Xilaba Xapelketako finala larunbatean. 2012-11-07

Baionako plaza bertsotan betetzeko desafioa

Larunbatean jokatuko da Xilabko finala, Bainonan: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Odei Barroso, Xumai Murua eta Maddi Sarasua arituko dira oholtzan.Antolakuntzak 2.500 bertsozale biltzea espero du eta Emile Larrek jantziko dio txapeldunari txapela. Bertsoa.com-ek zuzenean emango du final osoa.
Xiberu, Lapurdi eta Baxenabarreko Xapelketak handira jo hirugarren edizioan eta gertu da Baionako plaza bertsotan betetzeko desafioa. Altzürükü, Kanbo, Hendaia eta Donibane Garazitik igaro ondoren, Lapurdiko hiriburuan jokatuko da azken saioa: "Bi aldiz final arrakastatsuak egin ditugu Donibane Lohitzunen. Baionaren hautua egin dugu erakusteko Baionako herriari euskara hor dela eta euskaldunak badirela" adierazi du Joana Itzaina Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak.

Oholtzan, sei protagonista: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Odei Barroso, Xumai Murua eta Maddi Sarasua. Azken biak zortziko finalak izan dira eta aurten seiko taldearen aldeko hautua egin du antolakuntzak, zortziko finaleko finalek orohar dakarten luzamendua arintze aldera. Itsasuko bertsolari gaztea izango da aurtengo oholtza gaineko berritasuna, Eskolartekoa irabazi ondoren, Xilabako finalerako jauzia eman duena. Gainerako bostek badakite finalean kantatzea zer den.
"Aberastuko nauen esperientzia berri gisa hartu nahi nuke finala, maila horretako bertsolariekin kantatzea ohore handi bat izanen da" aitortu du Maddi Sarasuak. Baina, "zerbait eskain dezakedala frogatzera ere" badoa Itsasuko gaztea. Odei Barroso, egungo txapeldunordea, "gogoz eta ilusioz" doa. "Badakigu finala egun bat dela eta egun horretan egin behar dela heldu denarekin. Dena ematera joango naiz, bertsotan ahalik eta ondoen egitera". Eneritz Zabaletak ere badaki Xilabako finala zer den: "Aurten egun handi bat izanen da larunbatekoa, manifestaldi handi bat iraganen baita justu lehenago, eta azken egunetan gure etsaiek berriz ere kolpea jo digutelako. Horren aitzinean, norbere buruari behar baino gehiago ez eskatzea garrantzitsua izanen da" dio baionarrak. Xumai Murua azkaindarrak aurtengoak ahots berriak entzungo direla nabarmendu du, eta ahots berriekin batean, bertsozale berriak. "Lagunartean goaz taulara eta lagunartean jautsiko gara handik; han, ordea, bakoitzak izanen du lan bere buruarekin". Sustrai Colinak adierazi du "formaz eta mamiz inoiz egin egin dudan finalik onena" egitera doala, "hori da azkenera arte jokoan egoteko modu bakarra. Azken asteak gogorrak izan dira Ipar Euskal Herrian eta dena aldarrikapen den garaiotan besta bat eskainiko dugu finalean." Amets Arzallusen hitzetan, "Asmo kolektiboek okupatzen dute ene buruan espazio handiena. Baionako plaza euskaraz eta bertsotan beetzetea desafio handia da" bi edizioetako txapeldunaren esanetan, "bertsolarien eta bertsozaleen desafio bat, euskalgintza zabalago batena. Desafio bat aspaldi hasi zena eta larunbatean bururatuko ez dena".

Xilabako irabazleari Emile Larre bertso-saioen antolatzaile, euskaltzain, idazle eta Herriako ohorezko zuzendariak jarriko dio txapela. Joana Itzainak gogorazi du Larrek urteetan bertso saioak antolatu eta garaiko bertsolari gazteak lagundu zituela.


SEIKOTEAREN LANA (14na bertsu puntuagarri)

-8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu
-8ko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertsu
-Banaka, 2 punturi erantzun
-10eko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertsu
-Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean

BURUZ-BURUKOA (10na bertsu puntuagarri)

-6ko motzean ofiziotan binaka, hiruna bertsu
-Punttuka binaka, bakoitzak lau bertsu osatu arte
-Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean

2.500 bertsozale biltzeko helburua

Xilabako antolakuntzak 2.500 bertsozale bildu nahi ditu larunbateko finalean. Sarrerak interentez eskuratzeko: www.bertsosarrerak.eu gunean. Lauga aretoan bertan ere izango dira.

Nola iritsi

Antolakuntzak emandako gomendioen arabera, autopistatik etortzen direnentzat 5garren irteeran ateratzea da egokiena. Irteera ondorengo biribilgunean Baiona erdirantz hartu eta hortik aurrera Lauga agertzen duten seinaleak egongo dira.


Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri