Txapelketa Nagusia Markina-Xemeinen 2013-10-05

Zer diote Markina-Xemeinen kantatuko dutenek?

Arkaitz Estiballesen ordez Eneko Abasolo "Abarkas"ek kantatuko du Markina-Xemeinen. Bera eta beste bost bertsolariak saio hasi aurreko orduetan nola aurkitzen diran jakin nahi izan dugu.
Arkaitz Estiballes Bizkaiko txapelduna zen Markinan bete bost lagunekin batera kantatzekoa, baina uko egin dio parte hartze horri eta beste bizkaitar batek Eneko Abasolo "Abarkas"ek ekingo dio saioari. Iurretarrak osatuko du beraz pilotalekuan arituko den seikotea Ezustean harrapatu du Eneko albisteak, baina aurre egingo dionaren uste osoa du. "Nahiko sustoa hartu dut, baina, ni saiatuko naiz eta ea saio polita egiten dugun. Txapelketan parte hartzen duten Durango inguruko beste bertsolariekin aritu naiz entrenamenduetan, haiei laguntzen edo… eta ea orain ni nila nagoen".

Guztira lau bizkaitar daude saioan eta horietako bat Beñat Ugartetxea beteranoa, baina arraroa badirudi ere, bere lehen Txapelketa Nagusia izango du aurtengoa. “Sailkatzekoa zen aurreko Bizkaikoan ez nuen parte hartu eta 2004koan berriz, juxtuan ez nintzen sartu”. Horregatik akaso aurtengoak ilusio handia egiten dio. “Polita izango da hor egotea. Ni ondo nago. Ahalegina egin dugu azken bolada honetan. Saiatu gara, eta ea gero oholtza gainean hori irteten den”

Beteranoen zerrendan jarraitzen badugu, Onintza Enbeitaren izenarekin egiten dugu topo. Muxikarraren hirugarren txapelketa izango da hau. Orain zortzi urte indartsu sartu zen Uztaritzen (nahiz eta ez sailkatzea lortu) eta duela lau urte finalerdietan aritu zen. Oraingoa ere ilusioz handiz hartu zuen urte hasieran. Denborak aurrera ordea, orain hanka bat hemen eta bestea Madrilen harrapatzen du Onintza. “Entrenatzeko aukera bai izan dut, baina bolada askotan burua bete samar eta batzuetan urrun bertsoetatik. Hala ere, Txapelketa Nagusia berezia izaten da, zerbait magikoa du honek eta aukera gozo hau aprobetxatzen saiatuko naiz”

Eta laugarren bizkaitarra, gazteena izanda ere ez da aurpegi berria Nagusian. Duela lau urte txapelketa itzela egin zuen Jon Uriak, finalerdietan kantatu zuen, eta hori darabil orain bueltaka buruan “Aurrekoan nora nindoan ez nenkien eta oso ondo atera zen, eta oraingoan marka berdintzea joan beharko dut. Hori nahi dut behintzat. Saio ederra tokatu zait Markinan, eta horrela ateratzea espero dut” Markinako saioak lau debutante izango ditu.

Lehen aipatutako Abarkas eta Ugartetxeaz gain, Agin Laburu gipuzkoarra eta Eneko Fernandez nafarra. Lesakarra oso berria da plazatan, txapelketan. Aurten bertan jokatu baitu bere bakarkako lehen txapelketa herrialdean eta txartela lortu. Orduan bezala, sailkapenerako helburu finkorik gabe omen dator Euskal Herrikora “Pretentsio handirik gabe. Badakit hau koxka handia dela, baina ni entrenatzen ongi aritu naiz eta orain nere maila erakutsi nahi nuke. Egunak aurrera joan ahala nabari da tentsioa goraka doala”.
Astigarragakoa dugu beste aurpegi berria Txapelketa Nagusian. Agin Laburu Gipuzkoakoan finalean egonda dator, eta orduan bezala bere bertsokera erakutsi nahiko du.

Prest daude beraz larunbaterako. Bertso saioaren aurretik bada ordea ospakizuna eta festa Markinan Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko hirugarren edizioa izango da bertan egun osoz. Eta esandakoa, arratsaldeko 17:30ean pilotalekuan sei bertsolari; Durangaldeko, Algortako, Hernaniko, Baztango, Mallabiko eta Garrikoko bertso eskolakoak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri