2013-05-07

Helduen mailako sorta sarituak: Vanessa, C'est moi eta Pello Mari Otaño gogoratuz

Pello Mari Otaño sariketako sorta irabazlea helduen mailan
Izenburua: Vanessa
Egilea: Nikolas Zendoia
Doinua: Leteren Habanera

Erriko jaiak zituzten,
jende guztia kalean...
Neu ere antxe nindoan berdegune egalean.
Musika-otsa zetorren
egoaize epelean,
neskatxa koitadu bat an
ari zan eginaalean,
gurpildun silla batean
zuaitzaren itzalean,
soinu-tresna bat zuela
bere eskubi aldean,
anka biak ezinduak
egoera argalean,
galtza bakeroak eta
poltsatxoa magalean.

Lepo-zapi pinttar ura
zeneraman paparrean,
uxkurrarazten zintuen
koxka ere bizkarrean.
Nioen soiñularia,
tente jarria lurrean,
txanponentzako katillu,
txuri-urdin bat aurrean.
Jendearen onginaia
ere zeneukan urrean.
Zenbat naigabe ageri
zan zure irribarrean!
Kemenez oso aul baiña
ilusioz indarrean...
Maitea, zenbat gauden gaur,
argi orren bearrean.

Jotzen zenuen txirula
biotzera zetorkidan.
Umetako pasarteak
gogorarazten zizkidan.
Soiñu-txistuen doiñuek
zuaitz azpia distiran,
betiko uxo urdiñak
antxe zenituen jiran.
Jendetza inguratu zan
entzun eta ikusmiran.
Zure musikak belarri
askotara eltzen ziran.
Guztia gurpildun sillan,
nor ez zan zutaz kupidan!
Ezindu baten aalmenak
ara zenbat aundi diran.

Etsaiaren biraoa
al da daramakizuna
edota zoritxarren bat
kaltea egin dizuna?
Alan da ere, Vanessa,
zan nabari zitzaizuna
gainditua zeneukala
soiñaren ezintasuna.
Bestela nola eskeiñi
alako emankizuna?
An zegoen zure plaza
ta gure ospakizuna.
Bagenuen zer ikusi,
bagenuen zer entzuna!
Ezindua zaitugu, bai,
baiña ez ezin dezuna.

Errukigarria zure
jarduna eta egona!
Korru eginda zeneuzkan
ainbat aitona, amona,
berdin umeak, gazteak...
Partaidetza zan danona.
Miresgarria benetan
ageri zitzaizun dona.
Gero aipatzen dituzte
Shakira eta Madonna.
Aiek dirutza daukate,
lujoa ta zoriona.
Zuri, berriz, noizko bete
katilluaren sakona?
Botatzen genizulako
txanpona eta txanpona.

Vanessa, zuri entzuten
eta begira geundela,
an pasa ziran bi moja,
abitu eta kapela.
"Buenas tardes a todos",
mintzatu ere onela:
"Échenle la limosnita",
bearra bazenuela.
Aiek ez zizuten bota,
ori bai argi nuela!
Agur-agur, mojatxoak,
sor Ines, sor Manuela.
Ziur zuk penak zeuretzat
gordetzen zenituela
ta poza adierazi
Lazkao Txikik bezela.

Aipatzen dedan zuaitza
landatu zuten antziñan.
Iru mende omen ditu
kale zaar aren ixkiñan.
Garai aietan nork pentsa
Ainbat musika bikain an
entzun aal izango zala
ezindu baten makiñan.
Zenbat mirari dagoen
zu bezelako panpiñan!
Ezin gintezke aaztu
zuaizpeko klabeliñan.
Trenean joanak giñanak
trenera itzuli giñan.
Artean ere jo ta jo,
zu antxe geratu ziñan.

Geroztik zenbat alditan
gogoratu naiz Vanessan!
Ez dakit eman genion
bear ainbeste babes an?
Ezindu aberatsena
ere bizi da pobrezan.
Baldin orrela ez balitz,
guztiontzako obe zan.
Ama bat igual zan eta
ene, ez esan, ez esan!
Zein kolore ezberdiñak
bizitzaren gazi-gezan.
Errukia ta laguntza
nunbaitetik jaso dezan,
karta au idatzi nuen
norbaitek erantzun zezan.

Pello Mari Otaño sariketako bigarren saria helduen mailan

Izenburua:  “C´EST MOI”
Egilea: Aitor Albistur
Doinua: ETAren su etenetik

Nahiz ezer distiratsurik
ez dudan egin bizitzan,
nahiz eguzkitan ondoen
egoten naizen gerizan,
nahiz itxurarik ez zaindu
metrosexualen gisan,
nahiz gosea utzi nuen
bart afaldutako pizzan,
nahiz unea ez gozatu
azken unea bailitzan,
nahiz azken hiletatik ez
naizen agertu elizan,
naizena izanda ezin
ote naiz normala izan?

Gorroto dut bizi dugun
diruaren diktadura,
banketxeekin hilero
hil arterako lotura,
interes hutsez ezarri
diguten hainbat ohitura;
alegia, bizitzea
txotxongiloen modura!
Maite dut irudimenez
hasitako abentura,
maite dut sormena eta
maite dut literatura;
hain justu, mundua alda
dezakeen guzti hura.

Sinesten dut jekerik nahi
ez lukeen harenean,
hiru laurdenak astindu
ditzakeen laurdenean,
sinesten dut beti garaiz
iristen ez den trenean,
gaurkoaren biharkoan,
atzokoaren lehenean,
sinesten dut bekatuan,
sinistu barkamenean,
sinesten dut baldintzarik
gabeko sinismenean,
sinistu beharra bera
baldintza bat ez denean.

Ez dakit nola alaitu
gure gizarte goibela,
ez dakit nola sentitu
baliotsua naizela,
ez dakit nola esan ez
mingainak bai dioela,
ez dakit nola amestu
herri libre bat garela,
ez dakit kairatu al den
Joxe Migelen batela,
baina badakit, bizitzan
ikasi dudan bezela,
ez jakiten jakitea
jakintzaren funtsa dela.

Zergatik gaude bakarrik
triste gauden egunetan?
Zergatik ez gaude pozik
nahi duguna dugunetan?
Zergatik gaude denbora
faltan hamaika unetan,
baldin faltan daukaguna
badaukagu garunetan?
Zergatik ibili behar
da argi gau ilunetan?
Zergatik tematzen gara
galderen erantzunetan,
erantzunak galderarik
onartzen ez digunetan?

Inoiz miretsi izan dut
merezi ez zuen norbait,
inoiz eskertu didate
egin nahi ez nuen zerbait,
inoiz gogor erantzun dut
eta inoiz erabat light,
bizitzan izaten diren
gorabeheren menpe nonbait...
Inoiz aldatzeko premi
itogarria piztu zait,
baina naizenaren oskol
aldaezinean darrait,
jakinda ez dela inoiz
inoiz ez izango noizbait.

Betoz momentu alaiak
eta ez bitez mugitu,
betoz esperantzak behar
bezainbeste zirrikitu,
betoz biderkatzaileak
gu ez gaitezen zatitu,
betoz aritu nahi duten
behar adina aditu…
Eta etortzen ez diren
amets hauen zain gelditu
beharrean, datozela
nahi nukeenez sentitu,
bila abiatu ohi naiz,
nahiz ez ditudan aurkitu...

Hala naiz, unibertsoan
nahiz itzaltzen den izarrik;
euskara salbatu gabe
nahiz moztu dudan bizarrik;
hala naiz, nahiz ez goretsi
Marine amerikarrik;
hala naiz, nahiz ez aditu
Jainkoaren deiadarrik;
hala naiz sortzetik, eta
ez dit sortu ezer txarrik;
hala naiz, ez hala egin
nindutelako bakarrik;
hala naiz, ez dudalako
hala ez izan beharrik.

Pello Mari Otaño sariketako aipamen berezia helduen mailan
Izenburua: PEDRO MARI OTAÑO GOGORATUZ (1857-1910)
Egilea: Julian Albistur
Doinua: Leteren Habanera


Zizurkilen jaio zinen
Errekalde baserrian:
orduko bertso-eskola
bihurtu zena herrian.
Aiton-amonak, osaba,
aita, anaia… neurrian
hitzekin bertsoak sortzen
udan nahiz negu gorrian.
Zure gaitasun apartak,
nahiz akatsa eztarrian,
maisu bihurtu zintuen
sorkuntzaren iturrian,
korapilorik gabeko
bertsoaren lokarrian
euskara bikain josia
baitzegoen oinarrian.

Errekalde utzi eta
Karidadeko benta-ra,
bertsolarien habia
bihurtuko zen hartara.
Hemezortzi urterekin
Argentinako Panpara.
Etorri… joan… itzuliz
geroago Amara-ra.
Artzain Onaren elizan
ezkondu ondoren hara:
Gas fabrikan bizi; handik
zaharreko tabernara…
Senar-emazte, semeak,
hiru jaio ziren jada:
Pasaian itsasontzian
sartuta Argentinara.

Azken bidaia hastear,
momentu hunkigarriak:
bertsoz agurtuz Txirritak,
Arregik eta Gorriak.
Otañok ezin agurtu
pasata izugarriak,
emozioak gainezka:
ahotsik ez eztarriak!
Jomugan hartu zintuzten
goxo Pehuajó herriak.
La Vasconian hasi ziren
agertzen bertso-berriak
Pedro Marik sinatuta
aldizkarian jarriak,
itsasoa zeharkatuz
honeraino etorriak.

Atlantiar Ozeano
zabalaren eragina:
hiru aldiz joateak
piztu zizun herrimina.
Beharrak eramatea
ez da oso atsegina,
halere urrun egonda
galdu gabe bertso-grina.
Bertsoak eta opera:
bazenuen zeregina;
honaino heltzen zirela,
hori da gauza jakina.
Bi herri kulturak lotu,
ezin zena imajina;
hori ez zen gertatuko
haruntz joan ez bazina.

Karlisten bigarren gerra
zital harekin hasita,
Hegoamerikarekin
geroztik beste bi zita.
Bihotzez maite zenuen
Euskal Herria utzita
familiarekin egin
zenuen azken bisita.
Hemendik ez zinen joan
euskararekin etsita,
diasporan jorraturik,
zeundelako sinetsita.
Hango bertso-paperetan
perlak daude idatzita,
hemengo bertsozaleok
dauzkagunk ikasita.

Argentinako partean
kantatuz azken agurrak,
han harrapatu zintuen
zurbil Herio maltzurrak.
Santa Fe-ko Rosarion
gelditu ziren hezurrak,
berri hoiek ziren hona
iritsitako apurrak.
Baina zure aipamenak
hemen ez ziren laburrak;
ehun ta hiru urte hilik
ta sortu zintuen lurrak
oraindik gogoan ditu
bertso sentikor samurrak.
Gaur plaza ta irudia
dira herriko ikurrak.

Pedro Mari zutaz ez da
inoiz ahaztu Zizurkil,
alde horretatik behintzat
goian egon zaitez trankil.
Zure bertsoak kantatzen
hemen jende asko dabil
eta bertsozale orok
sentitzen zaitugu hurbil.
Argentinara joanda,
lanean gogotsu, umil
gure hizkuntzan trebatzen
hango hainbat neska-mutil.
Handik iritsi zirenez
hainbeste bertso biribil,
maisua zendu zen arren
zure bertsorik ez da hil.

Orain ez pentsa galduta
dagonik bertsolaritza,
egia esatekotan
sasoi onean gabiltza.
Txirrita ezagutzeko
izan zenuenez ditxa,
beste txapeldun handiak:
Uztapide, Amuritza…
Egaña paregabea,
maisu gisan zaigu mintza.
Emakumeek lortuta
berdintasunaren giltza:
Maialen Lujanbiok du
gaur txapeldunaren hitza,
zure garaitik gaurdaino
aldatu baita bizitza.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri