Asier Ibaibarriaga da Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari berria, hainbat urtetan lan horretan aritu den Karmelo Uriarteren lekukoa hartuta. Karmelorengandik asko ikasi duela onartzen du. Krisia nabaritzen hasi badira ere, azpiegiturari eustea lortu dute. Aurten txapelketa urtea izango bada ere Asier Ibaibarriagak garbi dauka txapelketa erakusleiho izan arren eguneroko jardunak elikatzen duela. Epe luzera begira, lan taldeak osatzen jarraitu eta egonkortzea eta transmisio proiektuari buruzko gogoeta burutu eta ziklo osoari buruzko neurriak bideratzea dira erronka nagusiak. Horrez gain, lokal berri baten bila ere badabiltza.
Asier Ibaibarriaga da Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari berria, hainbat urtetan lan horretan aritu den Karmelo Uriarteren lekukoa hartuta. Krisia nabaritzen hasi badira ere, azpiegiturari eustea lortu dute. Aurten txapelketa urtea izango bada ere Asier Ibaibarriagak garbi dauka txapelketa erakusleiho izan arren eguneroko jardunak elikatzen duela.
-Martxoaren 10ean egin zenuten batzarra. Nolakoa izan da Bizkaian 2011. urtea? Krisiaren lehen zantzuak nabaritzen hasi garen urtea izan da. Hezkuntza Arautuko proiektuari esker, azpiegitura mantentzea lortu da eta krisi urteari eutsi zaio. Ikastolen Elkartearekin sinatutako akordioaren ondorioz, ikastetxe berri asko ditugu eta gainera, gure irakasle taldea asko hazi da urte gutxitan. 11 izatetik 15era 2010-2011ko ikasturtean. Gainontzean, ohiko jardunei jarraipena eman zaie eta besteak beste, lehen aldiz Bizkaiko bertso eskolen eguna ere ospatu da, bertso eskoletan formazioa sustatu da eta BBK sariketa eta herrietako sariketa eta ekimenei babesa eta laguntza eman zaie.
-Herrialde batean baino gehiagotan gogor eragin du krisiak. Zuek nabaritu duzue? Herrialde guztietan bezala, gurean ere eragin du. Momentuz, azpiegitura mantentzea lortu da baina hasi dugun 2012a ere tentuz ibiltzeko urtea izango da.
-Urte askotan Karmelo Uriarte izan da Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria. Nola jaso duzu lekukoa? Ni Elkartera hurreratu nintzen sasoi berean hasi zan Karmelo Bizkaiko Lehendakari lanetan. Karmelorekin estilo berri bat, lana egiteko era berri bat etorri zela uste dut. Elkartea egonkortu, lan taldea sendotu eta lanerako molde berria eraiki zen. Asko ikasi dut beregandik. Lehendakaria izateak lan eta ardura asko eskatzen ditu. Lehendakarion papera asko aldatu da. Ez gara aurkezpenetara agertzen garen ordezkariak bakarrik, egunerokoan, makina bat kontu eta betetekizun eskatzen duen jarduna da. Elkarte haundia da, eguneroko dinamika ere bai eta makina bat batzar egin behar ditut gauzak zertan diren, zelan lan egiten den eta abarrak ikasten. Lan taldea ezagutzen nabil.
-Zeintzuk izango dira 2012ko helburu nagusiak? Sailak indartu eta bete gabe zeuden zuzendaritzako sailetako arduradunak topatu eta horiekin koordinazioan hasi. Batzorde txikerra sortu da eta horri jarraipena ematea. 2013ko gure 30.urteurrena lantzen hasi eta lokal publiko handiago bat lortu Durangaldean. Sustapenari dagokionez, 2012ko Bizkaiko Bertsolari txapelketak emango digu lan gehiena eta ikerkuntzari dagokionez, Iker Tailerrak emandako emaitzak laster izango dira. Handik lehentasunak markatu, plana eraiki eta arduraduna izendatzea izango da hurrena. Horrez gain, grabatzaileen sarea eratu nahi dugu, Bizkaian antolatzen diren saio gehienak grabatzeko.
-Txapelketa urtea izango da zuentzat. Zer ekarriko dio Txapelketak Elkarteari eta, orokorrean, Bizkaiko bertsogintzari? Txapelketak berez dakar bere lana eta karga. Hura da egiten dugun lanaren erakusleiho baina eguneroko jardunik gabe, txapelketarik ez dago. Txapelketak maila eta partaidetza izan dezan, eskualdeak indartzea eta transmisio eta formakuntza planak burutzea ezinbestekoa da.
-Epe luzeago batera begira jarrita, zeintzuk dira Bizkaiko Bertsozale Elkarteak etorkizunean izango dituen erronka nagusiak? Pixkanaka lan taldeak osatzen joan beharra daukagu. Sustapenean, Ikerkuntzan, eskualde ezberdinetako jendeari parte hartzeko bideak irekiz. Transmisioko proiektuaren gogoeta burutu eta ziklo osoari buruzko neurriak bideratu eta horrez gain, egunerokoan sortzen diren erronkei aurre egin. Lan taldea egonkortzea edo lokal berriaren premia ere bai. Gaur egunekoa txiki geratu zaigu eta berri baten bila gabiltza.