Agenda 2013-09-06

20 saio izango dira asteburuan

Gaur Alkizan, Mutrikun, Zarautzen, Elgoibarren eta Sukarrietan izango dira hitzorduak; bihar Donostian, Lemoan, Eibarren, Izurtzan, Oitzen, Bedaion eta Iruñean eta etzi Elorrion, Eibarren, Sabadellen, Zestoan, Munitibarren eta Ezkio-Itsason.
Bete-betea dator asteburu hau ere. Denera 20 saio daude iragarrita. Gaur urteroko jaialdia egingo dute Alkizako plazan gaueko 23etan. Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Jon Maia eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan Amaia Agirre gai-jartzaile dutela.

  Mutrikun Kalbaixuak ospatzen ari dira eta bertso-jaialdia egingo dute han ere gaueko 22:30etan Miruaitz frontoian. Unai Iturriaga, Alaia Martin, Nerea Elustondo eta Iker Zubeldia jardungo dira Aitzol Astigarragaren esanetara.

  Zarautzen Lizardi Sariko finala jokatuko da gaueko 22etan Modelo aretoan, Ane Labaka, Asier Azpiroz "Azpi", Amaia Iturriotz, Oier Aizpurua, Gema Urteaga eta Eneritz Artetxe sailkatu dira finalerako.

 Elgoibarren San Antolin jaiak ospatzen ari dira eta bertso-afaria izango da iluntzeko 21etan. Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi dira bertan kantatzekoak.

  Azkenik, Sukarrietan ere festetan dira eta bertso-saioa iragarri dute iluntzeko 21:30etarako Kanalako frontoian. Beñat Ugartetxea eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan Mikel Retolaza gai-jartzaile dutela.


  Biharko ere hitzordu-sorta oparoa dago iragarrita. Donostian, urtero bezala, bertso-saioa egingo da Plaza Berrian gaueko 22:30etan. Julio Soto, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Beñat Gaztelumendik kantatuko dute. Unai Elizasu izango da gai-jartzailea.
 
  Ez da, ordea, Donostian egingo den saio bakarra izango. Bihar Sagardo Eguna ospatuko denez libreko saioa egingo dute Plaza Berrian Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak goizeko 11etan.

 Ondoren, eguerdiko 14etan, bertso-bazkaria izango da Alde Zaharreko Arrano Elkartean. Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi jardungo dira bertsotan.

 Lemoan bertso-bazkaria egingo dute Gaztetxe azpiko zelaian eguerdiko 15etan hasita Miren Amuriza eta Xabier Silveira bertsotan direla.

 Eibarren bertso-afaria antolatu dute Kantabria jatetxean, iluntzeko 21etarako. Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia eta Andoni Egaña dira bertan kantatzekoak. Asier Ibaibarriaga izango dute gai-jartzen.

 Izurtzan plaza libreko saioa egingo dute Santo Tomas auzoan eguerdiko 12etan. Eñaut Uruburu, Garikoitz Sarriugarte eta Aitor Bizkarrak kantatuko dute.

 Bedaion haur eta gazteei zuzendutako "Galtzagorriei to, Iñaxito!" haurrentzako emanaldia izango da arratsaldeko 18etan plazan.

 Azkenik, Iruñean Euskaldunon Astea ospatzen ari dira, eta triki-bertso-poteoan bertsotan ariko dira Aimar Karrika eta Saioa Alkaiza arratsaldeko 18etan.


 Etzi, bukatzeko, beste 6 saio daude iragarrita. Elorrion herriko plazan ariko dira Jone Uria, Jon Maia eta Fredi Paia. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da saioa eta Maite Berriozabal izango dute gai-jartzaile.

 Eibarren, Arrateko jaietan, librean ariko dira belardian egun osoz Juan Mari Narbaiza eta German Meabebasterretxea. Meza ondoren egingo dute lehenengo saioa, 13:30etan bigarrena eta 17etan azkena.

 Sabadellen "Concurs de Garrotins" izango da, eta tartean bertsolariek ere kantatuko dute. Iluntzeko 21etan izango da saioa.

 Zestoan bertso-pilota saioa izango da arratsaldeko 18etan kiroldegian. Amets Arzallus eta Jokin Urangak kantatuko dute.

 Munitibarren jaiak ospatzen ari dira eta bertso-saioa iragarri dute iluntzeko 19etarako Gerrikaitzeko plazan. Julio Sotok eta Xabier Silveirak kantatuko dute.

 Azkenik, Ezkio-Itsason ere Kizkitzako jaiak ospatzen ari direnez, bertsolariak egun osoz ariko dira Mandubian.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri