Donostiako Euskal Jaiak 2012-09-04
Urtero egiten dute bertso-saioa Donostiako Euskal Jaietan. Iaz Trinitate plazan izan zen baina aurten Konstituzio plazan entzun dira bertso-doinuak. Jende asko zebilen paseoan Alde Zaharrean; udako azken turistak, arratsalde-pasa Donostiara joan eta etxeratu ezinik zebiltzanak... eta nola ez, baita espreski bertso-saioa entzutera joandako bertsozaleak ere.
Hala ere, kosta zitzaion betetzea plazari. Lehenengo bertsoaldietan baziren hutsik zeuden aulkiak, zebilen haize finetik nork babestu zain. Baina bertso-saioak aurrera egin ahala, jendea gerturatu eta bukaerarako aulkiak falta entzuleak esertzeko.
Inaxio Usarraldek egin zituen gai-jartzaile lanak eta kantuan aritu ziren Sebastian Lizaso, Aitor Sarriegi, Jexux Mari Irazu, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze. Ordu t'erdiko saioa osatu zuten eta denetarik izan zen: umorea, aktualitatea, adar-jotzea...
Aipagarriena agian Maialen Lujanbiok atzekoekin osatutako bertsoaldia. Maialen Trinitate plazaren bazterrean jarri zuen Inaxiok piano zahar bat jotzen. Atzekoak poltsara dirua botatzera joan ahala, Maialenek doinu bana eskaini zien atzekoei; ederra saioa.
Gainontzean, Igor Elortza eta Aitor Mendiluzek bi elbarriren ahotik abestu zuten Joko Paraolinpikoetan parte hartzeko gogoz; Elortzak bakarka ere ondo abestu zion honako esaldi honi: "Aberatsak behartsuari lapurtzen dionean negozioa deitzen zaio; aldiz, behartsua saiatzen denean aberatsak berari lapurtutakoa berreskuratzen, horri biolentzia deitzen zaio".
Oporretara bidali zituen Inaxiok Irazu eta Mendiluze. Hango berri familiari eman behar eta horretarako Aitorrek postala bidaltzea pentsatu du; aldiz Irazuk Iphonetik mezua bidaltzea hobe dela uste. Saioaren amaiera aldera, afari erromantikoa egin zuten Lizaso eta Maialenek Donostiako Badian.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24