Gasteizen, Arrasaten, Londonen, Urrotzen, Markina-Xemeinen, Andoainen, Zalduondon eta Arizkunen izango dira gaurko saioak.
Eguraldi onarekin batera, bertso-saioen udako martxa ere iritsi da. Gaurko saio ugari daude iragarrita. Gasteizen plaza libreko saioa izango da Ama Birjin Zuriaren plazan eguerdiko 13etan. Sebastian Lizaso, Oihane Perea eta Andoni Egaña jardungo dira kantuan.
Arrasaten "Bat-batean" emanaldi berezia izango da gaueko 23:30etan herriko plazan. Oskar Estanga eta Jon Martin ariko dira bertan.
Londonen "Bertso-evening"-a egingo dute iluntzeko 19etan London Fields Pub on the park-en. Igor Elortza, Jone Uria Albizuri eta Xabat Galletebeitia jardungo dira bertsotan. Londoneko Euskal Etxeak antolatu du saioa.
Urrotzen bertso-bazkaria iragarri dute bihar eguerdiko 14etarako. Julio Soto eta Iker Zubeldia dira bertan kantatzekoak.
Markina-Xemeinen bertso-desafio triangularra izango da Markina-Xemeingo Bertso-Eskolaren, Zestoako Bertso-Eskolaren eta Zarauzko Bertso-Eskolaren artean. Iluntzeko 19etan izango da saioa, Gaztetxean.
Andoaingo Martin Ugalde parkean Berria egunkariaren 10. urteurrena ospatzeko jaia antolatu dute egun osorako. Tartean, eguerdiko 12etatik aurrera, Arrate Illaro, Odei Barroso eta Beñat Gaztelumendi jardungo dira bertsotan.
Zalduondon, "Arabako Bertso-Eskolek 11 opari" zikloaren barruan bertso-bazkaria izango da Imaz tabernan eguerdiko 14:30etan. Honako bertsolari hauek ariko dira kantuan: Bittor Agirre "Bitxi", Iñaki Azarola, Euxebio Igartzabal, Oier Suarez, Iker Pastor, Jon Ruiz de Pinedo, Egoitz Iradier eta Irati Ruiz de Pinedo.
Markina-Xemeinen Goizaldeko bertsolari txapelketa izango da.
Arizkunen, azkenik, triki-bertso-poteoa antolatu dute arratsaldeko 18:30etarako. Ostaturik ostatu ibiliko dira bertsolariak.
Biharko beste 9 saio daude iragarrita. Musikzen bertso-jaialdia izango da eguerdiko 13etan San Juan Plazako berdegunean. Jon Maia eta Iratxe Ibarra ariko dira kantuan Josu Goikoetxearen aginduetara.
Arizkunen "Bertso-Pilota" emanaldi berezia izango da iluntzeko 19etan frontoian. Julio Soto eta Julen Zelaieta dira bertan kantatzekoak.
Arratzun bertso-txakoli kata egingo dute eguerdiko 13etan Beñat Ugartetxeak eta Arkaitz Estiballesek.
Mendatan ere ordu berean izango da saioa, plazan. Jon Enbeita, Ireneo Ajuria eta Xabier Amuriza ariko dira bertsotan.
Donostian libreko saioa egingo dute eguerdiko 12etan Amaia Agirrek eta Beñat Gaztelumendik Konstituzio plazan.
Tolosan, Zerkausin, San Juanetako bertso-saioa izango da iluntzeko 19:30etan. Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Amaia Agirre eta Iker Zubeldia jardungo dira bertsotan.
Getarian gaueko 22etan izango da saioa Balentziaga Kaleko Karpan. Alaia Martin, Amaia Agirre, Iker Zubeldia eta Danel Olano dira bertan kantatzekoak Iker Iriarteren esanetara.
Ondarroan iluntzeko 19etan izango da saioa. Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga ariko dira plaza librean.
Bukatzeko, Garain eguerdiko 12etan Momoitiko San Juanen izango da saioa. Eñaut Uruburu, Garikoitz Sarriugarte, Txaber Altube eta Iruri Altzerreka dira bertan kantatzekoak.