Egun osoko saioak dira gehienak 2013-05-15

Hainbat saio gaur San Isidro egunez

Hondarribian Beñat Lizaso eta Aitor Mendiluze ariko dira; Asteasun Julio Soto eta Jexux Mari Irazu eta Urnietan Patxi Etxeberria eta Beñat Gaztelumendi. Astigarragan ere saioa izango da.
 San Isidro Eguna ospatuko da gaur, baserritarren eguna. Tradizioz bertsolaritzak leku handia bete izan du gaurko egunez, eta hala da gaur ere. Aitor Mendiluze gaur Hondarribian ariko da Beñat Lizasorekin, eta berak azaldu du eguna nolakoa den: "Esan dezakegu ohiko saioa, ohiko egun-pasa horietako bat izaten dela; garai bateko egun-pasa tipikoa. Goizean joan, prozesioan kantatu, mezetan ondoren pare bana bertso, ondoren amaiketakoa egin, gero bazkaritan beste bi edo hiru saio eta arratsaldean plazan beste saio bat. Polita izaten da; luzea baino polita".

 Beretzat saio berezia da gaurkoa, hamazazpigarren edo hemezortzigarren aldiz kantatuko baitu Hondarribian: "Garai batean Joxe Lizaso zenarekin joaten nintzen, orain bere biloba Beñat Lizasorekin. Niretzat egun polita da ez hainbeste San Isidrorengatik beregatik, dituen beste ezaugarriengatik baino". Behin ezaugarriak aipatzen hasita, gaiak ezin aipatu gabe utzi: "Hondarribian bereziki bazkaritara elkartzen direnak baserrietako nagusiak dira, gehienak adin batetik gorako jendea. Orduan, gehienbat gaitegi aldetik, haiengana hurbiltzeko ahalegina egiten dugu. Baserri inguruko kontuak, animali kontuak, kontrabandoa... Azken finean beraientzat gertuagokoak diren gaiak. Alde horretatik gaitegi aldetik berezia izaten da saioa".

 Dena den, Hondarribikoa ez da gaurko saio bakarra izango: Asteasun Julio Soto eta Jexux Mari Irazu ariko dira gaur eta Urnietan Patxi Etxeberria eta Beñat Gaztelumendi. Astigarragan ere saioa izango da.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu