Gaur Iñaki Apalategi, Ander Zulaika eta Iñigo Izagirre ariko dira Elgoibarren eta Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga Zaldibarren. Bihar Irunen, Iruritan, Gasteizen, Miarritzen, Urnietan, Aizarnazabalen eta Aramaion saioak egingo dituzte. Igandean Basaurin, Mungian eta Elizondon izango dira hitzorduak.
Udazkena gerturatzen ari den arren oraindik bertso-saio ugari antolatzen dira bazterretan. Asteburu honetarako 13 ekimen daude iragarrita.
Gaur bi bertso-afari hasiko dira, biak 21etan. Elgoibarko Leku Ederren Iñaki Apalategi, Ander Zulaika eta Iñigo Izagirre jardungo dira kantuan.
Zaldibarren, berriz, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio ariko dira Goierriko auzo-etxean.
Biharko egitaraua oparoa izango da. Irungo Landetxan Jon Maia eta Alaia Martin ariko dira bertsotan.
Iruritan bertso-pilota eta bazkaria izango dira eguerdian Julio Soto eta Sustrai Colinarekin.
Miarritzen, Xilaba txapelketa girotze aldera, "Bertsolari" filmaren proiekzioa eta solasaldia egingo dituzte Royal zineman, iluntzeko 19etan hasita. Bertan izango dira Sustrai Colina eta Odei Barroso bertsolariak eta Joana Itzaina Bertsularien Lagunak Elkarteko Lehendakaria. Ondoren, 21etan, Barrosok eta Colinak bertso-afaria egingo dute Gaztetxean.
Gasteizen bi saio daude iragarrita. Alde batetik, "Fraking-Ez" Nazioarteko Egunaren barruan, bertso-saioa antolatu dute Hor Dago tabernan, iluntzeko 19:30etan hasita. Iñaki Viñaspre, Irati Anda, Ruben Sanchez eta Oihane Perea dira bertan kantatzekoak Olatz Bayer gai-jartzaile dutela.
Orduerdi beranduago hasiko da Foru Plazako saioa. Euskal Herriko dantzarien topaketa egingo dute Gasteizen, eta Asier Otamendi eta Felipe Zelaieta ariko dira bertan kantari.
Urnietan festa giroan murgilduko dira asteburu honetan, eta saio ugari izango dira datozen egunetan. Oianume jatetxean bertso-afaria egingo dute larunbatean Maialen Lujanbio eta Jon Maiak iluntzeko 19etan hasita.
Aizarnazabalgo elizan bertso-jaialdia antolatu dute gaueko 23etarako. Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña dira bertan kantatzekoak Joseba Etxeberria gai-jartzaile dutela.
Aramaion, bukatzeko, "Kopla zaharren bigarren partea" emanaldi berezia eskainiko du Xabier Amurizak Etxaguen auzoko elkartean. Ekitaldi hau ere gaueko 23etan hasiko da.
Azkenik,
iganderako beste hiru emanaldi daude iragarrita. Basauriko San Migel auzoan Arkaitz Estiballes eta Oihana Bartra ariko dira kantari eguerdiko 12etan.
Mungiako Larrauri auzoan, berriz, jai-egitarauaren barruan, bertso saioa iragarri dute plazako karpan eguerdiko 15etarako. Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes jardungo dira bertsotan.