Pello Mari Otaño sariketako gazte mailako irabazlea.Izenburua: Bar ANA
Egilea: Maialen Akizu
Doinua: Habanera
Hiru sarraila, alarma
eta kode segurua.
Lurrean pipa azalak,
larunbateko purua.
Astelehena izan ondoren
nire ohiko asteburua.
Ez ditut ondo bereizten
ordua ta segundua.
Betiko hautsa garbituz,
ez al da lan absurdua?
Eguneroko ogia
daukadanez helburua.
Basoak trapuaz pasaz
tente altxatzen dut burua.
Barra atzetik hobeto
ikusten baita mundua.
Betiko mahi txiki baten
Aloña eta Pilare,
izan nahi dute asteko
kontu berri denen jabe.
Alkatearen alaba
omen dabil lotsagabe,
Anttonen semearekin
a ze bi kalamidade!
Aipatu dituzte mila
printzesa eta abade.
Guztiei errepaso bat
ta barre egin suabe.
Agurtu naute irrifartsu
nire keinuen mirabe.
Gaur ere doaz elkarren
berri ezer jakin gabe.
Aspaldi ikusi gabe
ta jarri naiz horren alai.
Gaztetan lagun handia
izan nuen eta Unai.
Igarri diot zegola
barrua nola hustu zai,
eta hizketan hasi zait
bisai malko gaziz blai.
Edurne izan duenez
hamar urtetan andregai,
ezkontzeko esan zion
baina honek ezetza, ai.
Kafe hutsa ta doblea
eskatu dit oso lasai.
Garbi du ta ez duela
berriz ametsik egin nahi
Arratsaldea jadanik
ta bi gazte dira sartu.
Kafe bana eskatu ta
dena ondo dut ulertu:
lehen guztia lore zena,
bihurtu zaie desertu,
irrizko hizketaldiak,
hiru esaldi behartu.
Bihotz handi ta beteak
sortua ditu bi gorpu
Ez dute elkar sentitzen
nahiz ta egon oso gertu.
Burua ezin jasota
biak garbi dira ohartu:
kafea hoztutakoan
ezin daitekela hartu.
Ohiko lez agurtua nau
Pedroren ahots otzanak,
bere ibilera makurrak
begi zulo eta kanak.
Gozotasuna ematen
dio soilik patxaranak.
Andrearen ordez ditu
jolas makinan laztanak.
Ez zaizkio lerrokatzen
pantaila aurreko bananak.
Geroan nola sinetsi
jan bazaitu iraganak?
Bera ez du ikaratzen
txanpon bakoitzaren zamak.
Galtzeko beldurrik ez du,
ezer ere ez daukanak.
Ia zazpiak pasatxo
eta sartu da Teresa.
Kafea ta egunkaria
hartzeko betiko presa.
Ernia bat bizkarrean
eta egundoko kexa
purrustadaka jarri du
paperean interesa:
Afaganistaneko gerra
odol bustita jendetza.
Tsunamiek, lurrikarek
sortu duten ezereza.
Eta hala ohartu da
nahiz ta ez egin erreza:
kikaran duen kafea
ere ez dela horren beltza.
Inazioren presentzia
ohikoa dugu gurean.
Betikoa eskatu dit
horren modu isilean.
Lau hilabete da enpresa
itxi zela ezustean.
Tabernara heltzen da eguna
pasata noraezean.
Dardarka hasi da eskua
patrika hutsean sartzean.
“Lasai, hau nire kontura!”
esan diot zuzenean.
Begiradaz eskertu nau,
eta bete nau unean:
2¤ ez dira ezer
bere irri baten aldean.
Hauxe da nire taberna
nire altxor, nire dama.
Gure amak hartu zuenetik
deitzen diote “bar Ana”.
Mila notako atmosfera
The Beatles, Fito, Zarama.
Pipiak jandako mahaiak
jaisten ez den pertsiana.
Nahiz eta askoren ustez
den errutinako lana.
Nahiz eta garbi dagoen
beltz dugula panorama.
Atea zabaltzea da
egunero nahi dudana:
berari zor baitizkiot
nire izen ta izana.
Pello Mari Otaño sariketako gazte mailako bigarren saria.Izenburua: LARUNBAT GOIZEZ
Egilea: Jon Gurrutxaga
Doinua: Izarren hautsa
Larunbat goizez jokatu nuen
nahiko partidu txukuna
pozik nengoen ta arratsaldez
genuen ikuskizuna
Miribillara lagun ta guzti
nahiz eta inork etzu(e)n nahi busti
hauxe zen nik garbi nu(e)na
ea gaurkoan Fredi izaten
den Bizkaiko txapelduna
pentsatzen nengon ta aitak bota
inork entzun nahi ez zu(e)na
Joxe hil egin al da benetan
niri kolpean une horretan
txapela bezain iluna
bihurtu zitzaidan eguna.
Kalean barna zutaz oroituz
nenbilen tristuraz bapo
amorru pixkat ere baneukan
entzun izan dudalako
ganadu artean ibiltzen dena
dela aberetik asko duena
tituluen mundurako
kale umeak hitz onik ez du
maiz baserritarrentzako
ni hala naiz ta miresmen haundi
bat badaukat zuganako
inon ez baitut ezagutu nik
zuri adarra joko zizunik
bizitzaren eskolako
katedradun zinelako.
Azeriaren begi haiekin
nola atera ergela?
badakit baina zorroztasun hark
zerbait ona zekarrela
itzali al da argitasuna?
galderak behar du erantzuna
zuk irakatsi bezela
ez da bakarrik ziri azkar bati
eten zaiola kordela
zuk azken hatsa bota orduko
ez ohartu arren bela
sorkuntza baten bide zailduak
gure kulturak ta inguruak
uste dut galdu zutela
guraso baten epela.
Zenbat alditan ote diozu
zuk billobari xuxurla
soinu txikian handitasunak
parekorikan ez du(e)la
ta hura berriz alper antzeko
beti esan arren zuk hobetzeko
jotzea dela formula
zure alabak esan dit egin
aurretik azken eztula
Uraitzek pieza bizi ta eder
bat oparitu zizula
nahiz ta hortako joera dudan
nere bizitzan Joxe nik dudan
ez dut jarriko sekula
pozik aldegin zendula.
Nire lehenengo bertsoak bi oin
ez jakinduri, ez truko
Azpeitiako Meolan gendun
eta zu zinen lekuko
nere intentzio guztia jarriz
ahots altuan kolore gorriz
ta ez nuen errimatuko
zure billoba Jon Ander egin
nuen bertsolagun hurko
hortik gutxira lehenengo plazan
biok ataka estuko
lehen bertsoa ta lehen plaza
zure begiak nire arnasa
zu ez zara oroituko
baina nik ez dut ahaztuko.
Nahiz ta bizipen asko ez izan
oroitzapenen eltzean
ze ohorea zure hiletan
lore sortari heltzean
eta malkoak bota nituen
zenbatek zenbat maite zintuen
orduan konturatzean
umiltasunak haundi egiten
zintuelako funtsean
zure txokoa izango duzu
euskaldunon bihotzean
nola hazia zenuen laga
Joxe betiko biziko zara
piztuz bertso bakoitzean
billobaren ahotsean.