Asteburuko agenda 2013-05-03

17 bertso-saio asteburuan

Gaur Gasteizen, Hendaian, Iruñean, Legazpin, Orexan, Eibarren eta Urnietan izango dira saioak; bihar Urretxun, Lasarte-Orian, Mutrikun, Eskoriatzan, Betelun eta Abadiñon eta etzi Bergaran, Orexan, Lazkaon eta Andoainen.
 Udaberri giroa iristen ari da eta, horrekin batera, gero eta beteago datoz asteburuko bertso-agendak. Astebutu honetan 17 bertso-saiotik gora daude iragarrita. Gaurtik hasita, izango da non gozatua.

 Gasteizen, Berria egunkariak 10 urte bete dituela eta, bertso-trama egingo dute Jesus Ibáñez de Matauco antzokian, iluntzeko 20etan hasita. Oihane Perea, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Andoni Egaña ariko dira kantuan Josu Goikoetxea tramagilearen aginduetara.

 Hendaian bertso-saioa egingo dute iluntzeko 21etan Mendi Zolan. Odei Barroso, Igor Elortza, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Alaia Martin eta Maddi Sarasua dira bertsotan jardutekoak. Gai-jartzaile lanetan Maddalen Arzallus jardungo da.

 Iruñean bertso-afaria dago gaurko iragarrita, Uxue Alberdi eta Iker Zubeldiarekin.

 Legazpin bertako bertso-eskolako kideak ariko dira tabernaz taberna iluntzeko 19etan hasita.

 Orexan bertso-pilota saioa egingo dute eguerdiko 12:30etatik aurrera. Jon Maia eta Beñat Gaztelumendi ariko dira pilotarien botilero lanak bertsotan egiten.

 Eibarren bertso-afaria antolatu dute Ixuan. Julio Soto eta Beñat Gaztelumendik kantatuko dute. Afaria iluntzeko 21etan hasiko da.

 Bukatzeko, Urnietan, Santa Kruz eguna dela eta bertso-bazkaria egingo dute Anjel Larrañaga eta Patxi Etxeberria bertsotan direla. Oialume Sagardotegian izango da hitzordua.


 Biharko agenda ere oparo dator. Urretxun bertso-bazkaria izango da Motz tabernan, eguerdiko 14:30etatik aurrera. Fredi Paia eta Jokin Urangak kantatuko dute.

 Lasarte-Orian saio berezia izango da bihar, bertso jaialdia antolatu baitute gaztelerazko interpretazioarekin. Gaueko 22etan izango da saioa Manuel Lekuona Kultur Etxean. Bertsotan Ane Labaka, Xabi Paya, Unai Muñoa, Jon Maia eta Andoni Egaña jardungo dira.

 Mutrikun, berriz, bertso-afaria izango da iluntzeko 21:30etatik aurrera. Agin Rezola eta Iratxe Ibarra dira bertan kantatzekoak.

 Eskoriatzan bertso-poteoa eta bertso-bazkaria antolatu dute biharko Uxue Alberdi eta Xabier Silveirarekin.

 Betelun Araitz-Betelu-Larraungo gazte eguna da bihar, eta tartean bertso-bazkaria izango da. Oskar Estanga eta Alaia Martinek kantatuko dute.

 Abadiñon bertso-poteoa eta bertso-bazkaria izango dira, 12:30etan Oxford tabernatik abiatuta. Beñat Ugartetxea eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan.


 Azkenik, iganderako beste lau saio daude iragarrita. Bergaran "Hiru, bi, zast... egizu jolas" haurrentzako emanaldia eskainiko dute arratsaldeko 18etan Zabalotegi aretoan.

 Orexan bertso-saioa antolatu dute. Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Alaia Martin jardungo dira kantuan Jokin Sorozabalen aginduetara.

 Lazkaon egun osoko saioa egingo dute Jexux Mari Irazuk eta Xabier Zeberio "Zeberio I"-k.

 Eta Andoainen pertso-poteoa dago iragarrita arratsaldeko 17etarako. Unai Muñoa eta Uxue Alberdi jardungo dira bertsotan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri