Nafarroako Txapelketa 2009-02-19

Larunbat honetan jokatuko da lehenengo finalaurrekoa

Julen Zelaieta, Jon Barberena, Iñigo Olaetxea, Bittor Elizagoien, Eneko Lazkoz eta Aritz Saragueta ariko dira kantuan. Saioa Goizuetako Udaletxeko Ganbaran izango da, arratsaldeko 17:30etan.
 Nafarroako Txapelketa finalaurrekoetan sartuko da etzi. Goizuetako Udaletxeko Goiko Ganbaran izango da lehenengo saioa, eta honako bertsolari hauek ariko dira kantuan:

 Julen Zelaieta
 Jon Barberena
 Iñigo Olaetxea
 Bittor Elizagoien
 Eneko Lazkoz
 Aritz Saragueta

 Hau izango da Julen Zelaietak, egungo txapeldunak, Nafarroako Txapelketan aurten egingo duen estreinako saioa. Orain artean egin dituen saioetan "gustura" aritu dela dio, "baina txapelketa beste zerbait da". Larunbata heltzeko zain omen dago: "entrenatzen ari naiz, eta ea larunbatekoa ahalik eta azkarren pasatzen den". Entrenamenduetan "denetariko saioak" atera omen zaizkio, "baina hori normala izaten da txapelketa hasi aurretik".

 Aurtengo hau izango da txapeldun bezala parte hartuko duen lehendabiziko txapelketa. "Jendeak ez dit presiorik sartu, uste dut ni baino faboritoagoak diren batzuk badaudela, eta lasai nator, iaz bezala. Polita litzateke finalera sartzea, urtean zehar egindako saioetan horretarako moduan aurkitu baitut nire burua. Niretzat opari bat izango litzateke". Baina kanpoan geratuz gero ere ez litzateke ezer gertatuko. Pasaz gero, hori bai, saio polit bat egitera joango nintzateke".

 Berarekin batera kantuan ariko direnek saio bat egina daukate, jada, aurtengo txapelketan. Berak ez, ordea. "Orain dela hilabete desabantaila bat zela esango nuen, baina ikusita irristadak izan direla eskertzeko modukoa ere bada une honetan. Ez zait iruditzen horrek diferentzia handiegirik markatuko duenik, azken finean egin duten saioan hamar bertso bakarrik kantatu baititu bakoitzak". Berak, gainera, gertutik jarraitu du txapelketa. "Bi saio zuzenean entzun ditut eta gainerakoak internetetik; bai besteak nola dauden jakiteko eta baita txapelketako chipa sartzeko ere. Sorpresak denetarikoak izan dira, baina, sorpresa politen artean Iñaki Aleman eta Saioa Alkaiza aipatuko nituzke. Hemendik aurrera zein sorpresa izango diren esaterik ez daukat, ordea. Txapelketak esango du."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri