2013-05-07

Diasporako sorta saritua: Pello Mari Otañoren omenez

Izenburua: PELLO MARI OTANOREN OMENEZ
Egilea: Todor Azurza
Doinua : Arratsalde on eta muxu bat – kontakizunezkoa

Lepauztaia hautsi nuenez
txirrindulaz igandean
ezin mugitu nago ni hemen
min eta minen artean
denbora azkar pasarazteko
kirolaren ezinean
ekin bertsotan aholkatu dit
nire arrebak goizean
hola hasi naiz aspaldin partez
solasean paperean
ta hemen doaz nire bertsoak
Otaňoren omenean (bis)

Zizurkileko semea dugun
Otaňotar Pedro Mari
Ameriketan izan zitzaigun
Euskararen aitzindari
bertsolaritzan ta maixu gisa
egin zuen lan ugari
altxorra dugun hizkuntza zion
Argentinari opari
lehia honekin nahi dugu eutsi
gizon honen memoriari
denok batera bihotz-bihotzez
esanaz bai Euskarari (bis)

Pedro Marin lez aita ta ama
joan ziren amerikara
ta eman zuten euskal kultura
beren maletetan hara
anai-arrebak haie eskerrak
egun euskaldunak gara
beti ere guk mintza bait dugu
etxean soilik euskara
istorio hontan paradoxa da
eta kristongo zaplada
Venezuelan ez baina Euskadin
ikastea nik erdara (bis)

Nire sorpresa itzultzekoan
gure aberri maitera
euskeran ordez zutela hemen
erabiltzen gaztelera
nahiz eta esan hobetu dela
ordundikan egoera
zabaldu bait da gure_hizkuntzaren
egungo erabilera
nire ametsik handiena da
irtetzea behin kalera
ta entzutea jenden ahotan
bakarrik gure hizkera (bis)

Soldaduskarik ez egiteko
joan nintzenetik kanpora
nire ametsa da itzultzea
etxera euskal girora
ta bitartean nik atzerritik
hau dakarzuet gogora
zazpi probintzi daude Euskadin
zortzigarrena diaspora
Euskadirentzat askatasuna
lortzea da gure froga
horretarako egin dezagun
elkarrekin denok boga (bis)

Otaňo dugu artista eta
bertsolari herritarra
limosnatxo bat eskatzekotan
bere bertsoen indarra
haren parean lehia hauetan
bait naiz ni oso baldarra
elkarrekiko antzeko dugun
euskaraz gain gauz bakarra
etxetik kanpo bizimodua
aurrera_atera beharra
ta herriminak eragindako
tristura eta negarra (bis)

Kanpoan azkar lekukotzea
da zentzuzko erregela
baina euskadin dirudi askok
hau ulertu ez dutela
aritzen dira hemen Parisen
edo Madrilen bezela
jende guzti hau da niretzako
lotsagabe ta ergela
Euskal herrian bizi izanda
nola ulertu bestela
orain artino gure euskara
mintzatzen ez dakitela (bis)

Askotan frantzes ta espainolen
ahotan dut nik entzuna
pasaporteak egiten duela
baten herrikotasuna
nolatan eman papertzar horrek
bati bere nortasuna
entzun ni ondo gogoz betiko
hemen nire erantzuna
ezin suntzitu gure lurrari
nik diodan maitasuna
ez espainola ezta frantzesa
ni nauzue euskalduna ! (bis)

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri