte bat irakurriko du. Zappingak bi atal izango ditu aste honetan. Batean Anjel Aldatz eta Luzia Goñi izango dira protagonista, eta bestean Florentino Goiburu, Zeberio, Begiristain, Iraola, Mendizabal eta Igartzabal ondoan dituela. Bertso-Sopar lehiaketa ere martxan dago.
Bete-betea dator aste honetako Hitzetik Hortzera bertso programa. Larunbat bazkalostean izango da ikusgai ETB1en, albistegiaren ondoren.
Aste honetan bi bertso-saiok beteko dute tarterik zabalena. Batetik, orain dela bi aste Leitzan jokatu zen Bardoak ekimeneko finala eskainiko dute. Rimak Exkaxko, Bilixkorriko eta Erauntsi taldeak aritu ziren pilotalekuan kantuan, eta hango bertso onenak emango ditu programak. Aste honetako gonbidatuak ere lotura dauka Bardoak ekimenarekin, Miel Mari Elosegi Irurtia "Luze" bertsolari nafarra elkarrizketatuko baitu Jon Artano Izetak.
Bigarren saioa Bergaran egin zen, Erramu larunbat bezperan. Pilotalekuan kantuan aritu ziren Maialen Lujanbio, Ainhoa Agirreazaldegi, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Miren Amuriza, Josu Goikoetxea gidari zutela. Handik ere aukeraketa bat emango dute.
Bertso-saioez gain ohiko atalak ere izango ditu aste honetako programak. "Zuri-beltzeko Auspoa" atalean Bakarne Urreagak Uztapideren "Lengo egunak gogoan" liburuko pasarte bat irakurriko du. Pasarte horretan mutil-koskorretan gazteleraz ikasi zezan Zurbanora bidali zutenekoa kontatu zuen Uztapidek. Zappingak atal bikoitza izango du aste honetan. Lehendabizikoa 1991koa da, Etxalekun grabatutako irudiekiun osatutakoa. Orduko hartan Anjel Aldatz eta Luzia Goñi bertsolariak omendu zituzten. Bigarren zappingean hil berri den Florentino Goiburu agertuko da. 1990eko uztailekoak dira irudiak, Goierriko bertsolari kuadrilak Elgoibarren egindako bertso-western afarikoak. Idiazabaldarrarekin batera han ziren kantuan Zeberio, Begiristain, Iraola, Mendizabal eta Igartzabal ere.
Azkenik, "Bertso-sopar" lehiaketa jarri du martxan Hitzetik Hortzerak. Maiatzaren 12an bertso-afaria egingo da Bartzelonako Euskal Etxean. Agin Rezola eta Igor Elortza ariko dira kantuan Jone Uriak gaiak jarrita. Bi lagunek asteburu pasa ederra egin eta saioaz gozatzeko aukera emango du Hitzetik Hortzerak. Horretarako punturen bati bideoz erantzun eta HHko Facebookeko horman jarri behar da. Erantzun beharreko puntuak
interneten daude nahi izanez gero. Bidalitako bideo guztien artean zozketa egingo da irabazlea aukeratzeko.